Kattalingorrik kudeatu du Kattalingune, Nafarroako Gobernuak iaz zerbitzua esleitzeko lehiaketa antolatu zuen arte. Kattalingorri ez zen aurkeztu, Arraitz Koch langile ohiaren hitzetan, «baldintzak» salatzeko.
Edurne Elizondo
Lau urte eta erdiz aritu da Arraitz Koch (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1968) Kattalingunen lanean, Iruñean. Komunikazio teknikaria izan da LGTBI kolektiboa artatzeko zerbitzuan, baina Nafarroako Gobernuak egindako murrizketek karrikan utzi dute, lantaldeko bi sexologorekin batera. Zerbitzua “suntsitzen” ari direla salatu du Kochek: “Alde bateko erabaki politiko bat izan da”.
Noiz jaso zenuten Nafarroako Gobernuak egin nahi zituen murrizketen berri?
Abenduan jaso genuen zerbitzuak aurrerantzean izanen dituen baldintzen berri. Nafarroako Gobernuak erabaki zuen lehiaketa publikoa egitea, eta gu horrekin ados gaude. Arazoa ez da hori. Ezarri dituzten baldintzak dira arazoa. Egoera, halere, lehenago hasi zen okertzen.
Noiz?
Pandemia hasi zenean. Lan guztia online egin behar genuen, eta Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusitik debekatu egin ziguten webgunea eta sare sozialak erabiltzea.
Zergatik?
Oraindik ere ez dakigu. Guretzat, webgunea oso garrantzitsua zen sentsibilizazio lana egiteko; galera handia izan zen, sare sozialen bidez heltzen baikinen gazteengana. Nire lankide sexologoek testu pedagogikoak jartzen zituzten webgunean, eta sare sozialen bidez zabaltzen genituen. Kolektiboa ikusgarri bilakatzeko eta gure baliabideen berri emateko erabiltzen genituen.
Nola baldintzatu du erabaki horrek zuen lana?
Hasi ginen lan hori egiten bestelako euskarriak baliatuz: posta elektronikoaren bidez, Whatsapp eta Telegram aplikazioen bidez. Nafarroako LGBTI agenda osatu genuen, kolektiboen eta erakundeen ekinaldien berri emateko. Orain, hori ez dago, komunikazio teknikaria kaleratu baitute.
Zu, alegia.
Ni, eta bi sexologo.
Zazpi langileetatik hiru kaleratu dituzte. Zer ondorio izan du erabaki horrek zerbitzuan?
Kattalingune sortu baino lehen, duela 25 urte inguru, Kattalingorrik hartu zuen bere gain LGTBI kolektiboa artatzeko ardura. Lan boluntario bat egin zuen, besterik ez zegoelako. 2016an, diru laguntza bati esker, Kattalingune zerbitzua jarri zuen martxan Nafarroako Gobernuak, eta Kattalingorrik kudeatu zuen. Laguntza hori handituz joan zen, eta, horri esker, garatu eta hazi egin zen Kattalinguneko lantaldea, bai eta eskaintzen zuen zerbitzua ere. Orain, hori guztia kolokan da.
Iruñean hasi, baina zenbait herritan da orain zerbitzua: Tutera, Irurtzun, Lizarra eta Tafallan. Hori galduko da?
Landa eremuari bereziki eragin dio gobernuak hartutako erabakiak, zerbitzua berriz ere zentralizatu egin duelako. Guretzat urrats oso inportantea izan zen Iruñetik ateratzea eta zenbait herritara ailegatzea, ez baita gauza bera LGTBI kolektiboko kide izatea hiri batean edo herri txiki batean. Orain, hori galdu dugu, eta Iruñeko langile batek ibili beharko du herriz herri, lehen lau pertsonak egiten zuten lana egiten. Zaurgarrienak dira galtzaile, ezin baita kalitatezko zerbitzu bat bermatu.
