Eva Ugal eta Samara Jimenez ama-alabek elkarretaratze batean Iruñeko denda batean jasandako eraso arrazista salatu dute. «Lapurtzat hartu gaituzte ijitoak garelako». Dendako arduradunen eta polizien tratua kritikatu dute. Ijitoen aurkako jarrerak «normalizatzeari» uzteko eskatu dute.
Edurne Elizondo
Nahikoa da. Ezin dugu horrelako erasoak onartzen jarraitu”, Ijito herriaren banderari eutsi, eta Iruñeko Orreaga etorbideko seigarrenean dagoen Druni dendaren aurrean jarri dira Eva Ugal eta Samara Jimenez ama-alabak. Ez dira bakarrik; jaso dute zenbait elkarteren —SOS Arrazakeria, Ijitoen Idazkaritza fundazioa, Ijito elkarteen Gaz Kalo federazioa eta La Majari elkartea— eta herritarren babesa. Urtarrilaren 3an denda horretan jasandako eraso arrazista jendaurrean salatzeko urratsa egin dute bi emakumeek.
Elkarretaratze bat antolatu dute —joan den ostiralean egin zuten—, gizarteari mezu garbi bat helarazi nahi diotelako: “Ijitoen kontrako jarrerak normalizatu ditugu, baina hori egiteari utzi behar diogu. Ezin dugu horrelako jarrerarik onartu”, berretsi du Eva Ugalek.
SOS Arrazakeria erakundeko kideek nabarmendu dute dendetan sufritzen duten jazarpena dela ijitoen aurkako erasorik “ohikoena”. Gehienek, baina, ez dute salatzen. “Dendan sartu bezain pronto, ijito gisa identifikatzen dituzte, eta haien kontrako jazarpena hasten da”, kontatu du SOS Arrazakeriako kide Flavia Navarretek. Urtarrilean, hain zuzen, gisa horretako hiru erasoren berri jaso dute bulegoan.
Eraso gehienetan “patroi bera” errepikatzen dela azaldu du Navarretek: “Gertutik zaintzen dituzte; lapurreta egozten diete, alarmak jo gabe edo kamerak begiratu gabe; eta Poliziari deitzen diote”. Ijitoek sufritzen dituzte gisa horretako erasoak gehienbat, baina afrikar jatorrikoei eta pertsona arrazializatuei ere “jazartzen” zaizkiela salatu du Navarretek. “Ikertu beharko litzateke ezaugarri jakin batzuk dituztenei segika ibiltzeko agindurik ote duten dendetan”.
Emakumeen aurka
Nafarroako ijito elkarteen Gaz Kalo federazioko ordezkari Ricardo Hernandezek zehaztu du emakume ijitoek bereziki sufritzen dituztela eraso arrazistak dendetan. Uste du, baina, gauzak aldatzen hasi direla. “Emakumeak hasi dira nahikoa dutela erraten, eta neska gazteak mezu hori jasotzen ari dira: ez dituztela haien kontrako erasoak normalizatu behar, alegia”.
Urtarrilaren 3an sentitu zuen “lotsa” oroitu du Ugalek, Druni dendaren aurrean egindako elkarretaratzean. “Lapurtzat hartu gintuzten; Poliziak karrikan miatu gintuen, jende pilaren aurrean”. Lotsa baino sakonagoa da, hala ere, sufritutako bidegabekeriak eragindako mina. “Suminduta nengoen, ezintasunak amorratuta”.
Urtarrilaren 3ko 19:30 aldera sartu ziren Ugal eta Jimenez Orreaga etorbideko Druni dendan. Kolonia bat erosi nahi zuten. “Kolonia bat eskatu genuen, baina ez zitzaigun gustatu, eta hura utzi, eta bertze bat hartu genuen, erosteko”. Dendako langile batek lehendabiziko kolonia non zegoen galdetu zien, orduan. Utzi zutela erantzun zioten. “Orduan, langile batek bertze bati erran zion kamerak begiratu beharko zituztela”, aipatu du Ugalek. Ordaintzeko mahaira ailegatu zirenean, ikusi zuten dendan lau udaltzain zeudela. “Ez genuen pentsatu guregatik deitu zituztela, baina ordaindu eta dendatik atera bezain pronto, guregana etorri ziren. Poltsetan genuen guztia ateratzeko agindu ziguten. Aurretik egindako erosketen tiketak ere begiratu zituzten, banan-banan”.
“Poltsikoan nuen nire ezpainetako margoa; udaltzain batek linterna batekin begiratu zuen, berria ote zen ikusteko. Nirea zela erran nion, behin eta berriz, baina nire hitza zalantzan jartzen zuen”, gaineratu du Samara Jimenezek.
Alabaren hitzek hunkitu dute Eva Ugal. “Alaba eraman zuten lehendabizi miatzera; ilea ere begiratu ziguten”. Ugalek gogoratu du jasaten ari ziren erasoa bidegabea zela aurpegiratu ziela udaltzainei; eraso arrazista bat zela. “Baieztatu zutenean ez genuela deus lapurtu, lasai egonen ote ginen galdetu ziguten; alde eginen zutela zalapartarik sortzen ez bagenuen. Bakar batek eskatu zigun barkamena”.
