Eman bai, baina ez dutelako jasotzen

Eman bai, baina ez dutelako jasotzen

Leo Bueriberi ekintzaile antirrazistak «ekiteko» eskatu dio mugimendu feministari, Iruñean antolatutako mahai inguru batean: «Elkarlanak joan-etorriko bide bat izan behar du».

Edurne Elizondo

Rafia Zakariaren Against White Feminism liburuaren arabera (Feminismo zuriaren kontra), baliteke zuria eta feminista izanda ere feminista zuri bat ez izatea, feminismo zuria delako bere kezkak eta usteak unibertsaltzat jotzen dituena, kontuan hartu gabe zuritasunak eta arrazaren pribilegioak duten eragina. Zuritasunaren pribilegio horretaz jabetzeko eta mugimendu antirrazistaren alde erabiltzeko eskatu die Leo Bueriberik feministei, hain zuzen, bi borrokek elkar elika dezaten. “Elkarlanak joan-etorriko bide bat izan behar du”, erran du, argi eta garbi, ekintzaileak, Iruñean. Nabarmendu du mugimendu antirrazistak eman egiten duela, baina oraindik jasotzeko zain dela. “Ekiteko” eskatu die mugimendu feministako kideei.

Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareko kide da Bueriberi; Katakrakek eta Nafarroako SOS Arrazakeriak antolatutako mahai inguru batean parte hartu du —martxoaren 24an egin zuten, Iruñeko Zabaldin—, Iruñeko LGTBI kolektiboko pertsona migratzaileak laguntzeko Fenix elkarteko kide Jared Andinorekin batera. Hainbat zapalkuntzak zeharkatutako gorputzez aritu dira, eta zapalkuntza horiei guztiei aurre egiteko beharraz; kolonialismoaren arrasto sakona erdigunean jarri, eta egiturazko arrazakeria salatu dute. Aliantzak eskatu dituzte, baina ez nolanahikoak: berdinen arteko harremanen alde egin dute, paternalismo orotatik urrun.

Fenix elkarteko Jared Andinoren ustez, transfeminismoa da aliantzak eta elkarlana sustatzeko bidea, “zapalkuntza ardatz oro” hartzen duelako kontuan, eta “justizia soziala” duelako helburu. Bat egin du Bueriberik, baina zehaztu du “elkarrekin sortzeak” izan behar duela oinarria. “Anitzetan galdetzen digute mugimendu antirrazistak zer eskatzen ote dion mugimendu transfeministari, eta galdera hori egiten dutenean ideia bat dago oinarrian: mugimendu transfeminista, berez, zuria eta zuriena dela. Gu ere bagaude espazio horietan!”.

Borroka feministak antikapitalista, dekoloniala eta antirrazista izan behar duela zalantzarik ez du Bueriberik. Hitzez harago ekiten hasteko, ordea, “beharrezkoa” da nor bere kokalekuaz jabetzea: “Garbi izan behar dugu zapaldu eta aldi berean zapaltzaile izan gaitezkeela”. Emakume zuriei, baina, euren pribilegioak onartzea “kostatu” egiten zaie anitzetan, bai eta feminismoaren barruan ere. “Emakume zuri bati pribilegio zuria aipatzen diozunean, eta arrazakeriaz hitz egiten diozunean, auzia desbideratzen saiatzen da: ‘Ez da arrazakeria, pobrezia da; ez da arrazakeria, eskolako jazarpena da’. Edozer gauza, arrazakeria onartu baino lehen. Emakume arrazializatu batek emakume zuri bati arrazakeriaz hitz egiten dioenean, berehala eskatzen digute enpatia eta ahizpatasuna. Nik, ordea, ezin dut sentitu nire zapaltzailearenganako ahizpatasunik”. Amorrua sentitzeko eskubidea aldarrikatu du.

Galdera zuzen bat egin du Bueriberik Zabaldiko aretoa bete dutenen aurrean: “Zuen agenda feministaren barruan, zer postutan dago borroka antirrazista?”. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren barruan, emakume migratu eta arrazializatuen sareak egindako lana nabarmendu du Bueriberik; mugen, migrazioen eta dekolonizatzeko beharraren inguruko txosten zabala prestatu zutela oroitu du, eta “erabiltzeko” eskatu die emakume zuri eta feministei.

Testu horrek jaso du, bertzeak bertze, feminismoaren jakintza Europan ardaztuta egon dela, eta Mendebaldeko mundutik kanpo dauden emakumeak, nagusiki, heteropatriarkatuaren zapaldu gisa aurkeztu dituela: “Zalantzarik gabe, sistema heteropatriarkalak zapaldu egiten ditu emakume migratu eta arrazializatuak; hala ere, hori ez da gehien baztertzen eta ikusezin bihurtzen dituen sistema: arrazakeria, kolonialitatea eta klasismoa ere emakumeen bizitza zeharkatzen duten menperatze sistemak dira”.

