LGTBIfobia miatu, aurre egiteko

LGTBIfobia miatu, aurre egiteko

Harrotu zerbitzuak Iruñeko Udaleko LGTBIfobiaren Aurkako Behatokiaren txostena argitaratu du: urtebetean, Erasoen 26 salaketa jaso ditu. Harrotu kide Erika Salvatierrak esan du «gizarte osoak» inplikatu behar duela gertatzen diren erasoei aurre egiteko, bazterketa oro bazter uzteko asmoz.

Olaia L. Garaialde

Txostena ahalik eta zehatzena izatea nahi dugu, gure erantzuna ahalik eta eraginkorrena izateko”. Iruñeko Udaleko LGTBIfobiaren Aurkako Behatokiak egindako txostenaz mintzo da Erika Salvatierra, Harrotuko Iruñeko Udal Zerbitzuko langilea. Iruñean egindako LGTBI pertsonen kontrako erasoak jasotzen ditu behatokiak, eta helburua da, txostenean jasotako informazioarekin, LGTBIfobiaren erradiografia bat egitea eta beharretara egokitutako neurriak hartzea.

2016. urtetik 2020ra Nafarroan egindako gorroto delituen txostenaren arabera, gorroto delitu nagusiak, kopuruaren arabera, ideologikoak izan dira: %42, hain zuzen. Gorroto delituen %22,4k xenofobia izan dute oinarri; %15,3 sexu orientazioaren eta identitatearen aurkakoak izan dira; %9,9, sinesmen eta praktika erlijiosoen aurkakoak.

Delituen %4,6 ijitoen aurkako erasoak izan dira; eta beste %4,6k sexuaren eta generoaren araberako bazterketa izan dute oinarri; %3 desgaitasunen bat duten pertsonen aurkako diskriminazioa izan dira; beste %3 belaunaldien arteko bazterketagatik izan dira; eta beste %3k gaixotasunagatiko diskriminazioa jaso dute.

Behatokia, 2021etik

Iruñean egindako sexu orientazioaren eta identitatearen aurkako gorroto delituetan jarri du arreta Harrotuk, zehazki. 2021. urteko uztailean jarri zuten behatokia martxan, eta 2022ko uztailera arte jasotako erasoen txostena zabaldu berri du zerbitzu horrek. Urtebetean, erasoen 26 salaketa jaso dituzte.

Salaketa jarri zuten pertsonen artean %88 izan dira erasoa jasan zutenak. Salvatierraren ustez, horren arrazoia da pertsona sexu-genero disidenteek baliabide gehiago dituztela erasoak identifikatzeko: “Gizarteak LGTBI pertsonon kontrako indarkeria batzuk oso naturalizatuak ditu, baina guk geroz eta argiago daukagu ez dela kasualitate hutsa, eta horregatik salatzen dugu gehiago”. Gaineratu du salaketa jarri zuten gehienek, Harrotuko erabiltzaileak direnez, hobeto ezagutzen dutela zerbitzua.

Dena dela, uste du beharrezkoa dela gizartea heztea, “gizarte osoaren inplikazioa” behar delako: “Zaila da erasoak gure kontra ez direnean identifikatzea. Hala ere, ez da soilik LGTBI pertsonon gauza bat; gizarte osoaren ardura da mundua denontzat ahalik eta atseginena egitea”. Indarkeria “desnaturalizatzearen” premia ere nabarmendu du: “Utzi egin behar diogu egunero marikoi esateari, ezin dugulako horrela elkar tratatu”.

Modu asko daude erasoak salatzeko, baina Salvatierrak gomendatu du, ahal izatekotan, Harrotura joatea, eta beraiekin hitz egitea, “hurbilagoa” delako: “Pertsona batek entzutea eta bidean laguntzea oso lagungarria da; gainera, erasoaren aurrean zein aukera dauden jakiteko informazioa jasotzeko ere lagungarria da”. Horrez gain, 948-22 63 26 telefono zenbakira deitu, lgtbi@pamplona.es postara mezu bat bidali edo online erregistro fitxa bete daiteke.

