Bide bat tren mota guztientzat

Bide bat tren mota guztientzat

Nafarroako Trenaren Alde plataformak tren publiko eta sozial baterako bere proposamena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Egungo trenbidea «egokituta eta hobetuta», AHTak duen aurrekontua %45 murriztuko luke.

Edurne Elizondo

Eztabaidak ez du zentzurik, baldin eta helburua ez bada beharrezkoa ez den zerbait eraikitzeko asmoari eustea, nola edo hala”. Horixe erran du Nafarroako Trenaren Alde plataformako ordezkari Mikel Santamariak, Iruñean, Nafarroako Parlamentuan. Plataformak tren publiko eta sozial baterako bere proposamena aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Batzordeko kideen aurrean, duela astebete; Navarra Sumako, Geroa Baiko eta PSNko parlamentariek abiadura handiko trenaren kontrakotzat jo dute plataformak erdigunean jarritako alternatiba, eta AHTaren aldeko euren konpromisoa nabarmendu dute. “AHTaren aldeko edo kontrako eztabaida horrek ez du zentzurik; ez da hori guk parlamentura ekarri nahi dugun auzia”, berretsi du Santamariak. Eta azaldu du zergatik: “Aurkeztu dugun proiektuak egungo trenbidea egokitzea proposatzen du, tren mota guztientzat”.

Ferrandis, Ordoñez eta Santamaria, parlamentuan. Iñigo Uriz / Foku.

Hau da, abiadura handiko trenarentzat ere bai, “nahi izanez gero”, Santamariak azaldu duenez, “baina AHTarentzako propio trenbide berri bat eraiki gabe , eta, ondorioz, anitzez ere diru gutxiago gastatuta —%45 gutxiago, hain zuzen ere—, eta ingurumenean kalte txikiagoa eraginda”. Santamariarekin batera, Espainiako Estatuko tren publiko, sozial eta jasangarri baten aldeko plataformen koordinakundeko bozeramaile Jose Luis Ordoñez eta Valentziako (Herrialde Katalanak) CGT sindikatuko kide eta tren gidari Juan Ramon Ferrandis izan dira Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan.

Santamariak, Ordoñezek eta Ferrandisek egungo klima larrialdiaren jokalekuan kokatu dute trenaren inguruko eztabaida, eta, testuinguru horretan, plataformak aurkeztutako proposamena “bideragarria eta jasangarria” dela nabarmendu dute. Santamariak azaldu du plataformak bere proposamena garatzeko asmoak oinarri duela Adif eta Renfe enpresetan ordezkaritza duten sindikatu guztiek duela urte eta erdi hitzartutako akordioa: “Helburua zen Nafarroako egungo trenbidea moldatzeko eta hobetzeko proposamen bat egitea, tren mota guztientzat, eta hori da parlamentuan aurkeztu duguna”.

Burgos-Gasteiz-Iruñea

Gakoa hori da, parlamentuan agerraldia egin duten eragileen hitzetan, Nafarroako Trenaren Alde plataformak aurkeztutako proposamenak egungo trenbidearen %90 baliatzen baitu. Kimetz Munitxa, David Andres eta Ignacio Rubin bide, ubide eta portuetako ingeniariek egin dute txostena.

Zehazki, Burgos (Espainia), Gasteiz eta Iruñea lotzen dituen trenbidea ikertu dute hiru ingeniariok —Burgos-Gasteiz, Gasteiz-Iruñea eta Iruñea-Castejon zatiak—. AHTaren proiektuekin alderatu dituzte egungo trenbidea moldatzeko eta hobetzeko dauden aukerak, eta horren ondorio da mahai gainean jarri duten proposamena.