Ugalek ezin izan zuen erreklamazioa jarri erasoa sufritu zuten egun berean. “Dar-dar batean nintzen. Orria etxera eraman nahi izan nuen, baina ez zidaten utzi”. Elkarretaratzearen eguna baliatu du Ugalek erreklamazio hori egiteko. Protestan parte hartu dutenak dendan sartu dira ama-alabekin, babesa ematera, baina Espainiako Poliziak aterarazi ditu. Elkarretaratzea hasi denetik egon da polizien furgoneta Orreaga etorbideko izkina batean. Dendako arduradunak eskatu die jendea kanporatu dezatela. Druniko arduradunak, baina, ez du inolako azalpenik eman nahi izan ijitoek salatutako erasoari buruz. “Ez dakigu ongi zer gertatu den. Dena ongi aztertu arte, ezin dugu deus erran”, azaldu du. Ugalek nabarmendu du ez dutela baztertu auzitara jotzeko aukera.
Poliziaren rola
Ijitoek dendetan sufritzen dituzten erasoetan Poliziak betetzen duen rola nabarmendu dute SOS Arrazakeriak eta Gaz Kalo federazioak. Abuztuan gertatu zena oroitu dute: familia bereko zenbait emakume ijitok eraso arrazista bat sufritu zuten Iruñeko Karlos III.aren etorbideko Primor dendan, eta elkarretaratze bat egin zuten, salatzeko. Kontatu zuten segurtasun arduraduna segika izan zutela dendan; dendariek deitu zutelako agertu zirela udaltzainak; eta dendatik kanpo, alarmak jo ez arren, miatu egin zituztela.
“Zenbaitetan, dendarien eta polizien erasoa sufritzen dugu”, erran du Gaz Kaloko Ricardo Hernandezek. Txalotu egin du salaketa publikoa egin nahi izan dutenen jarrera, eta garbi du abuztuko erasoaren berri emateko egindako elkarretaratzeak bultzatu duela, nolabait, Ugalek eta Jimenezek egin duten urratsa.
SOS Arrazakeria erakundeko Flavia Navarretek ere garbi du erasoak jendaurrean salatzeak laguntzen duela “erasoak betikotzen dituzten dinamikak” apurtzen. Ijitoek nahikoa dutela erran dute. Salatzen segituko dutela.
E. Elizondo
Iruñeko Alde Zaharreko La Majari ijito elkarteko kidea da Yolanda Amador (Iruñea, 1966). Ijitoek euren aurkako zenbait eraso “normalizatu” dituztela azaldu du, eta badela dinamika hori apurtzeko garaia.
Ijitoen aurkako bertze eraso bat salatu dute. Anitz dira salatzen ez direnak?
Anitzek uste baino anitzez ere ohikoagoak dira gisa horretako erasoak. Kontua da normalizatu egin dugula, baina ez genituzke horrelako gertaerak normaltzat hartu behar.
Inportantea da salatzea?
Bai, garbi uzteko ez dugula zertan horrelako erasoak jasan. Ezin ditugu ohikotzat jo.
Irailean, abuztuan gertatutako eraso bat salatzeko elkarretaratzea izan zen, Iruñean; orain, bertze bat. Gauzak aldatzen ari dira?
Baietz uste dut. Eta horrek pozten nau. Ez da bidezkoa denda batean sartu, eta langileak gure atzetik ibiltzea denbora guztian. Hori ezin dugu onartu. Bada garaia barneratu dugun arrazakeria mota hori agerian uzteko.
Zuen elkartera jotzen du jendeak halako erasoak salatzera?
Bai. Urtea hasi zenetik, bi salaketa jaso ditugu. Jende gutxik salatzen du, oraindik; gainera, salaketa jartzen denean, gehienetan auzia artxibatu egiten dute. Ondorioz, jendeak nahiago du bide horretan ez sartu. Kontrakoa egin beharko genuke, nire ustez.
Gehiago salatu?
Bai; auzitegietara salaketa gehiago ailegatzen badira, arazo hau kontuan hartzen hasiko dira, akaso. Elkarteko erabiltzaileei salatzeko eskatzen diegu.
Salaketa publikoa ere behar da?
Hori hagitz inportantea da, eta beharrezkoa, herritarren aurrean egoera hau guztia ikusgai jartzeko.
Jendaurrean salatutako bi kasuetan, Poliziak esku hartu zuen. Alarmak jo ez arren, ijitoak identifikatu eta miatu zituzten.
Poliziak ere ijito izateagatik egiten du ijitoen kontra. Hor ere bada lan handia egiteko. Halakoetan, dendarien bertsioa ontzat ematen dute, galdetu gabe. Hori aldatu behar dugu.
Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku.