Nagore Eslaba
Gaurkoan zuei kaixo esatea dagokit, hau da orri hauetan egingo dudan lehenengo kukua, eta kontrara, agurrez arituko naiz, azken agurrez, zehazki.
Gertuko pertsona batek uzten gaituenean bere hileta izaten da hari agur esateko unea, despeditzeko momentua. Halakoetan antzekoak diren prozedurei jarraitzen diegu gehienetan, seriotasunari zein isiltasunari leku emanez.
Egia da egoerak hein handi batean hala eskatzen duela, baina badira halako uneak ezberdin egiteko moduak, goibeltasun horren aurrean diferente jokatzeko aukerak, alegia.
Erlijio katolikoak bere momentuan ezarritako despeditzeko formek doluak suposatzen duen mina handitu egiten dutela uste dut. Bakoitza bere baitan bildurik geratu beharra, sufrimendu horretan sarturik, burumakur, emozio baikor baten izpirik minimoena ere azaleratzea mugatuta egongo bailitzan. Ba al dakarkigu horrek ezer positiborik?
Zorionez, egun ez da halakorik ikusten, edo ez, behintzat, nire albokoen artean. Halere, egongo da oraindik errituak markatzen duena zorrozki betetzen duenik (espero gutxi batzuk izatea soilik), hain errotuta dauden tradizioak aldatzea kosta egiten baita.
Aste honetan hilabete bat bete da 16 urteko nerabe batek labankadaz bere irakaslea hil zuenetik, Donibane Lohizuneko Tomas Akinokoa lizeoan. Ez naiz sartuko basakeria horren inguruan hitz egitera, benetan gogorra eta ulergaitza egiten zait. Hildako emakumeari bere gertukoek egindako agurra da lerrootara ekarri nahi dudana, horrek ere eman baitu zeresana.
Hileta gehienetan nabarmentzen diren molde horietatik aldenduta, bere senarrak dantza eginez agurtu zuen, Nat King Coleren L-O-V-E abestiaren erritmora. Hilkutxaren aurrean jarrita, emaztearekin batera arituko balitz bezala hasi zen mugitzen, musikari entzunez birak ematen, alde batetik bestera jauzika. Hunkigarria, oso. Gizona ez zebilen bakarrik, albokoak ere animatu ziren, lagun zein senideak. Sufrimendua, ezintasuna, maitasuna… Hamaika emozio batera, denak dantzan.
Hurbileko baten hitzak datozkit burura. Bere bikotekidearen hiletan geundela honakoa esan zidan: “Bazkari bat egingo dugu, musika kontzertuekin eta, nola ez, garagardo askorekin, berak egingo lukeen moduan”. Behin esaldia amaituta, irribarre bat agertu zitzaion malko artean.
Joan den horri gustatuko litzaiokeen moduan agur esateak poztu egiten gaitu hemen geratzen garenoi. Poztu, eta, era berean, osatu, sendatu. Zaila da maite dugun hori jada joan dela onartzea eta hura despeditzea, baina barruan dugun korapilo estu hori desegiten hasteko eta geratzen zaigun hutsuneari aurre egiteko lagungarri izaten da, dudarik gabe.
Gogoratzen den orok bizirik dirauela esan ohi da; pentsa dezagun, bada, hala dela. Askotan, gainera, azken momentuak oroitzen ditugu errazago, memorian gertuxeago ditugunak, nolabait. Beraz, azken agur horrek indar are handiagoa hartzen du. Saia gaitezen despedida zintzoagoak egiten, naturalagoak, pertsonalagoak. Markatuta dugun era horretatik urruntzea ez da txarra, bestelako agurrek ere tokia baitute.
Argazkia: Patxi Beltzaiz.