Leitzako Udalak ‘Eskola bidean Tibur otsoarekin’ ipuina argitaratu du, herritarren artean autoaren erabilera murrizteko asmoz, eta kaleetako mugikortasuna hobetzeko.
Itsaso Jauregi
Behin batean Leitzalarre ingurura otso ibiltari bat iritsi zen. Lekua asko gustatu zitzaion eta bertan denboraldi batez geratzea erabaki zuen Tibur izeneko otsoak”. Egun batean, Tibur otsoa Leitza inguruko zuhaitzetatik urrun esnatu zen, eremu ezezagun batean. Basorako bidea aurkitu nahian, otsoa herriko kaleetan ibili zen, ilargia iparrorratz gisa izanik. Bat-batean, bi argi izpi ikusi zituen urrutian, eta trumoiaren antza zuen soinua gero eta hurbilago entzun zuen. Otsoak, beldurtuta, bide bazterrera jauzi egin zuen, eta bertan bere bihotza lasaitzen saiatu zen: “Zer ote zen ondotik ziztu bizian pasa zitzaion munstro beldurgarri hori?”.
Horrela hasten da Leitzako Udalak kaleratutako Eskola bidean Tibur otsoarekin ipuina. Mugikortasuna hobetzeko eta autoa gutxiago erabiltzeko asmoz, udalak Tiburren ipuina herritarren artean banatu du, eskolara oinez joatea eskatuz haiei. Kontakizuna idazteko Leitzako zinegotzi Iñigo Alduntzinek (Leitza, 1991) Erleta eskolako ikasleen ideiak hartu zituen, eta Unai Ruiz ilustratzaileari eman zizkion (Bera, 1983). Leitzako armarrian dagoen otsoa da kontakizunaren protagonista —Tibur—, eta umeentzako bide segurua markatuko du bere oinatzekin.
Ipuinaren helburu nagusia gurasoak kontzientziatzea dela esan du Alduntzinek, umeak modu seguruan eskolara joateko: “Etxera ailegatu behar zen zerbait asmatu nahi genuen; gurasoek irakurriko duten zerbait, eta seme-alabekin etxean komentatuko duten zerbait. Horregatik erabaki genuen ipuin bat egitea, familia bakoitzari bidaltzeko”. Nahiz eta Erleta eskola herriaren erdigunean egon, zinegotziak esan du gero eta ohikoagoa dela gurasoek autoa erabiltzea: “Azken urteetan sortu den arazoa da, gu gazteak ginenean beti oinez joaten ginelako. Uste dut gero eta gehiago babestu nahi ditugula gure seme-alabak, eta errazagoa eta azkarragoa da umeak zuzenean autoz eramatea”.
Leitzako gidaria
Ilustratzaile izateaz gain, Erletako ikasle baten aita da Ruiz, eta, horregatik, proiektuan parte hartzeko gonbidapena jaso zuenean, ez zuen zalantzarik izan baiezkoa emateko. Marrazkiak helduentzat zein umeentzat erakargarriak izatea nahi zuen Ruizek, baina ez du bere estiloa alde batera utzi: “Saiatu naiz, gutxienez ilustrazio batzuetan, nire gustuarekin bat etortzen den estiloa erabiltzen; ilunagoa den estilo bat”.
Iluntasun horren protagonistak autoak dira, kontakizunaren munstroak, eta Tiburren bizitza arriskuan jartzen dutenak. Autoen argiek munstroen begiak ekartzen dute gogora, eta motorraren soinua trumoiekin konparatzen du ilustratzaileak: “Erakutsi nahi nuen autoak kontuz ibili beharreko zerbait direla”.
Tibur Leitzako plazan dagoen armarrian bizi da, haritzean, eta ate magiko bati esker iristen da herriko kaleetara. Ipuinaren kontakizunean herriko plaza, erreka eta kaleak agertzen dira, eta hori nahita egin duela azaldu du Ruiz ilustratzaileak: “Irakurlea identifikatuta sentitzea nahi nuen, eta gure herriko ipuina sortzea”. Herrikoek ezagutuko dituzten kaleak erakutsiz, errazagoa da autoen arriskua helaraztea, Alduntzinen arabera, eta, gainera, harrotasun puntua sortu du herritarren artean: “Herriko ipuin bat izatea eta bertan adieraztea autoz mugitu ordez oinez joatea onuragarria dela, uste dut ikaragarria dela; leitzarrak oso leitzarrak gara”.
Leitzar guztiek Tibur ezagutzen dutela esan du zinegotziak: “Gurasoekin bilera bat egitea baino eraginkorragoa izan da ipuin hau sortzea. Gainera, ez da behin bakarrik irakurtzeko kontakizuna; egoera hausnartzeko erabilgarria da”. Mugikortasunaren arloko pauso “txikia” izan arren, autoaren erabilera zalantzan jartzeko erabilgarria izan dela esan du hautetsiak.
Bere oinatzekin bide seguruak seinalatu ondoren, bere etxera itzultzen da Tibur: Leitzako armarrira. Hala ere, egunero zeharkatuko du ate magikoa, goizero herriko umeak munstroengandik babesteko. “Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila Leitzako herriko armarrian, eta atera dadila Erleta eskolan”.
Ilustrazioak: Unai Ruiz.