Sistema horiek pertsona arrazializatuen eta migratzaileen egunerokoan duten eraginaz gogoeta egiteko eskatu du Bueriberik. “Ezagutzen al duzue zuen inguruan dauden pertsona migratuen egoera? Bizi zareten tokian ba al dago migratzaileek etxebizitza bat lortzeko prozesuak errazteko ekinbiderik? Parte hartzen duzuen espazioetan jarrera arrazistarik sumatu duzue? Sor ditzakegu elkarri laguntzeko sare horizontalak?”, galdetu du.

700.000 sinadura

Sare horizontalen beharra jarri du Bueriberik erdigunean; berdinen arteko harremanena, paternalismotik eta laguntza hutsetik urrun. Pertsona arrazializatuak eta migratzaileak subjektu politikotzat jo ditu, eta borroka antirrazistaren buruzagitzat, hain zuzen ere.

Borroka horren barruan, Espainiako Estatuko feminista antirrazistek paperik gabeko migratzaileen egoera erregularizatzeko martxan jarritako herri ekinaldi legegilea nabarmendu du, hain zuzen. 500.000 sinadura behar zituzten, eta, denera, azkenean, 700.000 jaso dituzte, eskaera horren alde.

Herri ekinaldi horren gisako jarduerak babes ditzatela eskatu die Bueriberik emakume zuri eta feministei. “Jarri borroka antirrazista Martxoaren 8ko agendan; ezagutu zuen herri eta auzoetako migratzaileen kolektiboak; erabili zuen gune autogestionatuak haien alde; izan ere, pertsona guztiok ezin ditugu espazio guztiak bete”.

Fenix sareko Jared Andinok berretsi egin ditu Bueriberiren hitzak, eta gehitu du arrazializatuen eta migratzaileen artean “egoera are zaurgarriagoan” egon daitezkeela LGTBI kolektiboko kideak. Sistemaren gabeziak bete nahi ditu Fenix elkarteak, hain zuzen, eta pertsona horiek artatu, aurrera egin dezaten.

Etxebizitza da arazo nagusietako bat. Asilo eskaera egiten dutenei ere sistemak “huts” egiten diela salatu du Andinok: “Berriki, pertsona trans migratu bati erran zioten hiruzpalau hilabete egon behar zuela zain harrera sisteman sartzeko; erroldarik gabe, eskubiderik gabeko pertsona bat bilakatu dute”.

Presako arreta eskaintzeko, etxebizitza sare bat osatzen ari da Fenix elkartea. “Kontua da etxean gela bat edo ohe bat libre dutenek beharra duen norbait hartzea, zenbait gau pasatzeko. Pandemiaren aurretik hasi ginen, eta esperientziak ongi funtzionatu zuen. Orain berriz jarri nahi dugu martxan”.

Andinok garbi du arazo anitz paperen bidez konpon daitezkeela, eta nabarmendu du, Bueriberik bezala, erregularizazio prozesu bat bultzatzeko egindako sinadura bilketa “urrats garrantzitsu bat” izan dela. Bat egin du Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeko Flavia Navarretek: “[Espainiako] Estatuan arrazakeriaren aurka egin den ekinaldi nagusietako bat izan da”.

Navarretek entzule gisa parte hartu du Zabaldiko mahai inguruan, baina hitza hartzeko aukera baliatu du inguruan dituen emakume zuri eta feministei hitz egiteko. Amorrua aipatu du Navarretek ere, Bueriberik bezala: “Erregularizazioaren aldeko ekinaldia aukera bikaina izan da mugimendu feministak borroka antirrazistarekin bat egiteko eta erabat inplikatzeko, baina ez da gertatu. Martxoaren 8an hor egon behar dugu, baina antirrazismoa ez dago haien agendan. Kontua ez da tresnarik ez dutela; kontua da ez zaiela interesatzen”.

Atzerritarren Legea

“Pribilegio zuriak alderdi hagitz nabarmenak ditu; ezin dugu erran ikusten ez ditugunik”, berretsi du Navarreteren SOS Arrazakeria elkarteko kide Beatriz Villahizanek, Iruñeko ekinaldian. 1985. urtetik indarrean dagoen Atzerritarren Legea aipatu du. “Pertsona anitzen gorputzak zeharkatzen ditu lege horrek. Arrazakeria instituzionalaren ikur bilakatu da lege hori”.

Gizarte babeserako sistema ere zalantzan jarri du Villahizanek, eta “pertsonak kontrolatzeko eta haien duintasuna hutsean uzteko” balio duela salatu du. “Karrikan, Poliziaren kontrolak jasan behar dituzte”, erantsi du SOS Arrazakeriako kideak.

Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteko eta Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareko kide Cecilia Themmek ere hartu du hitza: “Feminista antirrazista gisa, ari gara lanean, ari gara txostenak sortzen eta gure pribilegioak aztertzen. Ez dago errezeta magikorik; nork bere lana egin behar du, baina bada lan politiko eta kolektibo bat ere. Lan hori etengabekoa da, gainera”.

Eman bai, baina jaso ere egin nahi dute feminista antirrazistek. Mezu hori jarri dute erdigunean. Martxoaren 8an karrikan lagun dituztenak martxoaren 21ean ere ondoan sentitu nahi dituzte kalean, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Bada bide bat elkarrekin egiteko.