Sokak “estutzen” dituela salatzeko greba

Sokak “estutzen” dituela salatzeko greba

Cordovillako La Moreako H&M dendako langileak greban dira iazko abendutik, soldata igo diezaietela eskatzeko; 2009tik izoztua dute. Lan baldintzak Ā«prekarioakĀ» direla nabarmendu dute.

Olaia L. Garaialde

Abenduaren 9tik greba mugagabean dira La Moreako (Cordovilla) H&M dendako langileak. ELA sindikatuaren babesarekin, lan baldintzak hobetzeko hitzarmen bat sinatu nahi dute enpresarekin. 2009tik KPIa berritu gabe daukatenez, soldata igo diezaietela aldarrikatu dute. La Moreako H&M dendako langile Rosa Crespok nabarmendu du “ahituta” daudela: “H&Mk geroz eta gehiago estutzen gaitu, geroz eta gehiago exijitzen digu”.

Hemezortzi langile dira, eta horietatik soilik zortzik daukate lanaldi osoa. Lanaldi osoa daukatenek 1.000 euro inguruko soldata daukate, eta gainerakoek, 500 ingurukoa. Hamalau urte daramatzatenez soldata berarekin, erosteko ahalmena galtzen ari direla salatu du Amaia Aristuk. Langilea da hura ere, eta ELAko ordezkaria. “Prezioak gora egiten ari dira, eta gure erosteko ahalmenak, berriz, %20 inguru jaitsi dira”, salatu du.

Langileen arabera, H&M enpresak ez dauka inongo aitzakiarik KPIa ez eguneratzeko, kaudimendun enpresa bat delako: “Ez dugu ulertzen zergatik ez duen berritzen; 20.000.000 euroko dibidenduak banatu ditu enpresak azken urteetan”.

Ekonomikoki “larri” ibiltzen direla salatu du Aristuk, eta esan du lanaldi osoa ez dutenek aparteko orduak egin behar izaten dituztela: “Bizirauteko, ordu gehiago lan egin behar izaten dugu, baina lan gutxiago dagoen garaietan ez dagoenez ordu gehiago sartzerik, gutxiago irabazten dugu”. Crespok gaineratu du enpresari “mesede handia” egiten diotela kontratutik kanpoko orduek: “Gaixoaldiak, oporrak eta aparteko orduak kontratuan ageri diren orduen arabera kobratzen direnez, asko interesatzen zaie orain arteko funtzionamendua”. Ondorioz, langileen egoera “geroz eta prekarioagoa” dela salatu du: “Badakite ordu horiek behar ditugula soldatak oso apalak direlako”.

Antzinatasuna

Soldata igoeretan antzinatasuna ere kontuan hartzeko eskatu dute langileek. Nafarroako ehungintza hitzarmenaren arabera, antzinatasunaren arabera soldata handituz doa, baina behin hamar urte igarota ez da aldatzen. “Gehienok bizitza osoa daramagu enpresa honetan lanean, eta lotsagarria da hemeretzi urteren ostean hasieran kobratzen genuenaren antzekoa kobratzea”, nabarmendu du Crespok.

Horrekin batera, digitalizazioak dakarren “gainkarga” ere soldatetan islatzea nahi dute. “Interneten erosteko joera handituz doa, eta guretzat hori lan handiago da, zeren ohiko lanez gain, besteak beste, itzultzeak kudeatu eta fidelitate txartelak egin behar baititugu”, aipatu du Aristuk.

Gaineratu du lanak gora egin arren geroz eta langile gutxiago daudela: “Betebehar bakoitzerako zenbat denbora daukagun zehazten digute; beti presaka eta korrika gabiltza, eta sokak geroz eta gehiago estutzen gaitu. Ahaztu egiten zaie pertsonekin lan egiten dugula”.

Egoera salatzeko, mobilizazio ugari egin dituzte. Iragan astean, adibidez, Shakiraren eta Bizarrapen azken kantaren bertsioa egin zuten. IruƱeko Gazteluko plazan grabatu zuten abestia, eta sare sozialen bidez zabaldu zuten.

Bost langile izan ezik gainerakoak greban daudenez, 50 egunez itxita egon da denda. “Lehen, lau ziren greban ez zeudenak, baina batek eszedentzia hartu duenez, aprobetxatu dute beste bat kontratatzeko”, kontatu du Aristuk. Langile gutxi daudenez, ordu tarte batzuetan irekitzen du dendak.

Salmenta gehien izaten duten garaian itxi dute denda: abenduan eta urtarrilean. “Harrituta gaude, Gabonetan eta beherapenetan denda itxita egon denez uste genuelako lehenago erantzungo zutela”, esan du Crespok. Hala ere, nabarmendu dute espresaren erantzuna “urria” izan dela: “50 egun pasatu arte, enpresak ez du inongo interesik jarri”.

Horrez gain, eskakizun guztien artean” bat edo bi aukeratzeko” eskatu diete; langileak, baina, ez dira horrekin ados. “Ez gara konformatzen aldaketa batekin edo birekin; muturreko egoera batera iritsi gara, eta aldaketa sakonak nahi ditugu. Lortzen ez ditugun bitartean, greban jarraituko dugu”.