Juan Ramon Ferrandisek “ongi” ezagutzen ditu abiadura handiko trenak, 30 urte luze baitarama tren gidari gisa lanean. “Azken hiru hamarkadetako esperientziak erakutsi dit abiadura handia ez dela konponbidea; alderantziz, dirua eta energia xahutzen du, eta ez du balio lurraldea kohesionatzeko. Ezin dugu abiadura handiko trenarekin amildegira hurbiltzen jarraitu”.

Tren publiko eta sozial baten aldeko eragileek hiru auzi nagusi jarri dituzte erdigunean, parlamentuan aurkeztutako proposamena babesteko: batetik, dirua; bertzetik, abiaduraren auzia; eta, hirugarrenik, salgaien garraioa.

Diruari buruz, Santamariak aipatu du ikerketaren egileek emandako datua: tren publiko eta sozial bat egiteko proiektua izanen litzatekeela bakarrik bidaiariak abiadura handian garraiatzeko alternatiba baino %45 merkeago; eurotan, 2.000 milioi euro merkeagoa. Kopuru hori oinarri hartuta, dirua eta denbora lotu ditu Ferrandisek. Zehaztu du Gasteiz eta Castejon arteko bidaia abiadura handiko trenarekin baino zortzi minutu luzeagoa baino ez litzatekeela izanen tren sozialarekin; hau da, egungo trenbidearen %90 baliatuko lukeen proiektuarekin. “AHTarekin, beraz, zortzi minutu horietako bakoitza aurrezteko 250 milioi euro beharko genituzke”.

Nafarroako Trenaren Alde plataformakoen elkarretaratzea, parlamentuaren aurrean, joan den ostiralean. Iñigo Uriz / Foku.

Abiaduraren auziari buruz ere zer erran badela nabarmendu dute tren sozial eta publiko baten aldeko ekintzaileek. Batetik, egungo trenbidea moldatuz badela aukera 220 kilometro orduko abiadura lortzeko. Bertzetik, 250era ere irits daitekeela trena. “Beraz, gure alternatiba lehiatzen ahal da abiadura handiko trenarekin”, erran du Mikel Santamariak.

Jose Luis Ordoñezek erantsi du abiadurak gora egiten duen neurrian gora egiten duela trenak mugitzeko behar duen energiak ere. “200-220 kilometro orduko gehienezko abiadura batekin 156 kilometro orduko batez bestekoa lor daiteke; eta abiadura horrekin, tren sozial eta publiko bat lehiatzen ahal da errepidearen bidezko salgaien garraioarekin”.

Salgaien auziaz, hain zuzen, zalantzarik ez dela erran du Ferrandisek: “Abiadura handiko trenak ez du balio salgaiak garraiatzeko. Espainian abiadura handiko trenentzako 3.300 kilometro trenbide daude. Salgaientzako trenbide bakar bat ere ez da pasatzen trenbide horietatik; Bartzelonatik mugara dauden 160 kilometroetan baino ez dira ibiltzen”.

Nafarroan ere salgaiak ezinen dituztela garraiatu nabarmendu du Ferrandisek, eraikitzen ari diren trenbideak ez duelako horretarako aukera emanen: “Abiadura handiko trenentzako bideek bidaiariak garraiatzeko baino ez dute balio; salgaiak garraiatzeko trenak ezin dira bide horietatik pasatu, ardatzeko pisu jakin bat dutelako”.

“Ezinbertzekoa”

Nafarroako Parlamentuko Lurralde Kohesiorako Batzordeko kideek AHTaren inguruko euren jarrerak berresteko baliatu dute tren publiko eta sozial baten aldeko eragileek egindako agerraldia. Navarra Sumako eta PSNko ordezkariek sutsu defendatu dute abiadura handiko trena, eta orain arte zabaldu duten mezuaren bidetik, Nafarroaren garapenarekin lotu dute AHTaren proiektua. “Ezinbertzekotzat” jo dute herrialdeak “aurrera” egin dezan, eta “bakartuta” gera ez dadin.