Zerbitzua hazi eta garatu delako erabaki zuen Nafarroako Gobernuak lehiaketa publiko baten bidez esleitzea?
Hala da. Eta guk hori ez dugu gaizki ikusi. Lehiaketa horren bidez zerbitzuari jarri dizkioten baldintzak izan dira arazoa. Gobernuak dio artatzen dugun herritar kopurua kontuan hartuta lau langile nahikoa direla. Ez dute kontuan hartu arreta zuzenaz gain egiten dugun gainerako lan guztia. Ezarri dituzten baldintzek zerbitzua suntsitu besterik ez dute egin.
Zergatik egin dute hori? Zer arrazoi eman dizuete?
Duela hiruzpalau hilabete erran ziguten ezingo genuela diru laguntza nominatiboaren sistemarekin segitu. Lehiaketa publikoaren baldintzak abenduan ezagutu genituen, eta zur eta lur gelditu ginen: ordutegia zabaldu dute, eta aurrekontua eta lantaldea, berriz, murriztu. Ezinezkoa da baldintza horietan lan egitea. Horregatik erabaki genuen lehiaketara ez aurkeztea, zintzotasunagatik. Hasieran ez genuen ulertzen zer gertatzen ari zen. Orain, uste dugu Kattalingorri bazter uzteko egin dutela egin duten guztia.
Kattalingorri bazter utzi, zer asmorekin?
Egiten genuen zuzeneko arretarako lau langile nahikoa direla esan du gobernuak. Gainerako lana ez dute kontuan hartu, eta, gainera, hori baieztatzeko dituzten datuak eskatu ditugunean, ez dizkigute eman. Nafarroako Parlamentuko taldeek ere eskatu dituzte, baina ez dituzte eman. Dena da iluna eta zikina. Alde bateko erabaki politikoa izan da. Hutsaren hurrengotzat hartu gaituzte, behin eta berriz. Gure ustez, haien asmoa da kontrola beraien esku hartzea. Baina ez dugu oso ondo ulertzen.
Orain, zerbitzua Gizain enpresa publikoaren esku dago. Zer deritzozue?
Ez zaigu gaizki iruditzen. Lehiaketara ez da inor aurkeztu, eta Gizain ari da. Arazoa ez da nork kudeatzen duen, baizik eta zerbitzua hondatzen ari direla. Egindako lana suntsitzen ari dira, eta hori da ulertzen ez duguna. Zergatik jokatu dute jokatu duten moduan? Hori da kontua.
Bertze LGTBI eragileen babesa jaso duzue?
Bai, eta manifestazio bat prestatzen ari dira. Otsailaren 25ean izanen da, Iruñean. Salatu behar dugu gertatzen ari dena, larria baita, are gehiago oraingo jokalekuan.
Zer erran nahi duzu?
Erasoek gora egin dute; LGTBIfobiak gora egin du, eta gorroto diskurtsoak zabaltzen ari dira. Egoera hori da, eta, ondorioz, guztiz beharrezkoa da Kattalingunek orain arte eskaini duen zerbitzua. Ez dugu ahaztu behar giza eskubideez ari garela.
Oraingo egoerari buelta emateko aukera bada?
Min handia egin dute, zerbitzuak hilabete baitarama geldirik. Oinarrizko arreta baino ez dira eskaintzen ari. Beste LGTBI kolektiboak ere minduta daude, eta kezkatuta. Proiektua puskatu dute, eta ez dakigu Gizainek, orain, zer egingo duen, zer eskatu dioten. Ziurgabetasuna handia da. Atzera egin dugu, nabarmen.
Zer egin nahi duzue?
Inportantea da herritarrek jakitea zer gertatzen ari den. Informazioa zabaldu nahi dugu, gizarteak garbi izan dezan ezin dugula Kattalinguneren gisako zerbitzu bat galdu. Urte askotako lana izorratu nahi dute.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.