Udalerri euskaldunen mankomunitateak 30.000 euro jasoko ditu hitzarmenari esker, euskararen erabilerarako planak egiteko; herrialdeko bertze bi herri batuko dira UEMAra.
Olaia L. Garaialde
“Nafarroako Gobernuaren diruari esker, UEMAko kide diren herrialde horretako udalerrietan euskara biziberritzeko urratsak egiteko zenbait proiektu aurrera eramatea lortuko dugu”. Iraitz Lazkano UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariarenak dira hitzak. Lehendabiziko aldiz, Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatu du mankomunitateak, eta, horri esker, euskara sustatzeko 30.000 euro jasoko ditu.
Denbora “luzez” aritu dira UEMA eta Euskarabidea Euskararen Nafar Institutua harremana lantzen, eta Lazkanok azpimarratu du lorpen “handia” dela, azkenean, hitzarmena sinatu izana: “Joan den urtean negoziazio fasean izan ginen, eta azkenean lortu dugu”. Euskarabidearen egoitzan eman zuten hitzarmenaren berri bi erakundeek, Iruñean, joan den astean, eta bertan izan ziren Lazkano, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Mikel Arregi Euskarabideko kudeatzailea eta Aitor Elexpuru Berako alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordekidea.
Ollok azpimarratu zuen “oso garrantzitsua” dela euskarak garatzeko “berezko lekuak” izatea: “Nafarroako udalerri euskaldunetan, normalean, modu naturalean bizi daiteke euskaraz; belaunaldi batetik bestera transmititzen da euskara; hizkuntza etenik gabe biziberritzen da; eta herri honen aniztasunari eta kulturari ekarpen garrantzitsua egiten diote. Horregatik, zaindu, babestu eta indartu egin behar ditugu”.
1991tik martxan
Asko dira hitzarmen horri esker aurrera eraman nahi dituzten ekimenak; hala nola, UEMAko kide diren udalerriei euskararen erabileraren inguruko aholkularitza ematea, herrietan kulturartekotasuna garatzeko proiektuak sustatzea, hezitzaileak prestatzea, herriei zuzendutako euskararen erabilera planak egitea, udalei itzulpen zerbitzua ematea eta gazteak kontzientziatzeko Salto izeneko udalekuak antolatzea. Ekinbide guztiak Kemen metodologiaren arabera gauzatuko dituzte. “Zenbait herritan proba egiten ari gara, eta zehaztuta dagoenean erabiliko dugu”, azaldu du Lazkanok.
1991n jarri zuten mankomunitatea martxan; hamazazpi udalerrik sustatu zuten proiektua. Bihartik aurrera, ehun kideren langa gaindituko dute: “Legealdi honetan UEMAri jarri genion helburuetako bat bete dugu”, zehaztu du mankomunitateko lehendakariak. Arruazu eta Doneztebe dira, hain zuzen, bihar UEMAn sartzeko urratsa eginen duten udalerrietako bi. Hortaz, bi herriokin batera, hamasei izanen dira mankomunitatean dauden Nafarroako udalerriak. “Nafarroan hizkuntza politika ausartak egiten jarraitzeko bultzada bat da”, azpimarratu du Lazkanok. Urteko batzarra eginen dute bihar, Azpeitian (Gipuzkoa), eta arratsaldean ongietorria eginen diete Donezteberi eta Arruazuri.
Euskal Herriko mankomunitaterik handienetariko bat da UEMA. “Iparraldeko Euskal Elkargoaren ondoren gaude gu, eta 300.000 mila pertsona baino gehiagoko lurgune euskalduna osatzen dugu”. Lazkanoren ustez, mankomunitatearen “sendotasunaren” isla dira datu horiek. UEMAko lehendakariak gaineratu du zenbait alderdik gobernatutako udalerriek parte hartzea “indargune” bat dela: “Egonkortasuna ematen digu”.
Kezka ere bai
Euskaldunen errealitatea “asko” aldatu dela eta aldatzen ari dela aipatu du: “Gero eta udalerri euskaldun gehiago daude, eta euskararen ezagutza poliki-poliki gora egiten ari da”. Hala ere, kezkatuta dago udalerri euskaldun eta arnasgune batzuetan joera “mantendu” edo “behera” doalako: “Lortu dugun sendotasuna erabili nahi dugu herri euskaldunak eta arnasguneak babesteko, eta politika linguistiko aurrerakoiak egiteko”.
UEMA Nafarroan
UEMAk hamasei herri ditu Nafarroan. Arbaizuko Udala da hasieratik dagoen bakarra: 1991n mankomunitatea martxan jarri zuten udaletako bat izan zen. UEMAko Nafarroako herrien zerrenda:
Arbizu. 1991. urtetik.
Leitza. 1993tik.
Goizueta. 1993tik.
Arantza. 1995etik.
Basaburua. 2008tik.
Areso. 2008tik.
Leitza. 1993tik.
Larraun. 2009tik.
Bera. 2009tik.
Etxalar. 2009tik.
Araitz. 2009tik.
Igantzi. 2021etik.
Baztan. 2013tik.
Lesaka. 2020tik. Lesaka aurretik ere izan zen UEMAko kide, baina udalak mankomunitatetik atera-tzea erabaki zuen, 2015ean. Baina 2020ko abenduan berriz sartzeko erabakia hartu zuen.
Arruazu eta Doneztebe bihar batuko dira UEMAra.
Argazkia: UEMA.