Bidatz Villanueva Etxague
Florentziako Zubi Zaharra da Erdi Arotik zutik iraun duen bakarra, bere sorrera Erromatarren garaikoa dela uste den arren. Izan ere, Bigarren Mundu Gerran naziek hiriko gainontzeko zubi guztiak bonbardatu zituzten, hura izan ezik.
Egun, Zubi Zaharra turistaz jositako pasabide bat da, noizbait izandako izaera galdu duena, eta hiriko sinbolo bat izanagatik, axolagabetasunez iragaten dute milaka pertsonak egunero, sare sozialetarako argazkiren bat edo beste atera eta gero. Alabaina, beste modu batera ere ikus daiteke: duela zazpi mende inguru berreraiki zuten hutsetik, bertan iraunik gaurdaino, historiako gertaera guztien lekuko, Errenazimentuaren hazia izan zen hirian, Historia Garaikidearen gertaera latzenak saihestuta. Zubien esanahiaren sinbologiari joz, memoria historikoarekin lotura egiteko parada.
Florentzia ez litzateke egun ezagutzen duguna mendez mende pilatutako artea eta kultura gorde izan ez balitz, muzin egin balitzaio ezagutza hori guztia gizarteratzeari. Testuinguruak oso ezberdinak izanagatik, Nafarroan dugun ondare guztiarekin, ahanzturara kondenatzeak iraganeko hutsak estaltzeko besterik ez du balioko, esaterako, Ezkabako gotorlekua, egoera negargarrian dagoena, eta biztanleok bertan gertatutakoaren historia ezagutu ahal izateko egokitu gabe.
Duela gutxi, memoria historikoa lantzea ezbaian jartzen zuten batzuen adierazpenen lekuko izan naiz, ikuspuntu ezberdinetatik azal baitaiteke euren aburuz, berdin-berdin ongi bi aldetatik, eta hainbeste denbora iragan denez gero, zergatik ez hura alde batera utzi edo ahantzi, eta aurrera egin? Baieztapen bortitzak, ustezko neutraltasuna iradokitzen dutenak eta erlatibistak dira, bere azalean jazarpenik jasan ez duen eta nagusitasun morala sentitzen duen norbaitenak, nahiz eta intentziorik onenarekin egin adierazpenok, bizikidetzaren izenean.
Historiaren kontakizun ezberdinak egitea posible da, baina horrek ez du esan nahi zilegi direnik. Naziek milioika pertsona hil zituzten; hori egia objektibo bat da. Horren inguruko beste irakurketa bat egitea, errealitate hori ukatzea, edo hori justifikatzea aberrazio bat da. Espainiako Gerran eta Frankoren diktadurapean erail zituztenen datuak badira. Nola kontatu hori beste modu batez? Akaso ba al dira hilketa horiek azaltzeko bi modu kontrajarri eta egoki? Ahaztea ez da soluzio bat; areago, bihozgabekeria hutsa da hil dituztenen eta desagertutakoen senideekiko, baita gizarte osoarekiko ere. Desmond Tuturen aipuari ezin egokiago deritzot: “Injustizia egoeretan neutrala bazara, zapaltzailearen alde aukeratu duzu”.
Florentziako egonaldi laburrean bizitza sumatu nuen, artea nonahi, iraganeko hiria senti liteke, hain tentuz gordetako ondarean barrena. Iruditzen zait Iruñean, eta Nafarroan, asko dugula kontatzeko, gizarteratzeko, baldin eta beste udal gobernu batek lurrazpiko aparkaleku bat eraikitzeko suntsitzen ez dituen aspaldiko aztarna arkeologikoak. Lehengo historia horrekin bezala, zubiak (ber)eraiki beharko lirateke garaikidearekin (ez Labriteko pasarela bezalako lardaskeria, baizik eta sendoak eta iraunkorrak direnak), eta inoiz ez ahaztu.