Olatz Azpirotz Larzabal
Azken egunotan ez hotzak, ez haizeak ez naute uzkurtu, tenperatura leunegiak izan baititugu bat-batean, akaso. Aurreko egunean, batek, ahoan irriño bat lagun zuela, behin bere buruari euskara ez zuela sekula ikasiko zin egin ziola aipatu zidan, eta ni ezustean txikitu nintzen; oraindik ez dakit ostendu ezin izan zuen irri ñimiño horrengatik edo bere hitzek islatzen zutenagatik izan zen. Berak erabakitako ondorio horren atzean zein arrazoi, zein kausa, zegoen galdetu nion, baina ez nuen erantzun edo azalpen arrazoiturik jaso.
Bizpahiru egun beranduago, Patxi Zubizarretarren literatura lan bat lantzen ari ginela, beste batek, gaztelaniaz, egiten ari ginen horrek ea azterketarako balio zion galdetu zidan, eta berriz txikitu nintzen, berriz ñimiñotu eta berriz, bere aurrejuzguak zein jarrera aldatzeko edo behintzat horiei buruz hausnarrarazteko saiakera bat egin nuen. Inork ez du berebiziko botere absoluturik, baina tira, hobe da egina, ezen ez balizko betegina baino.
Martxoaren 29an, BERRIAn Kike Amonarrizen iritzi-artikulu bat agertu zen, eta hura irakurrita, aurretik sentitutako egonezina nondik zetorren ikusi ahal izan nuen. Bertan, euskara irakastearen eta euskal hiztun aktiboak sortzearen inguruko hausnarketa eta iritzia irakur zitezkeen.
Aipatzen zituenak irakurri eta gero, hor ikusi nuen aurreko egunetan entzundakoen atzean hezkuntza-sistemaren ahulgune nabarmen bat dagoela; ikasleak oro har, ez dira euskal hiztun aktibo sentitzen, eta guk, kasu askotan, urteen poderioz hartu nahi izan dugu rol aktibo hori, baina gehienetan, ez da ikasitako zer edo zer izan.
Horrek garrantzi handia du, eta garrantzi horretaz jabetzea da, akaso, hastapeneko pausorik konplexuena; nola azaldu hizkuntzara gerturatzen diren horiei, etxe eta bizipen desberdinetatik datozen horiei, hizkuntza kultura dela, eta hizkuntzatik datorrela gaitasuna neurtzeko azterketa, eta ez azterketatik hizkuntza. Nola adierazi hori, oraindik gure hiztun izana Nafarroan hiru zatitan banatuta baldin badago? Nola sustatu hiztun aktiboa izateko jarrera, oraindik leku gehienetan eguneroko bizitza euskaraz bete ezin dezakegun honetan?
Nik behintzat, ez dakit erantzuna zein den. Badakit, ordea, horietako askok lanpostu publikoetan lana egiteko hautua hartuko dutela, eta horiekin, guk euskaldun gisa daukagun euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatuta gera daitekeela. Hartu-eman hori bermatzen eta gertatzen bada, gure eskubideetako zenbait bete daitezke, eta euskarak gure egunerokoan duen presentziak irmotasunetik zerbait har dezake.
Hiztun berri horiei lotuta gaude, eta katastrofista ez izateko saiakera eginda, egunen batean era komun batean ikasle horiei euskarak, euskal kulturak eta euskaraz guztiz edo ahal bezainbeste bizitzeak dituen ekarpenak ikusarazi beharko dizkiegu. Hala ere, behar hori egiazkotasunaz blaitzeko, lehenik eta behin galdera horiek guk erantzutea beharrezkoa dela deritzot; euskarak guri zer ematen digun argi ez badaukagu, ezinezkoa izanen delako beste inor ekarpen zehaztugabe horien garrantziaz jabetzea lortzea.