Makinak martxan ez jartzeko

Makinak martxan ez jartzeko

Aralar Zaindu Dezagun plataformako kideek agerraldi bat eginen dute martxoaren 12an, Irurtzunen, Nedgya enpresak Aralarren egin nahi duen gasbidearen proiektua salatzeko. Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte, auzibidea bukatu eta gero; martxoaren 25ean manifestazio bat eginen dute Lekunberrin.

Edurne Elizondo

Herritarrek ezin sinetsita segitzen dute”. Arakilgo Udaleko alkate Oihana Olaberriarenak dira hitzak. Nedgya enpresak Lekunberriko Albisualdea industrialdea hornitzeko Aralar mendilerroan egin nahi duen ia hamabost kilometroko gasbideak eragin du proiektuak ukitzen dituen biztanleen kezka. Duela bi urte, Arakilgo eta Larraungo udalek auzitara jo zuten proiektu horren kontra egiteko, baina, bide hori bukatu eta gero, makinak martxan jartzeko beldur dira herritarrak: Nafarroako Gobernuaren eta epaileen oniritzia lortu du enpresak.

Egoera horren aurrean, bidea mobilizazioa dela uste dute Aralar Zaindu Dezagun plataformako kideek, eta protestara deitu dituzte herritarrak: agerraldia eginen dute martxoaren 12an, Irurtzunen; eta manifestazioa martxoaren 25ean, Lekunberrin.

Herritar anitzi bezala, Olaberriari ere kostatu egiten zaio gertatzen ari dena sinestea. Ezin du sinetsi gasbidea Aralarren egiteko proiektuak aurrera egin izana: batetik, gasbidea legez babestutako eremu batean egin nahi dutelako; eta, bertzetik, proiektua garatzeko prozesua ez delako gardena izan, haren iritziz. “Enpresak ez du zero alternatibarik aurkeztu, ezta basoberritze proiekturik ere, ingurumen araudiek hori egin behar dutela agindu arren”, salatu du Olaberriak.

Alkateak aipatutako zero alternatiba da egun dagoenari eustea; gaur egun, kamioiez eramaten dute Lekunberriko industrialdera han behar duten gasa. Hornidura arazorik ez dela erantsi du Olaberriak, eta, ondorioz, zalantzan jarri du gasbide berri bat egiteko beharra.

Mikel Martinez de Zuazo ingeniariak Arakilgo alkatearen hitzak berretsi ditu: “Enpresak proiektuari buruz aurkeztu duen txostena hagitz gaizki egina dago: gasbideak ingurumenean eraginen dituen kalteen eragina txikiagotu dute, bai eta obraren kostua ere”, nabarmendu du.

Martinez de Zuazok ongi ezagutzen du ingurua, bertzeak bertze, Sakanako Mankomunitaterako zenbait lan egin dituelako inguru horretan. Arakilgo eta Larraungo udalek eskatuta, gainera, gasbidea Plazaolako bidetik egiteko aukera aztertu du, eta alternatiba hori hobetsi du osatu duen txostenean, Nedgya enpresak aurkeztutako proiektuaren gainetik. Arakilgo eta Larraungo alkateek eskatu dute gasbidea egitekotan Plazaolako bidetik egiteko.

2017ko lehen urratsak

Nedgyaren proiektuak 2017. urtean egin zituen lehendabiziko urratsak. Garai hartan, Sakanako Mankomunitateak lanak hasi behar zituen Plazaolatik ura eramateko, Iribastik Irurtzunera. Nedgyak lan horiek gasbidea egitekoaprobetxatu nahi izan zituen, baina, azkenean, asmo hori bazter utzi, eta Aralarko bidea proposatu zuen.

Hasieran, lau aukera jarri zituen enpresa horrek mahai gainean: bik ukitzen zuten Aralar; hirugarren batek Leitzan zuen hasiera eta A-15 autobiaren bidea jarraitzen zuen, eta laugarrena zen Plazaolarena. “Aukerarik okerrena hautatu du enpresak, txikiziorik handiena eraginen duena”, salatu du Sustrai Erakuntza fundazioko Jule Goñik.

Oihana Olaberria 2019an izendatu zuten Arakilgo alkate; ordurako, gasbidearen proiektua martxan zen. Aurreko udalbatzak jaso zuen gaia, hain zuzen, eta helegitea aurkeztu zuen proiektuaren kontra. Ez zuten onartu, ordea. Arakilgo eta Larraungo egungo udalbatzek berriz aurkeztu zuten gasbidearen aurkako helegitea, 2020an. Sustrai Erakuntza fundazioak, Kalaxka elkarteak eta gasbideak ukitzen dituen lurretako jabeek ere egin dute proiektuaren aurka.

Lur jabe horietako bat da Javier Iriarte. Familiak borda bat zuen Etxeberriko Kontzejuan, Madotzera bidean. Lurrak galtzeko prozesuan jabeek legez duten eskubide bat baliatu zuen Iriartek prozesua behin-behinean bertan behera uzteko. “Eskubidea dugu desjabetze prozesuko agiriak gure lursailean sinatzeko, eta hori egin genuen”, oroitu du.