Salatu dutenen %58 emakumeak izan dira, %38 gizonak eta %4 ez-binarioak. “Zoritxarrez, emakumeok zenbait indarkeria pairatzen ditugunez, geroz eta kontzienteago gara; uste dut feminismoak nabarmen eragin duela horretan”, azaldu du.

Txostenean jasotako datuen arabera, gehien salatu dutenak 30 eta 49 urte artekoak izan dira. Horregatik, ondorioztatu dute gerta litekeela gazteen artean zailtasunak izatea erasoak identifikatzeko: “Zoritxarrez, bizipenek eramaten gaituzte geroz eta gehiago ikustera egiturazko erasoak direla”.

Gaineratu du pertsona zaharren kasuan gerta litekeela gutxiago salatzea azken urteetan gehiago landu delako salatzearen garrantzia: “Agian, ez dute salatzen ez delako gaiaz hitz egiten”. Horrez gain, zaharrengana iristeko dituzten “arazo handiek” eragina dutela uste dute: “Adin batetik aurrera, zaila da LGTBI gisa jendaurrean agertzea”.

Eraso gehienak Iruñeko Alde Zaharrean izan dira, eta, Harrotuko langileen ustez, zerbitzua Alde Zaharrean eskaintzeak eta aisialdirako ohiko gunea izateak eragina izan dute horretan. Erasoen %50 espazio publikoan izan direla azaldu du, bestetik: “Zoritxarrez, zenbat eta nabariago izan, orduan eta eraso gehiago jasaten ditugu”.

Sinbolikoak gehienak

Zazpi taldetan sailkatu dituzte jasotako erasoak: hitzezkoak, fisikoak, sexualak, sinbolikoak, jazarpena, mehatxuak eta toki batetik kanporatzea. Gehien jaso dituztenak, hurrenez hurren, sinbolikoak eta hitzezkoak izan dira. Hau da, estereotipoekin bat ez datozenak umiliazioaren eta diskriminazioaren bidez baztertzeko pentsamenduak, mezuak, irudiak eta jokabideak; eta beste pertsona mindu, umiliatu eta gutxietsi nahi duten kexak, irainak edo laidoak. “Jasotako eraso sinboliko guztiak erlijio kristauarenak izan dira, Iruñeko Alde Zaharrean esaldi LGTBIfoboak zituzten paperak banatu dituztelako”, salatu du Salvatierrak.

Aurrera begira, erasoei erantzun eraginkorragoak emateko, LGTBIfobiaren kontrako zenbait gomendio eman ditu behatokiak: sozializazio eta bizikidetza espazioak sustatu; sexu- eta genero-aniztasuna errespetatzen duten baliabideak eta tresnak eskaini; LGTBIfobiaren prebentzio indartu; LGTBIfobia kasuetan salatzeko eta erasoa jaso dutenak laguntzeko mekanismoak indartu; eta hedabideei zuzendutako prestakuntza espezifiko bat programatu.

Horrez gain, datuak biltzen jarraitzea garrantzitsua dela uste dute Harrotuko kideek, ahalik eta erantzunik zuzenena eman nahi dutelako. Horretarako, hain zuzen, behatokia eta Harrotu ezagutzera ematea “premiazkoa” dela uste du Salvatierrak: “Irailean eta urrian [2021ean] jaso genituen salaketa gehien, Behatokia hilabete horietan eman genuelako ezagutzera. Dauden tresnak zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta eraso gehiagoren berri jasotzen ditugu”. Lanean jarraitzeko beharra berretsi du Iruñeko Harrotu zerbitzuko langileak, erasoak bazter uzteko asmoz.

Datuak

%55

ZENBATEK JASO DUTEN ERASOREN BAT. 2018ko Iruñeko LGTBI populazioaren errealitateen diagnostikoaren arabera, % 55ek erasoren bat jaso dute sexu orientazioagatik, genero-adierazpenagatik edo sexu edo genero identitateagatik.

%31

ZENBAT ERASO GERTATU DIREN GUNE PUBLIKOETAN. 2018ko inkestaren arabera, jasotako erasoen %31 eremu publikoan izan dira, kaleetan edo plazetan. %23 ikasketa zentroetan gertatu dira, eta %18, aisialdiko lokaletan.

