Karpa, haur bat eta elefantea

Karpa, haur bat eta elefantea

Anastasini zirkuaren omenez monumentu bat eraiki dute Larragako Memoriaren Parkean, 36ko gerran hildako izenik gabeko langileak gogoratzeko asmoz.

Itsaso Jauregi

Sartu eta ikusi, Anastasini zirkua Lodosan da!”… Italiako zirku ospetsuak zuzendariarengandik hartzen zuen bere izena: Aristide Anastasini. Anastasinik, bere alaba Giovannarekin batera, ikuskizunez betetako zirku bat sortu zuen 1860an; 1936an, karpa zuri gorria bildu, eta Euskal Herrirantz abiatu ziren, Afrikako iparraldean bira bat egin ondoren. Trapezistek beren azkeneko ikuskizuna eskaini zuten Lodosan, 1936ko uztailaren 18an. Soilik hiru geratu ziren Lodosan: karpa, ume bat eta elefantea.

Guardia Zibila frankistak zirkuko kideak hil zituen. Zirkuko zuzendariak eta bere alabak ihes egitea lortu zuten, ikuskizunean erabiltzen zituzten zaldiei esker. Gertakariaren inguruan ez dago informazio handirik, baina Maravillas Lamberto eta Zurbau elkarteek izenik gabeko langileen historia argitzen saiatu dira, eta apirilaren 1ean omenaldia egin zioten zirkuari Larragako Memoriaren Parkean. Bertan zegoen Txema Leston (Iruñea, 1963) Zurbau elkarteko kidea, elkarte bereko Jesus Nieto Eme-rekin batera. Pailazoaren sudurra jantzita, hildakoen omenez eraikitako harrizko monumentua inauguratu zuten.

Lestonek azaldu duenez, monumentua osatzen duten hiru harriak Nietok lortu zituen, mendian. Harri lauak zirkuaren pista irudikatzen du, eta Anastasiniren alaba zizelkatuta agertzen da. Beste bi harriek Mendabiako La Caballera eta San Gilen hobiak irudikatzen dute, bertan gorpuak aurkitu zituztelako. Burdinazko egitura bat ere badago, Anastasini zirkuaren karpa irudikatzen duena. Parte hartzaileak zirkuko arropekin uniformatu ziren, eta musikak plaza bete zuen, hildakoak gogoratzeko asmoz: “Nahi genuen giroa lortu genuen. Hilketen errealitate tristea inoiz ahaztu gabe, festa eta zirku giro bat zabaldu nahi genuen”, esan du Lestonek.

Zirkuko langileen lehenengo gorpuak 1948an agertu ziren. 12 urteko Eliseo Larrañegik aurkitu zituen, janariaren bila zebilenean; garezur txikiak eta handiak. Gaizki lurperatutako hezur horiek eta 1970eko hamarkadan Mendabiako La Caballera hobian aurkitutako 27 gorpuak kontuan hartuta, 1936ko uztailaren 18an zirkuko berrogei pertsona inguru hil zituztela kalkulatzen da.

Memoria berreginez

Lestonek hainbat hipotesi aipatzen ditu zirkuko langileen hilketa azaltzeko: “Atzerritarrak zirelako, karpak mendia estaltzen zuelako…; segur aski, Guardia Zibilarekin liskar bat izan zuten bi arrazoi horiengatik”. Hala ere, zirkuan lan egiten zutenen historia argitzea “oso zaila” izan dela azaldu du Zurbau elkarteko kideak, familiako kideak aurkitzeko arazoak izan dituztelako: “Testigantzak senideengandik datoz. Kasu honetan, inon dokumentatuta ez zeudenez, ez dute familiarik”.

Seniderik aurkitu ez zutenez, elkarteko kideek euren aitona-amonekin hitz egitea erabaki zuten, haien gaztaroko istorioak entzuteko, eta Anastasini zirkuaren oroitzapenen bat lortzeko itxaropenarekin. Gizon baten testigantza lortu zuten, elefanteaz eta zirkuaren izenaz oroitzen zena. Zirkuaren existentziaren ahozko froga hori lortu zutenean, udaletxeko paperak arakatu zituzten, eta jaiotza agiri bat aurkitu zuten: herrian bizi izan ziren bi pertsona zirkuko langile gisa agertzen ziren. “Hori da, hain zuzen ere,hemen egon zirela erakusten diguten funtsezko datuetako bat”, azaldu du Lestonek.

Joan den larunbatean hildakoak oroitu zituzten Larragan. Lestonek esan duenez, jendearen babesa “izugarria” izan zen, eta 250 lagun baino gehiago bildu ziren, trapezistaz edo pailazoz mozorrotuta. Oraindik ez dira jakinekoak frankistek hildakoen izenak, baina Maravillas Lamberto eta Zurbau elkarteek ikertzen jarraituko dutela jakinarazi du Lestonek, egia, justizia eta erreparazioa lortu arte: “Guretzat saria da Anastasiniri ahotsa ematea eta izenik gabeko langile haiek omentzea, ahanzturan gera ez daitezen”.

Elefantea ibaian

Renato Anastasini zirkuko zuzendariaren semearekin hitz egin zuten Zurbau elkartekoek; aitarekin batera, Lodosatik ihes egitea lortu zuen 3 urte zituenean. Ez du ezer gogoratzen, baina bere aitak esaten zion beste gerra batzuk bizi izan zituela; Lehen Mundu Gerra eta Bigarren Mundu Gerra, baina inoiz ez zuela Lodosan bezain gaizki pasatu.

Lodosan geratu zirenen artetik, soilik karpa, 14 urteko ume bat eta elefantea atera ziren bizirik. Karpa Udaleko plazan geratu zen, eta biztanleek puskak hartu zituztela azaldu du Lestonek. Elefanteak herriko umeekin jolasten zuen, ibaian, eta meloiez elikatzen zen. Egun batean, zirkuko mutikoa elefantearekin batera desagertu zen, Lodosa betiko atzean utzita. Uste da beste zirku batera joan zirela, ikuskizunarekin jarraitzera.