Santamariak egindako zehaztapenaz, ez dute deus ere aipatu Yolanda Ibañezek (Navarra Suma) eta Jorge Agirrek (PSN); izan ere, parlamentuan aurkeztutako proposamenak tren guztientzat balio duen trenbide bat egiteko aukera jasotzen du —abiadura handiko trenak barne—, baina Navarra Sumak eta PSNk trenbide propio bat duen AHTa baino ez dute buruan.

Geroa Baiko Pablo Azkonak ere ez dio gai horri heldu. Bi auzi nabarmendu ditu batzordean: batetik, bidaiariak eta salgaiak garraiatuko dituen abiadura handiko tren baten alde egiten dutela “apustu”; eta, bertzetik, ez dela egokia AHTa eta tren konbentzionala “kontrakotzat” jotzea. “Hemen ez dugu AHTrik, baina trenbide konbentzionala bazter utzita dago”. Abiadura handiko trenaren aldeko jarrera berretsi du Geroa Baiko parlamentariak: “Europarekin lotuko gaitu”.

Ferrandisek tira egin dio Azkonak aipatutako hariari, eta garbi erran du AHTak “bazter” utzi dituela trenbide konbentzionalak toki anitzetan. “AHTaren lineak zabaltzen diren tokietan inbertsiorik gabe gelditzen dira trenbide konbentzionalak; haietako anitz itxi egin dituzte”.

AHTaren kontrako jarrera duten taldeek eskertu dute tren sozial eta publiko baten aldeko plataformak aurkeztutako alternatiba, eta aztertzeko konpromisoa hartu dute. EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek nabarmendu du “dirua gastatzeko makina geldiezin bat” dela abiadura handiko trena; salgaiak garraiatzeko beharra jarri du erdigunean, eta AHTak ezinen duela hori egin. “Proiektu hori geldiarazteko garaiz gaude, aurrera segitzen dute interes ekonomikoak eta politikoak daudelako erdian”.

Ahal Dugu-ko ordezkari Ainhoa Aznarezek ere “alternatibak aztertzeko” garaia dela nabarmendu du. Nafarroak iaz Klima Aldaketarako eta Trantsizio Ekologikorako Legea onartu zuela oroitu du, eta AHTaren gisako proiektu batek lege horren aurka egiten duela. “Ezin dugu proiektu hau onartu, zortzi minutu aurrezteko”. Ezkerrako parlamentari Marisa de Simonek ere egungo trenbidea moldatzeko eta hobetzeko aukera lehenetsi du, eta salatu du AHTaren prezioa “garestiegia” dela.

Parlamentuan egon eta gero, Nafarroako Trenaren Alde plataformak bilerak egin nahi ditu talde guztiekin, euren alternatiba sakonago aztertu, eta tren publiko eta sozial bat aldarrikatzeko.

Datuak

270

ZENBAT KILOMETRO LUZE DEN TRENBIDEA. Nafarroako Trenaren Alde plata-formak Burgos, Gasteiz eta Iruñea lotzen dituen trenbidea aztertu du, bere alternatiba garatzeko. 270 kilometro luze da trenbide hori. Bide horren %90 baliatuko luke proiektu berriak, hain zuzen.

46

ZENBAT GELTOKI IZANEN LITUZKEEN TRENBIDEAK. Plataformak aztertutako trenbideak 50 geltoki ditu, baina hamabi baino ez daude zabalik. Garatu duten alternatibak aurreikusten du zenbait geltoki moldatzea, eta, denera, 46 baliatzea; haietako hiru berriak izanen lirateke.

%4

ZENBAT BIDAIARIK ERABILTZEN DUTEN AHT-A. Espainiako Estatuan trena baliatzen duten bidaiarien %4k baino ez dute abiadura handiko trena erabiltzen. Trenbide konbentzionala erabiltzen dute bidaiari gehienek, beraz. Bertzalde, Espainiako Estatuko salgaien %4 baino ez dira trenez garraiatzen gaur egun.