Bidatz Villanueva Etxague
Euskaldunok euskaraz zergatik hitz egiten dugun justifikatu beharrean aurkitzen dugu geure burua hainbatetan. Eztabaidak ere izaten ditugu, euskara erabiltzearen arrazoia zein den deskubritu nahian, ahalik eta objektiboena den pisuzko argudio bat emateko. Hizkuntza hegemonikoa bakarrik dakitenek ez dute inoiz hausnarketa hori izanen, salbuespenak salbuespen. Nekeza da behin eta berriz pentsatzea horretan, euskaraz komunikatu nahi dugula aldarrikatu behar izatea, gutxituak ez diren beste hizkuntzak erabiltzean horren inguruan pentsatzeko presiorik ez dugun bitartean. Eta zergatik ezin luke izan arrazoiak aldarria bera? Hau da, euskaraz aritu nahi dugu, hala nahi dugulako. Eta listo.
Mendigorrian eremu mistora pasatzeko eskaeraren atzean hizkuntzen arteko lehia dagoela entzun izan dut, oinarrian eskubideen aldeko borroka dagoela konturatu gabe. Askok euskara onartzen dute albo batean baldin badago, eragozten ez baldin badu. Antzekotasuna datorkit burura, periferia delakoan bizi diren identitate ez normatiboekin. Toleratuko ditugu, baina ez ditzatela bere gustuak eta jarrerak sobera erakutsi. Hori da pribilegioa duen eta arau hegemonikoen barruan eroso bizi den norbaiten diskurtsoa. Eta noski, berekoitasunaz, enpatia faltaz eta menderatzailearen jarreraz zipriztindua.
Bestalde, euskara normaltasunez eta harrotasunez bizitzeko apustua egin nahi dugunok barkamena eskatzen ibili behar izatearen sentsazioa erauzi beharko genuke. Hizkuntzak komunikatzeko tresna dira, ados, baina norberaren bizitzan zentzu zabalagoa hartzen dute, eta horrek ere aberasten du hain garrantzitsua iruditzen zaidan aniztasuna. Zenbatek eskertu dioten amari euskararen transmisioaren gidari izatea, edo euskara ere jakin gabe, eskutik euskal eskolara eramatea, Aitor Mendiluze bertsolariak finalaren agurrean abestu zuen moduan (haren kasuan, bertso eskolara zeraman amak). Zenbat zirrara eta emozio sortzen dizkigun, enpatiagatik edota gutako askok horretan islatuak ikus ditzakegulako gure bizitzak. Hizkuntzarekiko atxikipen emozionala ukaezina da, arrazionalki ere azaldu ahal duguna, baina sentipenek ere bagaramatzate komunikazio bide bat edo beste bat hartzera.
Euskararen alde gazteak manifestazioan ikustea pozgarria eta itxaropentsua da, baina borrokarako grina hori erabileran islatuko balitz, arnasa handia emanen genioke hizkuntzari, batez ere Iruñerrian eta hemendik behera. Aldarrirako kontzientzia pizgarri bat da, baina institutuan nengoeneko ereduek jarraitzen dute: lagun artean euskara ia hitz egin ez, eta horren alde manifestatzea.
Gazteak euskara erabiltzera nola motibatu? Zaila da erantzuten. Hainbeste estimulu ditugun garaiotan, ikus-entzunezko edukia kontsumitzeko eredu berri eta aldakorretan harrapaturik, euskararekin hor lekua egitea zaila da, sortzen den edukia gero eta aberatsagoa den arren; hala nola, sareetako eduki sortzaileen edo euskarazko musika taldeen testuinguruan. Familietan egiten den transmisio lanak berebiziko garrantzia du. Ondoren, nola egin genezake hizkuntzarekin sortu den atxikipen emozional horri eusteko?