“Proiektu honekin mundura ateratzeko leiho bat ireki dut”

“Proiektu honekin mundura ateratzeko leiho bat ireki dut”

Ziordiko bere etxeko tailerra lantoki bilakatu, eta Kapalilua egitasmoa martxan jarri zuen Jule Costa artistak, duela bi urte. Serigrafiaren teknika baliatzen du estanpazioak egiteko.

Edurne Elizondo

Artista eta enpresari. Sorkuntza eta proiektu propio bat martxan jartzeko lan burokratikoa uztartu ditu Jule Costak (Iruñea, 1982), azken bi urteotan. Kapalilua izeneko proiektua sortu du Sakanan, paperean, poltsetan eta arropan estanpazioak egiteko. Ikertzen jarraitu nahi du.

Nondik dator Kapalilua proiektua?

Arte ikasketak egin nituen Iruñean, eta aspalditik ari nintzen giro horretan gauzak egiten, marrazten, serigrafiak egiten, bai eta performanceak prestatzen ere. Zurrunbilo horretan sartuta, halako batean pentsatu nuen egiten nuen hori guztia nire lanbide eta nire bizitzeko modu bilakatzen ahal nuela, eta asmo hori gauzatzeko sortu dut Kapalilua proiektua.

Serigrafia hartu duzu oinarri. Zergatik?

Asko maite dudan teknika bat delako. Iruditzen zait sortzeko aukera asko eskaintzen duela, eta esperimentazioa lantzeko oso baliagarria izan daitekeela.

Bide berriak probatzeko sortu duzu proiektua?

Kapalilua martxan jarri baino lehen, serigrafiari buruzko tailerrak egiten nituen, eta enkarguak ere hartzen nituen. Kapalilua sortzeak aukera eman dit nik nahi dudana sortzeko. Atzeko aldean egon naiz orain arte, nolabait esanda, eta proiektu honekin, mundura ateratzeko leiho bat ireki dut.

Non dago leiho hori?

Ni Ziordian bizi naiz, eta etxean dut nire tailerra. Hor sortzen dut, baina ez dago jendearentzat irekia. Sare sozialak eta azokak baliatzen ditut nire lanak ezagutarazteko. Orain, gainera, webgunea prestatzen ari naiz, ezinbestekoa baita gaur egun.

Duela bi urte jarri zinen martxan. Zer moduzkoa izan da orain arteko bidea?

Hasiera, zaila; asko ikasi behar izan nuen, ez baita erraza zure proiektua martxan jartzeko behar den burokrazia guztia egitea. Dena kudeatzea zaila egin zitzaidan, egia esan. Laguntza izan dut, Garalurrena, batetik, eta hurbilekoena, bestetik. Ilusio handiz ari naiz, eta horrek lagundu dit aurrera egiten. Martxan naizela ikusteak pozten nau. Fruituak jasotzeko bidean naiz orain.

Bere proiektua sortu eta kudeatzen duen artista bat zara; artistaren izaera gailentzen da enpresariaren gainetik, edo alderantziz?

Nik artistatzat dut neure burua; denborarik ez duen artista bat naiz! Enpresari hitza oraindik handiegia iruditzen zait. Poliki-poliki, gustuko duen zerbait sortzen ari den norbait naiz.

Prozesu osoa zure esku egoteak askatasuna ematen dizu?

Askatasuna, bai eta ardura ere. Ardura handia da, baina ilusioz ari naizenez, gozatzen ari naiz.

Azoketara joaten zara. Artista edo artisau zara plazan?

Artista eta artisau, biak nahasten dira, nire ustez. Arteak ematen dit sortzeko gaitasuna, baina lan egiteko moduetan eta erritmoetan artisautzaren eragina dago.

Baduzu harremana herrialdeko bertze eskulangileekin?

Nafarroako Artisauen Elkartean nago. Ferietan, batez ere, iaz aritu nintzen, eta oraindik ari naiz jendea ezagutzen. Baina beste artisauekin harremana estutzeko gogoz nago, sareak ehuntzeko gogoz.

Elkarlanerako prest zaude, beraz.

Bai, beti prest egoten naiz elkarlanean aritzeko; adibidez, gauzak antolatzeko. Geroz eta azoka gehiago dago, baina uste dut aukera bat ere badela gure artean zerbait antolatzea, gure proposamenak erdigunean jartzea. Sakanan, adibidez, niri gustatuko litzaidake gure lana bestelako jarduerekin lotzea, besteak beste, musikarekin.

Egungo artistek zaila dute euren lanaren berri emateko moduak bilatzea?

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroaren gisako proiektu oso interesgarriak badaude lan egiteko, baina aretoak lortzeko eta erakusketak egiteko aukerak ez dira hainbeste.

Kapalilua proiektuko zure lanetan naturaren eragina sumatzen da: paisaia tropikalen alde egin duzu. Zergatik?

Duela hainbat urte Boliviara joan nintzen, eta hango oihanak ezagutu nituen. Asko gustatu zitzaidan oihan basatiak nola hartu ninduen. Bueltan, Sakanan, hemengo paisaiekin lotu nuen hango sentsazioa. Udaberria zen, eta hemen ere oihan txiki bat dugula sentitu nuen.

Boliviako paisaiak, eta Hawaiiko hitz bat: Kapalilua. Nolatan?

Proiektuarentzat izen baten bila hasi nintzen ahizparekin, eta kapalilua aurkitu genuen; iruditu zitzaidan euskararen antza bazuela, lilura hitzarekin lotu nuen, eta nire proiektuak lilurarekin lotura estua duenez, oso egokia iruditu zitzaidan. Naturaren arrasto hori badu, eta hori maite dut. Natura dago nire lanetan, eta saiatzen naiz, aldi berean, nire lanekin ingurumenean ahalik eta arrasto txikiena uzten.

Hemendik aurrera, zer?

Proiektu honekin sortu nahi dut nolabaiteko egitura bat, sortzen eta nire barne munduan sakontzen jarraitzeko. Ikertzen jarraitu nahi dut. Produktu bat sortzen dut, baina horrek izan behar du zentzu bat.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.