Lohizune Amatria
Jakiteak, are erabiltzeak, ez du bermatzen borrokatzea. “Gazteek ez dute euskararen sustapena modu problematiko batean ikusten, euskaraz bizitzeko aukera gehiago dutelako”. Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen hitzak dira, azken inkesta soziolinguistikoaz. 16 eta 24 urte arteko bost gaztetatik bi gai dira euskara ulertzeko edo hitz egiteko; baina beste horrenbeste dira euskararen sustapenaren aurkako jarrera dutenak. Gainera, gaiarekiko interesik ez dutenak aldekoak baino gehiago dira. Aurreko belaunaldietan, euskararen aldeko protestek motibazioa piztu zutela dio Arregik; hor egon daiteke gakoetako bat.
Gaztaroaren hurrengo adin tartean harrapatu nau zazpigarren inkestak, eta nireen artean laurden bat gara euskara jakin edo ulertzen dugunak. Gazteagoei bezala, antza, gutxi interesatzen zaigu gaia, ñabardura batekin: axolagabekeria nagusitzen da gure artean. Duela bi urte Topaguneak antolatutako Euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak jardunaldiekin oroitu naiz. Euskararen sustapenarekiko nire belaunaldiko hiru gazteren esperientziak entzuteko aukera izan genuen.
7 urterekin iritsi zen Iruñera Argentinatik Juan Gutierrez. Itundutako ikastetxe erlijioso batean ikasi zuen, euskaratik mila kilometrora. “Hizkuntzak elkar ulertzeko tresnak direla uste dut, baina zatiketa esan nahi zuen euskarak niretzat”, aitortu zuen. Unibertsitatera iritsi arte: “Mundu berri bat zabaldu zitzaidan. Inguruneak kulturaren zati bat galtzera eraman nau”.
Azkoienen A ereduan matrikulatu zuten Cristina Oses. Vasca de mierda zen herrian haurra zela; Iruñean, facha de mierda deitzen zuten. Euskaldunek harekiko izandako jarrera kritikatu zuen: “Ikusi nuen ia ezin nuela parte hartu herri eta gazte mugimenduetan euskalduna ez nintzelako; oso haserre bizi izan nuen hori. Euskararekin izan dudan esperientzia errusiar mendi bat izan da”.
Askok ezin uler dezakegu, ordea, egindako bidea euskararik gabe. D ereduko ikastetxe publiko batean ikasi nuen, Iruñerrian. Ondoko ikasgelan nituen A eta G ereduko ikaskideak, baina ezer onik ez dut gogoratzen ereduen arteko nahasketa hartaz. Etsaitasuna erabatekoa zen: euskara vs espainola; espainola vs euskara. Eta atsedenaldiak banandu zizkiguten halako batean. Arrazoi horrengatik izan edo ez, zerbait ez genuen batere ongi egin.
Errespetua eskatu zuen Osesek jardunaldietan, beldurrekiko, aukerekiko eta denborekiko. Badago-eta erritmoei eta horien kudeaketa ereduei lotutako zerbait honetan guztian. “Erosotasunagatik, gaztelaniara jotzen da. Elkarrekin lan egin behar dugu, sarean, eta nahasten ere saiatu beharko genuke”, gomendatu zigun Lur Albizuk, orduan.
Euskararen aldeko politikak eta baliabideak gero eta gehiago izan arren, euskara zein zaharra eta polita den goraipatzea ez da nahikoa jendea hizkuntzaren alde lerratzeko. Euskarari lotuko gaituen helburu bat behar dugu. Irati Majuelok eta Amaia Zufiak eskaini ziguten bide posible bat. Mugimendu feministak egindako ibilbidea jarri zuten adibide, 2018ko grebak erakutsi zuen-eta borroka feminista euskaraz egitea posible dela. “Kalean egon behar du. Euskara subertsiboa eta antikapitalista sortu behar dugu, Nafarroako borrokaren hizkuntza izango dena. Ertzeetatik erdigunera jo behar dugu”.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.