Arakilgo udaletxera deitu zituzten familiako kideak, baina lurra desjabetzeko agiriak bordan sinatu nahi zituztela berretsi zuten. Bordara ez zen inor joan, eta, ondorioz, desjabetzea atzeratzea lortu zuten.

Enpresak, baina, aurkitu zuen desjabetze prozesu hori burutzeko bidea. “Gutun ziurtatu bat bidali ziguten, baina ez genuen hartu. Desjabetzearen inguruko informazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz agertu zain gelditu ginen, baina, hor argitaratu ordez, Espainiako Aldizkari Ofizialean atera zuten. Duela urtebete gertatu zen. Desjabetzea burutu zuten. Txeke bat bidali ziguten; etxean da, ez dugu kobratu”, kontatu du Iriartek.

Aralar Zaindu Dezagun plataformako kide da Iriarte, eta elkarteak protestara egindako deia berretsi du: “Kalera atera behar dugu, eta presionatu”.

6.600 zuhaitz

“Mundu guztiarekin hitz egin dugu, eta segituko dugu. Ezin dugu onartu proiektu hau”, erran du Oihana Olaberriak. Nafarroako Parlamentuan izanen da, Larraungo alkate Mikel Uharterekin eta Mikel Martinez de Zuazo ingeniariarekin, lan saio batean, martxoaren 17an. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko agintarien ardura jarri nahi izan du erdigunean, departamentu horrek onartu baitu proiektuaren aldeko ingurumen adierazpena. “Ezin dut ulertu”.

Izan ere, Babes Bereziko Eremua da Aralarkoa, eta Nedgyaren proiektuak 6.600 zuhaitz moztu nahi ditu. Proiektuaren arabera, gasa garraiatzeko hodia sartzeko, metro bat sakon eta zortzi metro zabal den bidea egin behar dute makinek. Martinez de Zuazok, baina, garbi du bide anitzez ere zabalagoa egin beharko dutela, eta, ondorioz, proiektuan jasotakoa baino anitzez ere kalte handiagoa eraginen dutela inguruan. “Aldapa kontuan hartu behar da; zortzi metroko plataforma lortzeko, beraz, hamabost metro inguruko bidea egin beharko dute”.

Egoera hori datutan azaldu du ingeniariak: proiektuak dio zuhaiztian 12.241 metro koadroko eremuari eraginen diola; Martinez de Zuazok uste du, baina, anitzez ere zabalagoa izanen dela gasbideak hartuko duen zuhaizti eremua: 66.000 metro koadro.

Aurrekontua ere proiektuak jasotakoa baino handiagoa izanen dela garbi du ingeniariak, benetan eraginen dituen kalteen ondorioz. Enpresak 2,7 milioi eurokoa izanen dela aipatu du, baina Martinez de Zuazok uste du 7,5 milioi baino gehiagokoa izanen dela, kalteak kontuan hartuta.

Ingurumen Departamentuak, berriz, erran du gasbideak eraginen lituzkeen kalteak “neurrizkoak” liratekeela. “Babes Bereziko Eremuan hautatutako bideak ez du Europarako interesa duen inolako habitatik ukitzen; beraz, ez zaio espazioaren osotasunari kalterik egiten”, azaldu dute.

“Legez babestutako eremuak ere arriskuan dira”, salatu du Sustrai Erakuntzako Jule Goñik, eta kritikatu du Ingurumen Departamentuak proiektua babestu izana. Garbi du alkateek mahai gainean jarritako Plazaolako aukerak kalte anitzez txikiagoa eraginen lukeela, baina, egungo krisi klimatikoaren jokalekuan, zero alternatiba hobetsi du.”Ezin dugu gasaren alde egiten segitu”. Protestetan parte hartzera deitu du, makinak martxan ez jartzeko.

KRONOLOGIA

Hauek dira Lekunberriko gasbidea egiteko proiektuaren urratsik nabarmenenak:

2018. Nafarroako Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuak Arakilgo Udalari eskatu zion gasbidearen proiektua baimendu zezala. Udalak erantzun zion ez zuela ontzat hartzen hautatutako bidea.

2019. Arakilgo Udalak helegitea aurkeztu zuen proiektuaren aurka. Ez zuten onartu. Abenduan, Ingurumen Depar-tamentuak aldeko ingurumen adierazpena onartu zuen.

2020. Abuztuan, Arakilgo eta Larraungo udalek helegitea jarri zioten Nafarroako Gobernuak gasbide proiektuari emandako baimenari.

2022. Otsailean, epaileek behin-behinean gelditu zuten proiektua, Administrazio Gaietarako Epaitegi batek ontzat eman zuelako Arakilgo Udalak obra lizentzia ukatu izana. Azaroan, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak proiektuak «balio publikoa» duela erran, eta aurrera segitzeko bidea eman zion enpresari.