 

Maier Irigoienek zauri emozionalek identitatean duten eragina aipatu du

Psikologoak LGTBI kolektiboaren eta osasun mentalaren arteko heldulekuak jorratu ditu,

Iruñean antolatutako hitzaldi batean.

O. L. Garaialde

Kanpo egiturek autopertzepzioan, subjektibotasunean eta sufrimenduan eragiten dutela azaldu du Maier Irigoien psikologoak. LGTBIQ kolektiboaz eta osasun mentalaren arteko heldulekuez mintzatu da Iruñeko Kondestablearen jauregian. Harrotuk, Iruñeko LGTBI udal zerbitzuak antolatu du hitzaldia.

Irigoienek esan du kanpo egiturek botere harremanen sistema bat dutela oinarrian: “Boterea beti dago, eta ez da txarra. Egin behar dena da kontziente izan daukagun botereaz, eta arduraz jokatu. Bestela, leku pribilegiatu batetik leku diskriminatu batera boterearen abusu bat gertatzen denean, zapalkuntza bat dago”.

Zapalkuntzek ondorio psikologikoak, emozionalak edota fisikoak eragiten dituztela azaldu du, eta inpaktu batzuek traumak eragin ditzaketela: “Gertaera edo inpaktu larri baten aurrean pertsona batengan sortzen den erantzun psikoemozionala da trauma; izan daiteke beldurra, antsietatea, depresioa, haserrea, amets gaiztoak…”.

Traumak indibidualak edo kolektiboak izan daitezke; adibidez, trauma indibidual bat da auto istripu bat izatearen ondorioz beldurra izatea autoz mugitzeari. Aldiz, kolektiboa da, LGTBI manifestazio batean karga bat egotea eta denei “gogor” eragitea. Hala ere, kolektiboa izateko ez du zertan elkarrekin bizitako zerbait izan: “Haurtzaroan niri marika esatea eta zuri ere bai, nahiz eta denbora eta espazio desberdinetan izan, trauma kolektiboa da, biok dugulako zauri hori”.

Trauma bati erantzuteko bi modu daude; batetik, hiperaktibitatea, eta, bestetik, hipoaktibitatea: “Aktiba naiteke eta aurre egin, joan naiteke korrika eta leku horretatik ihes egin, edo paralizatuta gelditu”.

Horrez gain, traumaren eta traumatizazioaren arteko diferentziak azaldu ditu Irigoienek: “Trauma da gauza puntual bat, momentuan jaso dudan gauza bat, adibidez, kalean ‘bollera nazkagarria’ naizela esatea norbaitek edo jipoitzea”. Traumatizazioa, aldiz, modu jarraituan bizi izandako zerbait da: “Haurtzaroan etengabe esaten bazidaten izugarrizko nazka ematen dudala, nire identitatearen parte bihurtzen da”.

Feminismoaren premia

Kontsulta batean lan egiten du Irigoienek, eta psikologia eta psikoterapia “begirada androzentrikoan” oinarrituta daudenez, kontatu du horrek kontsultetan eragina duela: “Norbaitek esaten duenean homosexuala edo transa dela, denon iruditegian heterosexualitatea normalizatzen duen zerbait dago, eta horren atzean zer dagoen jakin nahian zer gertatu zaion galdetzen diogu. Psikologiaren jatorriari kritika egin, eta aztertu behar da”.

Androzentrikoa izateaz gain, gaixoaren eta osasuntsuaren arteko egitura binarioan oinarrituta dagoela salatu du: “Sistema binario batek ez du inoiz errealitatea islatzen gaixotasuna eta osasuna askoz zabalagoak direlako”.

Begirada androzentrikoari aurre egiteko, “psikoterapia feministaren premia” azpimarratu du: “Ikuspegi kritiko eta intersekzionala behar dugu ulertzeko parean duzun pertsonaren atzean egitura eta istorio bat dagoela”. Adibidez, pertsona trans batekin lan egin aurretik lanketa propioa egitea gomendatu du: “Ikusi behar dut nola erreproduzitzen ditudan feminitatea eta maskulinitatea; bestela, arreta pertsona transean jartzen ari naizelako, eta hori logika patologizante bat da”. Kolektiboan aritzea garrantzitsua dela uste du: “Mintzen gara beste batekin, eta osatu behar gara beste batekin”.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.