“Gure etxeak, Sabicas etxeak, erdigunean jarri ditu ijitoak”

“Gure etxeak, Sabicas etxeak, erdigunean jarri ditu ijitoak”

Agustin Castellon Campos ‘Sabicas’ musikariaren hobia berritzeko diru bilketa publiko bat hasi dute. Sabicas etxea da sustatzaileetako bat. Juan Muñoz zuzendariak «merezi duen aitortza» eskatu du Sabicasentzat.

Edurne Elizondo

Agustin Castellon Campos Sabicas (Iruñea, 1912-New York, 1990) musikariaren hobia berritzeko dirua biltzeko kanpaina jarri dute martxan Sabicas etxeak, Nafarroako ijito elkarteen Gaz Kalo federazioak eta Flamenco on Fire jaialdiak. Iruñean Sabicas etxean egindako aurkezpena hasi baino lehen, eta Juan Carbonell gitarra jotzailearen zuzeneko musikak lagunduta, Sabicasek merezi duen aitortza eskatu du haren izena daraman etxeko zuzendari Juan Muñozek (Iruñea, 1986).

Dirua lortzea da martxan jarri duzuen kanpainaren helburu bakarra?

Helburu nagusia da Sabicas maisuaren hobia zaharberritu ahal izatea, baina, aldi berean, auzia erdigunean jartzeko aitzakia bat ere bada. Sabicas lehen mailako artista bat izan zen, flamenkoaren eta musikaren esparruan oinarrizkoa da haren ekarpena; Paco de Luciaren maisu izan zen, bertzeak bertze. Hori guztia egin zuen, baina, hala eta guztiz ere, oraindik ez du jaso merezi duen aitortza. Ez ditut artistak alderatu nahi, baina Pablo Sarasatek, adibidez, mausoleo handi bat du bere omenez. Ez dugu hainbertze eskatu nahi ere; baina egin diezaiotela Sabicas maisuari merezi duen aitortza.

Iruñeko Udalaz edo Nafarroako Gobernuaz ari zara?

Erakundeen arreta erakarri nahi dugu. Kanpaina martxan jarriko dugu, eta espero dut urrats horrek eragitea Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua auzian inplikatzea. Ez delako zuzena Sabicasen gisako artista baten hobia dagoen bezala egotea. Horma-hobi batean dago maisua, baina haren izena ere ezin da irakurri, hizkiak falta direlako. Gehiago merezi du.

Iazko martxoan, Iruñeko Udalak Sabicasen omenezko eskultura bat inauguratu zuen. Monumentu hori lortzeko prozesua ere mantso joan zela nabarmendu zuen Gaz Kalo federazioko buru Ricardo Hernandezek, inaugurazioan. Sabicasen aldeko urrats guztiak datoz berandu?

Bai. Eskultura, azkenean, jarri zuten, baina berandu. 2012. urtean ospatu zen Sabicasen jaiotzaren mendeurrena, eta hamar urte behar izan ziren haren omenezko eskultura jartzeko. Sabicas etxea ia duela hamar urte sortu genuen, eta uste dut denbora honetan anitz eman diogula hiriari, erakutsi dugula flamenkoak duen balioa. Uste dut babestu behar dela balio hori, eta aitortu. [Espainiako] hegoaldetik ere guri begira ari dira!

Erreferentzia bilakatu zarete?

Sabicas da erreferentzia nagusietako bat. Flamenco on Fire jaialdia ere badugu; duela hamar urte jarri zen martxan, eta nazioartean onenetako bat bilakatu da jada.

Iruindarrak ere hurbildu dira flamenkora?

Nik uste dut baietz; Sabicas etxeari esker, adibidez, uste dut herritarrek ezagutu dutela hirian dugun maisu handia. Lehen, anitzek ez zuten ezagutzen. Mañueta karrikan jaio zen, mundu osoan ezagun bilakatu zen ijito nafar bat zen. Flamenkoak, finean, denak hartzen ditu bere barruan. Eta baditugu euskaraz aritzen diren artistak ere: Sonakai. Orain behar dugu Nafarroako erakundeek flamenkoa eta Sabicasen ondarea babestea urte osoan, ez bakarrik Flamenco on Fire jaialdia egiten dutenean.

Sabicas etxea 2014an sortu zen; prozesua ez zen erraza izan, ezta?

Ez, kostatu egin zitzaigun behar genuen laguntza jasotzea. Etxe honetan dagoen guztia nik eta nire familiak egin dugu. Iruñeko Udalak etxabea utzi zigun, baina sartu ginenean, hemen ez zegoen argindarrik, ez zegoen urik, hemen ez zegoen deus. Guk egin behar izan dugu dena. Argia eta loreak eman dizkiogu txoko ilun honi!

Flamenkoaren etxe bat sortu duzue?

Bai. Flamenkoa maite duen edonork hemen du bere etxea. Finean, denen etxea da hau. Baina zaila izan da hau lortzea, hori onartu behar dugu. Anitzek ez diote flamenkoari duen balioa aitortzen; estereotipoak nagusitzen dira, anitzetan.

Ijitoen aurkako estereotipoez ari zara?

Bai. Tamalez, oraindik ere, arrazakeria bada, eta ijitoon kontrako jarrerak sufritu behar izaten ditugu. Flamenkoak, hain zuzen, min hori guztia jaso du. Gure etxeak ijitoak jarri ditu erdigunean, gure herria jarri du erdigunean, eta uste dut orain arteko bidea bikaina izan dela. Nire familia hemengoa da, eta ni nafarra naiz muineraino.

Uste duzu batzuek ijitoak eta nafarrak bereizten dituztela, oraindik ere, ijitoen aurkako jarrera horiengatik?

Horrelako jarrerak badaude; hau da, jendeak bakarrik ijitoa ikusten du gu ikusten gaituenean, eta ijitoen inguruko aurreiritziek eta estereotipoek eragindako begirada bat da hori. Ni Iruñeko Alde Zaharrekoa naiz, ijitoa, eta harro nago.

Iruñeko Alde Zaharrekoa, ijitoa, eta musikaria. Iaz kaleratu zenuen zure lehendabiziko lana. Bide baten hasiera da?

Hagitz kontent nago. Sabicas etxean egin ditudan hamar urteotan konfiantza lortu dut oholtza batera igo eta kantatzen hasteko, azkenean. Flamenkoaren lehen mailako artista anitz ezagutu ditut hemen, eta haietako zenbaitek parte hartu dute Sin título nire lehen diskoan.

Maiatzaren 26an, Zizur Nagusian ariko zara.

Bai; Zizur Nagusian Javier Asiain poetarekin Lorcaren omenez prestatutako proiektu bat aurkeztuko dut. Poesia eta kantua uztartzen dituen proiektu bat da. Flamenkoa dut nik beti nire bihotzean.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.