“Gure nortasunari eutsiko diogu, arroken kontra ez joateko”

“Gure nortasunari eutsiko diogu, arroken kontra ez joateko”

Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak 50 urte bete berri dituela ospatuko du gaur. Pedro Sorbet da zentroko zuzendaria, 2018tik.

Olaia L. Garaialde

Urte luzez Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako filosofia irakaslea izan eta gero, 2018. urtean zentro horretako zuzendari kargua hartu zuen Pedro Sorbetek (Iruñea, 1963). Eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta ospatzeko besta eginen dute gaur, hiriburuko Zentral aretoan. Zabalik da jada batxilerrean izena emateko epea, eta eskolako gainerako ikasketetan izena ematekoa, berriz, apirilaren 14an hasiko da.

Eskolak 50 urte bete dituela ospatuko duzue. Zer moduz zaudete?

Pozik eta gogotsu, garrantzitsua delako eta ospatu nahi dugulako. Sortu dugunari eusteko, etorkizunari erreparatzeko eta hazteko bideen inguruan hausnartzeko garaia da.

Zein norabide hartu nahi duzue?

Azken 30 urteetako nortasun berari eutsi nahi diogu. Hau da, ikasketa artistikoak, batxilerra, ikasketa profesionalak eta graduak dituen eskola bat eraikitzen jarraitu nahi dugu. Gaur egun dena oso azkar aldatzen denez, gehiegizko abiaduran doan modernitatean, kapitalismoan eta globalizazioan murgilduta gaude. Horrelako garaietan zaila da identitateari eustea, baina jakin behar dugu zer nahi dugun eta zein bide hartu nahi dugun. Bestela, olatuen edo haizearen ondorioz albo batetik bestera doan taula bat izango gara, eta arroken kontra joko dugu. Beraz, nortasunari eutsiko diogu, arroken kontra ez joateko. Hala ere, berdin-berdin gerta liteke arroken kontra joatea. Garena izaten jarraitu nahi dugu, betiere egokitzen.

Azken urteetan nola aldatu da eskolaren ibilbidea?

1980ko hamarkadan Iruñeko Udaleko monografikoek fama handia hartu zuten. Ez ziren titulu ofizialak, baina arratsaldean jendea marrazketa eta zeramika egitera etortzen zen. 1990eko hamarkadan, ikasketa horiek desagertu, eta diseinua, batxilerra, argazkilaritza, estanpazio teknikak, eskultura eta ebanisteria bezalako ikasketak eskaintzen jarraitu genuen. XXI. mendean, bi urtekoak ziren zenbait gradu lau urteko bilakatu ziren; adibidez, ilustrazioaren eta ikus-entzunezkoen inguruko ikasketak. Ikasketa horiek lau urteko bihurtu zirenean, desadostasunak izan genituen unibertsitateekin.

Zergatik?

Geroz eta haur gutxiago jaiotzen direnez, ikasle kopurua jaisten ari da, eta gure graduak egonkortuz gero, ikasleak galtzeko beldur dira.

Hala ere, elkar elikatzen zarete?

Bai. Arte Ederrak ikasi dituzten asko etortzen dira gurera ikasketa jakin batzuetan espezializatzera, eta beste asko, berriz, hemen ikasi eta gero, unibertsitatera joaten dira.

Artearen inguruan dauden aurreiritziak deseraikitzen saiatu zarete urte hauetan?

Ahal den neurrian, bai. Horregatik, ahalik eta lan praktikoena egiten saiatu gara beti. Horretarako, irabazi asmorik gabeko erakundeentzako lanak egiten dituzte gure ikasleek; adibidez, muralak, eskulturak eta eskuorriak prestatzen dituzte.

Lan aukerei lotutakoak dira horietako aurreiritzi asko?

Bai. Esan ohi da arteari lotutako ikasketek ez dutela irteera zuzena, eta kasu batzuetan egia da, baina beste ikasketa askorekin ere gertatzen da. Orokorrean, zaila da ikasketak amaitu eta berehala lan bat topatzea. Horregatik, gure helburu nagusia da gure ikasleen gaitasunak garatzen jarraitzea.

Zer-nolako harrera dauka eskolak?

Oro har, ona. Batzuetan gertatzen da jendeak zenbait gradu ez dituela ongi ezagutzen, haien inguruko informazio gutxi zabaltzen delako, baina ezagutu ostean, gustura daude. Irudiarekin eta teknologiarekin zerikusia daukaten ikasketek gehiago erakartzen dituzte ikasleak, baina tailerreko giroa ezagutu ostean, tradizionalagoak diren teknikak ere gustuko dituzte.

Eta giroa nolakoa da?

Denetarik dago, unibertsitatean bezala. Publikoa denez, aniztasun handia dago: adina, genero identitatea, orientazio sexuala, jatorri soziokulturala…; askotariko jendea etortzen da. Gurera etorri diren zenbait ikasleri gertatzen zaie zenbait gauzengatik beste lekuren batean markatuta zeudela, nolabait esanda, eta hemen eroso sentitu, eta askatasunez bizi dira. Zorionez, giroa lasaia da. Txantxetan esaten diet, ongi dagoela gustura egotea, baina lana ere egin behar dela.

Eskolak gaztelaniaz izaten dira. Euskarazko eskaintza sortzeko ahaleginik egin duzue?

Ikasleen %20 inguru dira euskaldunak, eta, ondorioz, azalpen orokorrak gazteleraz izaten dira; talde txikietan edo binaka elkartzen direnean, baina, denek euskaraz dakitenean, nahi izanez gero, euskaraz egiteko aukera daukate. Joan den urtean, Ilustrazio graduan eskari handia zegoenez, bi talde sortzea pentsatu nuen, euskaraz eta gaztelaniaz, baina azkenean ez genuen egin. Zaila da eskaintza handitzea, dena oso mugatuta dagoelako, baina gogoan dut noizbait graduetako bat elebiduna izan zela.

Esan izan duzu ikasketak ezagutarazteko zailtasunak izaten dituzuela; zergatik?

Uste dut Nafarroako Gobernuak gehiago sustatu beharko lukeela gure eskaintza. Gainera, gradu batzuk oso tradizionalak dira, eta norabidea pixka bat berrikusi behar da. Baina ez dut ikusten interesik Nafarroako Gobernuaren partetik.

Desadostasunak izan dituzue gobernuarekin ere; esate baterako, 2015ean, Miguel Askunze eskolako zuzendariak dimisioa eman zuen. Zer gertu zen?

Aspalditik eskatzen ari ginen Diseinu Grafikoa ikasteko gradua Iruñean, baina Nafarroako Gobernuak etengabe ukatzen zigun aukera. 2015. urtean, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan guk eskatutako gradua jartzea erabaki zuen UPNk.

Ez zineten ados?

Ez genuen ulertzen zergatik jartzen zuten han, hiriburuetan egoten direlako graduak. Hezkuntza Departamentuarekin konfrontazioa sortu zen, eta irakasleen artean ere zatiketa egon zen. Ezinegon handia zegoen, eta zuzendariak dimisioa eman zuen. Bertze batzuk aritu ziren zuzendari gero, eta 2018an nik hartu nuen kargua. Urtebetera, Iruñean gradua eskaintzea lortu nuen. Ez dugu nahi genuen guztia lortu, baina, behintzat, zauria itxi dugu.