Entzun, behatu eta gozatu

Entzun, behatu eta gozatu

Baztango Talde Ekosozialak eta Amezti elkarteak bi saio antolatu dituzte Elizondon, txorien kantuak eta hegaztiek ibarreko kulturarekin duten harremana jorratzeko.

Olaia L. Garaialde

Zergatik kantatzen dute txoriek? Noiz kantatzen dute? Nolakoak dira kantuak? Galdera horiek eta beste asko erantzuten saiatuko da Mikel Olano Basozaina eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologoa, Baztanen. Txorien kantuez solasean arituko da, bihar, 10:00etan Elizondoko Amezti elkartean: “Txorien kantak entzun, gozatu eta zerbait berria ikasiko dugu”.

Amezti elkartean —talde horrek antolatu du saioa— txorien kantu batzuk entzun ostean, hegaztien bila joango dira buelta bat ematera. Olanok argi utzi du ez dela ikastaro bat, baizik eta kantuez gozatzeko aukera bat: “Goiz batean kantak ikastea ezinezkoa da. 36 urte daramatzat basozain lanean, eta lehendik ere afizio hori neukan, eta, hala ere, egunero ikasten dut”. Gaineratu du “oso frustragarria” izan daitekeela kantu guztiak ikastearekin tematzea.

Txori arruntei erreparatuko die; hau da, egunero entzuten diren horiei: txantxangorria, txepetxa, xoxoa eta birigarroa, besteak beste. “Txoriak bistaz identifikatzen ohi ditugu, baina jakiteko zenbat dauden, belarria oso garrantzitsua da, askoz informazio gehiago ematen digulako”, azaldu du Olanok.

Txori espezie bakoitzak bere kantuak ditu; zortzi erregistro inguru izaten dituzte egoera bat edo beste adierazteko. Haren ustez, “dotoreena” eta “politena” eztei kantua da: “Udaberria ugaltzeko garaia denez, orduan arrak bikotea konkistatu, eta beste arren aurrean lurraldea defendatu behar du”. Txori baten eta besteen kantuak “asko” aldatzen dira: “Xoxoaren kantuak oso gozoak eta atseginak dira, eta txirula ahotsa daukate. Txepetxarenak, aldiz, oso karrankariak dira, eta txantxangorriarenak, melodikoak eta finak”.

Kantuak ongi entzuteko aholkuak ere eman ditu ornitologoak: “Behatzeko, onena da bakarrik joatea, zarata gutxiago egiten duzulako eta hobeto entzuten duzulako”. Hortaz, bihar, taldean joanen direnez, esan du “isil-isilik” joatea garrantzitsua dela. Horrez gain, prismatikoak eramatea ere gomendatu du: “Entzuten dugunean, saiatuko gara txoriak prismatikoekin lokalizatzen”.

Kulturaren eragina

Hegaztien bueltan arituko dira Marcos Isasi eta Gorka Valdes biologoak ere, Baztango Talde Ekosozialak antolatutako bigarren saioan; hegaztiei eta ingurumenak hegaztiengan duen eraginari erreparatuko diote apirilaren 23an, igandearekin, 11:00etan, haiek ere Elizondon. “Geure buruari galdetzen diogu espezie batzuk zergatik dauden gehiago leku batzuetan, eta beste batzuetan ez, eta inguruko kulturak eta lurra lantzeko moduak nola eragiten duen horretan”, azaldu du Isasik.

Elizondoko plazatik abiatuko dira hegaztiei behatzeko, eta bi edo hiru kilometroko ibilaldia eginen dute. Zenbait ekosistema aztertuko dituzte; hala nola, erreka inguruan ibiltzen diren txoriak eta arrainak, eta hariztien inguruan ibiltzen diren txoriak. “Ibilaldia oso dinamikoa izango da, eta haurrak hegaztien munduan sartzeko aproposa”, nabarmendu du Isasik.

Lurra lantzeko moduak hegaztiengan duen eraginaz ere mintzatuko dira. Adibidez, landa zabalak dituzten lekuetan birigarro eta txirta gehiago ikusteko eta entzuteko aukera dagoela azaldu du: “Belarra oso baxu egoteak eta animalien gorotzek intsektu batzuk erakartzen dituzte, eta intsektu horiek, hegazti jakin batzuk”.

Lurra lantzeko moduak ez ezik, eraikinen formak ere hegaztien presentzian eragina duela kontatu du: “Zubiak egiteko moduaren arabera —zulo handiak badaude, adibidez—, aproposa da usoek habia egiteko”. Enarek ere leku zabala behar izaten dutela esan du: “Baserri batzuetan dagoeneko ez dagoenez sabairik, enara gutxiago daude”. Habiak kentzea debekatuta egon arren, batzuek etxeetan agertzen diren enaren habiak kentzen dituztela eta hegazti “pila bat” hiltzen dela salatu du Isasi biologoak: “Elizondora joaten garenean ikusiko dugu zein den egoera”.

Gaineratu du gizakien presentziak eragin “handia” duela hegaztiengan: “Pentsatzen ohi dugu ez garela naturaren parte, eduki dugun eboluzio motari esker naturatik at atera garela. Baina ez da egia”. Gizakiengatik espezie asko galdu direla salatu du: “Edonon gaude; dena eraldatu dugu onerako eta txarrerako”.