“Garbi nuen herri bateko mediku nahi nuela izan”

“Garbi nuen herri bateko mediku nahi nuela izan”

Familia medikuen biltzarra eginen dute Iruñean. Nafarroako Familia Medikuntzaren eta Medikuntza Komunitarioaren Elkarteko buru Pepa Redin Sagredo da antolatzaileetako bat: «Gazteei gure lanaren berri eman nahi diegu».

Edurne Elizondo

Nabaskozeko kontsultako familia medikua da Pepa Redin Sagredo (Iruñea, 1990). Ikasketak hasi zituenetik garbi izan du herri batean egin nahi zuela lan, eta lortu du. Kezka du etorkizunarekin, halere, belaunaldi aldaketarik ez dagoelako. Nafarroako Familia Medikuntzaren eta Medikuntza Komunitarioaren Elkarteko burua da. Espainiako Estatuko familia medikuen biltzarra eginen dute gaur eta bihar NUPen.

Zer asmo duzue biltzarrarekin?

Familia medikuntzaren berri eman nahi diegu gazteei; gure arazoetako bat da medikuak zaharrak direla, eta ez dagoela belaunaldi aldaketarik. Medikuntza fakultateetan ez da gure espezialitatearen inguruko berririk zabaltzen, oro har.

Zergatik ez?

Fakultateetan eritasunak dira medikuntza ikasketen oinarria; hau da, eritasun jakin batzuei aurre egiteko, ospitaleetako espezialitateak dira ardatza. Gaixoak eritasun jakin bat dutelako joaten dira espezialistarengana, baina osasun etxeetan alderantziz funtzionatzen dugu. Guregana etortzen denak zer gertatzen zaion kontatzen digu, nola sentitzen den, eta guri dagokigu pertsona horren bizitzaren kontakizuna egitea, osasunaren ikuspuntutik. Prozesu horren berri eman nahi dugu, eta osasun etxeetan gaixoekin garatzen ditugun harremanei balioa eman.

Zuk beti izan duzu argi familia mediku izan nahi zenuela?

Bai. Nire ama medikua da. Gogoan dut lana utzi eta gero ere jendea amarengana joaten zela herrian, harekin hitz egitera. Herritarren eta medikuaren arteko lotura hori hagitz polita iruditu zait beti, eta horrek bultzatu nau familia mediku izatera.

Garai batean, herrietan, medikuak toki nabarmena zuen herritarren artean.

Medikuak autoritate figura bat izan dira herrietan; orain, egoera bertzelakoa da, baina kontuan hartu behar da herri askotan herritarrek eskura dituzten zerbitzu edo baliabide bakarrenetako bat dela medikua, eta, ondorioz, jendeak arazo bat duenean, medikua erreferente bat da haientzat.

Medikuaren eta gaixoen arteko harremana demokratizatu da, nolabait erranda?

Dinamikak aldatzen ari dira, bai. Urte luzez, medikuaren hitza nagusitu da bertze edozer gauzaren gainetik. Zer gertatu da? Erizaintza, adibidez, anitz garatu da. Oraingo graduak ematen duen formakuntzak ez du zerikusirik duela 30 urtekoarekin. Nork bere lan esparrua du, baina osasun etxean denok egin behar dugu lan elkarrekin. Nire esperientzia hori da, erizainekin elkarlana sustatzea dela gakoetako bat. Hori inportantea da lankideen arteko harremanetan, bai eta gure eta gaixoen artekoan ere.

Medikuak gaixoarekin egin behar du lan, beraz?

Lehen, medikuak zuen hitza, medikuak agintzen zuen, eta gaixoak onartu bertzerik ezin zuen egin. Orain, kontsultaz harago so egiten saiatzen gara, ulertzeko, adibidez, gaixo bati zer jan erraten diogunean, eta guk errandakoa betetzen ez duenean, zergatik izaten den. Hamaika elementuk eragiten diote gaixoaren egoerari.

Horrek berezi bilakatzen du familia medikuaren lana?

