Iritzia: Herena

Iritzia: Herena

Amets Aranguren Arrieta

Hiru segundoz marrazten aritzeko, hamar pasa behar izan duzu marrazten ari zaren horri begira. Obserbazioari proposamenari eskaintzen zaion denboraren hirukoitza eskaini behar zaio. Hori ikasi nion ikastolako zuzendari eta plastika irakasle genuen Aitor Etxarteri. Objektuari begira ematen genuen denboraren herena behar zuen arkatzak paperaren gainean mugitzen. Eta marrazkietatik kanpo, bada, antzeko.

Bukatu, agurtu, despeditu… bihotzari buelta ematen dioten hitzak izaten dira maiz, zentzu txarrean askotan, baina baita onean ere beste zenbaitetan (autoeskolako irakasleaz despeditu behar bazara, adibidez). Anariri entzun nion elkarrizketa batean orain hilabete batzuk, Atxagarekin hizketan-edo, diskoak grabatzeko edo liburuak idazteko prozesuak bukatzeaz. Idazleak esan omen zion liburu bat ez dela sekula idazteaz bukatzen, idazleak ez duela liburua bukatutzat ematen, abandonatu egiten duela. Eta gustatu zitzaidan ideia. Gaur, niri dagokit lerro hauek abandonatzea eta obserbazio fasera itzultzea.

Izutu naute pixka bat azkenaldian ikusi ditudan joera batzuek, idazteko molde batzuek. Edukia ez diren beste faktore zenbaitek determinatzen dute edukia nahikoa mamitsu, zilegi edo kalitatezko den. Eta nire arkatzari bide horretaranzko begirada ikusteak piztu dizkit alarmak. Zaurgarri, beldurrez, zalantzati edo kontraesankor agertzea ongi dago (nola ez), baina forma horiek ezin dute edukia ordezkatu. Puntualki izan daitezke diskurtsoa, baina zaurgarritasunez, beldurretik, zalantzak kontuan hartuta edo kontraesanak onartuz idatzi beharko litzateke. Beti hortik, baina ez beti horretaz (edo ez horrela).

Gorka Bereziartuaren hau datorkit burura:

“Jendaurrean negar egitea izan liteke zaurgarri agertzeko modu bat. Baina izan liteke reality-show-en kode kulturalak diskurtso eraldatzaileekin nahastuz kapital soziala metatzeko modu bat ere. Eta, inozentzia aspaldi hil zen garaiotan, 2. aukera hori beti izan behar da kontuan”.

Azken paragrafo hauek idazten ari naizela, 14 urte nitueneko haserrealdi bat baretzeko idatzi nuenarekin gogoratu naiz. Gogoratu dut aitari galdetu niola ea zer egin behar zen hori periodiko batean ager zedin. “Idatz iezaiezu eta esan iezaiezu proposamen hori duzula”, erantzun zidan, baina ez nintzen ausartu.

Pixka bat beranduago (eta eskerrak), niretzat plazera izan da hiru urte luze hauetan hemen nire aletxoa jartzeko aukera eduki izana.

Mila esker, Lur, konfiantzagatik; Asier, editore/zuzentzaile lanengatik; eta Edurne, nire berandutzeekiko pazientziagatik (azken hau ez dadila salbuespen izan…). Kobazuloan sartuko naiz orain berriz, inguruari behatu, irakurri, entzun, usaindu, ukitu eta, presarik gabe, arkatza zorroztuta papera berriz esku artean hartzeko.

P.D.: aprobetxatuko dut azken hiru gauza botatzeko:

1. Ez dut telebistarik, baina telebistarik gabe ere: itxi ETB2.

2. Ez erabili gehiago aditz bat lehenaldian, orainaldian eta etorkizunean argudio sendoa balitz bezala (izan ginen, gara eta izango gara eta holakoak…).

3. Gizon, itxi atea pixa egitera zoazenean.