Bi herriko etxeek egonaldia eskaini diete beren herrietako 40 gazteri; larrazkenean, Baigorrin bilduko dira. Harremanak euskaraz egitea da haien xedea.
Iñaki Etxeleku
Gaur, bihar eta etzi, Baigorriko (Nafarroa Beherea) hamazazpi gazte eta Baztango 23 Amaiurren bilduko dira, elkar ezagutzeko, trukatzeko, ikasteko eta abusagailuetan gozatzeko. Larrazkenean, egonaldi bertsua errepikatuko dute Baigorrin. Hain zuzen ere, Baigorriko eta Baztango herriko etxeek elkarrekin antolatu egitasmoa da, beren herrietako 11 eta 15 urte arteko gazteei euskaraz loturen egiteko parada eskaintzeko.
Bixente Hirigaraik, Baigorriko Herriko Etxeko animatzaileak esplikatu du gazteei eskaini lehen egonaldia Baztango alkate Joseba Otondok aspaldian hasi entsegu baten segida dela. “Otondok Baztango auzapez kargua hartu zuenean, Baigorri aldeko herri batzuengana etorri zen, errateko hemengo herriekin zerbaiten egiteko intentzioa bazutela”.
Joseba Otondok ere gogoratu du garai hura. “Kargua hartzekoan [2015], bilkura bat egin genuen Baigorriko kantonamendu zaharreko herriko etxe guziekin [Azkarate-Bidarrai-Urepele arteko eremuko herriak ziren; gaur egun, kantonamendua ez da gehiago]. Hasmentatik beretik, gure nahia baitzen mugaz gaindiko harremanak…; tira, mugaz gaindi baino gehiago, auzoko harremanak indartzea”. Administrazio mota desberdinak baitira, gauzak ez zirela errazak esplikatu du Otondok, eta deus konkreturik ez zutela burutu.
Baina orain egoera berri batean bezala direla, eta harreman gehiago badela adierazi du Baztango auzapezak. Eta herritik eta herriari begirako xede bat dela gehitu du: “Ari gara Euskal Herriaren egituratzeaz eta antolaketaz”.
Udal talde berriak
Otondok dioenez, Lapurdi eta Baxenabarreko auzo herrietan gertatu diren gehiengo aldaketek ahalbidetu dute harremanen berriz egitea. “Hor ageri da Euskal Herriari buruzko nahi bat; Euskal Herria ardatz bezala hartzen duen nagusigo bat, eta horrek errazten ditu gauzak”.
2017an Euskal Hirigune Elkargoaren sortzeak ere xendra bat gehiago ireki duela uste du, besteak beste, mugaz gaindiko eta mendialdeko kudeaketaren eskumenak hartu dituelako. “Harreman ez-formalak badaude, eta hor beti aukerak irekitzen dira bertze harreman batzuk bultzatzeko”.
Otondok horren lekukotzat dauka Gure Mendia, Europako laguntza batekin Saratik abiatu den egitasmoa: “Alde batetik, Urruña, Biriatu, Sara, Azkaine, Ainhoa, Senpere, eta Hegoaldetik, Bera, Etxalar, Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztan” elkartu direla oroitarazi du Baztango auzapezak. “Elkarrekin ditugun mendi horien gainean azterketa bat egiteko da, eta, ondotik, ekintza plan adostu baten egiteko”. Izan ere, herri horiek denek ikusia dute mendiaren erabileran gatazkak sortzen direla.
Dena kitorik izanen dute Izpegi bi aldeetako berrogei gaztek, asteburu honetako lehenbiziko egonaldian. Lehen naturalak ziren harremanak berriz natural bilakatu daitezen nahi dute hautetsiek. Horretarako, konbentzituak dira heldutasun adina baino lehenagoko urteak inportanteak direla.
“16 urtetik goiti gazteak hasten dira ateratzen, eta hortik goiti elkar gurutzatzeko parada izanen dute”, erran du Hirigaraik. “Guk harreman hori nahi genuen piztu lehenagotik”, gaztetarik erakutsiz Baztan hor dela. “Errazki joaten ahal da harat, eta komunikatu, euskaraz mintzo baikara bi ibarretan”. Lurraldeko hizkuntza denez, euskararen baliatzea azkartzeko molde bat zaio Otondori ere: “Gure mintzoa da. Euskararen ezagutza handia dugu bi aldeetan. Erronka da ezagutzatik erabilerara, jendea mintzatzera”.
Lurralde ikuspegiak ere inertzietarik ateratzea dute xede egonaldiarekin. Baigorriarrak Ipar Euskal Herrirat buruz itzulikatuak direla aitortu du Hirigaraik, eta Otondok, halaber, baztandarrak Iruñeari so direla: “Beti Iruñeari buruz ari gara, eta beti da mendekotasunezko begirada bat. Geure burua gu gauden tokian pausatzen badugu, Baztanen, orduan begiratzen dugu Baxenabarrerat, Hego Lapurdirat, Bidasoa alderat. Hor bizi eremu bat ikusten dugu”.
Memoria historikoa
Kontzientzia berreskuratzeko, historiaren transmisioari toki eginen diete Amaiurko eta Baigorriko egonaldietan, jostetaz gain. Hirigaraik erran du Izpegiz gaindiko historia aberatsaz badela zer konta: “Nahi genituzke historian zehar izan diren harreman ezberdinak landu”. Hala nola, 1936ko gerla denboran euskal gudarien laguntzeko Baztango emazteek zutik atxiki Alaba sarea aipatuz. “Mezuak eta pertsonak pasarazten zituen Baigorri eta Aldude aldera, Baionara arte”. Joseba Otondok zehaztu du “miliziano presoak eta gudariak zituzten presondegietako informazioa mugaz gaindi” ematen zutela, “baita tropa frankisten berri ere, atzerrian zen Eusko Jaurlaritzarendako”. Egunotako egonaldian, sare horrek baliatu xendretan ibiliko dira gazteekin.
Berrogei lekuak berehala bete ziren, eta konten da Otondo. “Sekulako arrakasta izan du; kontent gaude. Di-da, pentsatutako epea baino lehenago agortu ziren izena emateko tokiak”. Baztan eta Baigorriko aldeko guraso eta herritarren artean harreman horien errotzeko gogo bizia den seinale da hori, Baztango alkateak erran duenez: “Herriko etxeek egiten duguna da nahi horri gorputza ematea. Erakundeek herrietan diren nahiei bidea ematen dietelarik, normalki, gauzak ongi ateratzen dira”.
Larrazkenean, berrogei gazte Baigorrin egonen dira beste asteburu batez, gisa berean. Hautetsiek badute esperantza urteetan hedatuko den egitasmoa dela, zergatik ez Baigorri aldeko inguruko herrietara ere. Harremanak egiteaz gain, elkarrekin eraman arte lan baten sortzea aipatu dute, besteak beste.