Familia medikuak denbora luzea egiten du gaixoaren ondoan; gaixoa bere osotasunean artatzen dugu, gainera, eta modu integratu batean. Kontsultan ez gaude bakarrik medikua eta gaixoa; erizaina ere hor da, eta gizarte langilearen edo oinarrizko gainerako zerbitzuen beharra dagoenen, gaixoaren eta zerbitzu horien arteko zubi lana egin dezakegu.

Gaur egun, lehen arretaren egoera kontuan hartuta, lan hori guztia egin dezakezue?

Lan hori egitea ez da inoiz erraza izan; izan ere, lehen arreta hori oraindik ez dago erdigunean; erdigunean dago ospitalean gertatzen dena. Beti izan dugu traba hori. Pandemiarekin, egoerak okerrera egin du. Egia da mediku falta arazo bat zela pandemia hasi baino lehen ere, baina, pandemiarekin, arreta telefono bidezko bilakatu zenean, medikuen eta gaixoen arteko harremanak okerrera egin zuen. Medikuek ezin zuten gustura lan egin, eta gaixoak ere ez ziren konforme. Gainera, nolabaiteko arrakala sortu da gaixoen eta osasun etxeko langileen arteko harreman horretan.

Zerbait galdu da?

Bai, medikuen eta gaixoen arteko konfiantzazko harreman horretan nolabaiteko haustura gertatu da, eta kostatzen ari zaigu lehengo lotura hori berriz lortzea.

Horrek nola eragiten dizue?

Ni Nabaskozeko kontsultan ari naiz lanean, eta, egia erran, uste dut arrakala hori ez dela hain nabarmena izan herri txikietan. Herritar gutxiago dagoenez, errazagoa da harremanari eustea. Baina herri handiagoetan eta hirietan, zailtasun gehiago izaten ari dira lehengo konfiantza lortzeko.

Mediku gazte anitzek ez omen dute Nabaskozeren gisako herri txikietara joan nahi. Zuk bai?

Espezialitateko ikasketak duela bost urte burutu nituen; hasieratik garbi nuen herri batean egin nahi nuela lan, herri bateko mediku izan. Lodosan aritu nintzen lehendabizi. Zerbitzuak hiriburuan zentralizatzeko joera dago, eta landa eremuko jendea, nolabait, bigarren mailako bilakatzen da. Nik uste dut garrantzitsua dela herri horietako zerbitzuei eustea, eta hor aritu nahi dut.

Jendegabetzearen ikur dira Pirinioak. Nolakoa da zuen lana?

Anitz lantzen dugu, adibidez, zahartzaro aktiboaren gaia. Finean, gaixo bakoitzaren neurrirako arreta ematen dugu, osasuntzat hartzen ditugun ohiko auziez harago. Horrelako lan bat egiteko aukera gehiago dugu landa eremuan, nire ustez.

Herritarrengandik hurbil zaudetelako?

Gaitasun jakin batzuk garatu behar dituzu, ospitaletik urrun egoteak egoerara moldatzera behartzen baitzaitu; ekografiak egiteko trebatzen ari naiz, adibidez, eta kirurgia txikiko interbentzioak egin ditzaket. Helburua da jendea, ahal dela, herrian artatzea, Iruñera mugitu beharrean.

Nafarroako Familia Medikuntzako eta Lehen Arretako Elkarteko presidentea ere bazara. Zer helburu duzue?

Gure erronketako bat da, hain zuzen, landa eremuarekin eta gazteekin bat egitea.

Asmo hori du zuen biltzarrak?

Bai. NUPen egin nahi izan dugu, gainera, unibertsitatera hurbildu nahi dugulako, batetik, eta NUPek lehen arretaren alde egin duen apustua nabarmentzeko, bertzetik. NUPeko planaren arabera, ikasketen bigarren mailatik ikasleek badute aukera osasun etxeetara joateko, eta horrek laguntzen du familia medikuntzarekin harremana sortzen.