“Frontoian, nire helburua da ez nabarmentzea”

Nafarroako Gobernuak 2022ko kirol epailerik onenaren saria eman dio Naroa Iturain pilota epaileari. Eskertu du aitortza, eta erantsi du andreen lana profesionalizatzen segitu behar dela pilotaren arlo guztietan.

Edurne Elizondo

“Oso berezia”. Horixe erran du Naroa Iturainek (Iruñea, 1992) Nafarroako Gobernuak 2022ko kirol epaile onenaren saria eman izanaz. Pilota epailea da hura, eta garbi du euren lana dela partida bateko albiste ez bilakatzea, baina eskertu du gobernuak egin dion aitortza: kantxan orain arte egin duen lana nabarmentzea, alegia.

Epailerik onenaren saria eman dizu Nafarroako Gobernuak. Aitortza bat da?

Bai, eta oso pozgarria. Ez nuen espero halako sari bat jasotzea, are gutxiago kontuan hartuta urteak direla Nafarroatik kanpo bizi naizela, eta Aragoiko [Espainia] Pilota Federazioarekin aritzen naizela.

Etxean ere zure lana estimatzen duten seinale?

Nafarroako Pilota Federazioko buru Javier Condek proposatu zuen nire izena sarirako. Ni Iruñekoa naiz, eta nire etxean horrelako sari bat jasotzea izugarri pozgarria da, oso berezia. Bitxia da, era berean, frontoira ateratzen naizenean nire helburua delako ez nabarmentzea, epailea ezin baita izan pilota partida bateko albiste.

Nabarmentzen ez dena da epaile ona?

Partida amaitzen denean, emaitzak izan behar du albiste, edo zein jokalari izan den onena, edo nork egin duen tanto gehien. Epaileari buruz hitz egitea ez da seinale ona: ezin da izan albiste.

Nolatan hasi zinen epaile lanetan?

Epaile izatea erabaki nuen pilotan aritzen ginenean gure partidetarako epailerik ez zegoelako. Ni 2015 urte inguruan hasi nintzen berriz pilotan jokatzen. Txikitan palan aritzen nintzen, eta 23 urterekin berriz jokatzen hasi nintzenean, eskuz jokatzen hasi nintzen. Niri beti gustatu zait eskuz aritzea. Aldatze taldea sortu genuen Iruñean, eta jokatzen hasi ginen batzuk. Antolatzen genituen txapelketak, eta epaile lanetan beti taldeko beste jokalariek aritu behar zuten, epailerik ez zegoelako. Guk nolabaiteko ofizialtasuna edo seriotasuna lortu nahi genuen, eta horregatik nahi genituen epaileak.

Zergatik ez zegoen?

Federazioak ez zuelako antolatzen trebatzeko behar zen ikastaroa. Ni hasi nintzen eskatzen; Nafarroako Pilota Federaziora jo nuen formakuntza hori eskatzeko, baina ez nuen erantzunik jasotzen. Federazioak administrazioari egozten zion ardura, eta administrazioak federazioari. Hiru urtez aritu nintzen ikastaroa galdegiten, eta deus ez. Ordurako Zaragozan [Espainia] bizi nintzen, eta Aragoiko Pilota Federazioarekin prestatu nintzen, azkenean.

Horrek erran nahi zuen Nafarroan ezin zinela epaile aritu?

Hala da. Baina Nafarroan aukera hori ematen ez zidatenez, Aragoikoa egitea erabaki nuen. Pena hartu nuen, halere, etxean ate hori ez zabaltzeagatik. Bi urtez Aragoin aritu nintzen epaile gisa, eta gero Espainiako federazioaren titulua lortu nuen.

Aragoitik at ere aritzen zara, beraz?

Bai.Titulua lortu eta handik hiruzpalau hilabetera, bertze emakume epaile bati eta niri egokitu zitzaigun final batean aritzea, lehen aldiz. Martxoaren 8ko asteburua zela oroitzen naiz, 2020an. Garbi genuen oso ondo egin behar genuela gure lana; uste genuen zerbait gaizki eginez gero arriskua zegoela zaleek esateko emakumeok ez dugula ondo egiten epaile lana. Azkenean, dena ondo joan zen. Eta ordutik aurrera, hamaika txapelketa eta finaletan aritu naiz, han eta hemen. 2022an, Miarritzeko Munduko Euskal Pilota Txapelketan egon nintzen. Larruzko palako Espainiako eta Frantziako selekzioen finalean izan nintzen epaile.

Epaile ez ezik, pilotari ere bazara oraindik. Bertze emakume anitzek bezala, eskuz jokatzen hasi, baina pala hartu zenuen gero. Zergatik?

Orain eskuz aritzen naiz, hori maite dudalako gehien. Baina egia da garai batean emakume gehienoi gertatzen zitzaigula hori, eskuz hasi baina palan aritzera pasatzen ginela denak, 12-13 urterekin esaten zigutelako eskuak izorratuko zitzaizkigula. Gauzak aldatzen hasi ziren 2016an; Bartzelonan emakume pilotarien topaketa bat egin genuen, eta gauzak aldatzen hasi ziren. Orain, eskuz aritu nahi duten neskek badute aukera gehiago.

Ados eskuzko pilotari emakumezkoen lehen klub profesionala sortu zen 2021ean. Aldaketa horren ikur bat da?

Bai. Hor dago Maite Ruiz de Larramendi, Nafarroan erreferente bat dena; Iera Agirrerekin batera jarri du martxan Ados, eta urrats handiak ari dira egiten emakumeen profesionalizazioa lortzeko. Pilotari asko ari dira klubean, eta hori ona da. Hori sustatu behar da, arlo guztietan.

Epaileen artean ere bai, adibidez?

Bai, alor guztietan aritzeko emakumeok, eta profesionalizazio hori lortzeko esparru guztietan; pilotarien artean, bai eta teknikarien, epaileen eta zuzendaritzetako kideen artean ere. Guretzat bainoago, gure atzetik heldu direnentzat ari gara lanean, haiek izan dezaten guk izan ez duguna.

Kirol erakundeak berritzeko beharra bada?

Bai. Nik ezagutu ditudan federazioetan ikusi dut berritzeko ahaleginik handiena egin dutela jende berri eta gaztea bereganatu dutenek. Ez dugu kirola aldatu nahi, baina egokitu behar da egungo errealitatera.

Erresistentzia bada, oraindik ere?

Bada, bai. Aspalditik daudenek ez dute aldatu nahi. Baina behar da. Eta horren alde ari gara lanean, arlo guztietan.

Argazkia: Jon Urbe / Foku.