Anitz dira Bortzirietatik Gipuzkoara ikastera edo lanera joaten diren herritarrak. Gora egin du kamioien kopuruak, eta Behobian trafiko ilarak eragiten dituzte maiz.
Edurne Elizondo
“AP-8an mugan sortzen diren pilaketek N-121-A errepideari eragiten diote, eta, ondorioz, ezin gara lanera garaiz ailegatu”. Ines Matxiarena beratarrak apirilaren 11n idatzitako txio bateko testua da hori; asteartea zen apirilaren 11, besta eguna zenez 10a, ez zuelako Beratik Donostiara lanera joan behar izan. Antzeko txioak, halere, ia astelehenero egin ditu Matxiarenak, azken urtean. Asteon ere bai: “Nazkatuta gaude”. Biriatuko (Lapurdi) ordainlekuan sortzen diren pilaketak jo ditu arazoaren ardatz: “Igandean kamioiak ezin dira pasatu; zain egoten dira, eta anitz direnez, astelehenean martxan jartzen direnean, Behobia kolapsatzen dute”. Sare sozialetara jo du, egoera salatzeko.
Donostiako Eskulanen Etxean egiten du lan Ines Matxiarenak, bere ahizpekin batera. Beratik Donostiarako bidea, beraz, egunero egiten dute. Bortzirietan anitz dira Gipuzkoan lan egiten edo ikasten duten herritarrak; osasun zerbitzu anitz ere Irunen (Gipuzkoa) eta Donostian jasotzen dituzte herriotako biztanleek. “Harreman naturala dugu Gipuzkoarekin”.
Bi herrialdeak lotzen dituen N-121-A errepideak, dena den, ez du harreman hori errazten. Bide hori erabiltzen duten kamioien kopuruak nabarmen egin du gora azken hamarkadan, eta “arazo” bilakatu da, Bortzirietako eta inguruko alkateentzat. Hainbat aldiz eskatu dizkiote konponbideak Nafarroako Gobernuari, baina orain arte ez dute euren eskaera nagusia aintzat hartzea lortu: kamioien kopurua mugatzeko neurriren bat hartzea, alegia.
Nafarroa iparraldeko herriak hiriburuarekin eta Gipuzkoarekin lotzeko errepide nagusia da N-121-A. 1997an inauguratu zituzten Almandozko eta Belateko tunelak. Azpiegitura hobetzeak ekarri du Belateko mendateko bide zahar eta bihurgunetsua bazter uzteko aukera; eta ekarri du, halaber, ibilgailuen kopuruak nabarmen gora egitea. Egunean, batez beste, 11.000 ibilgailu pasatzen dira bide horretatik, eta astunak dira haietako 2.800 inguru, Nafarroako Gobernuko datuen arabera.
Orain, N-121-A errepidea 2+1eko bide bilakatzeko lanak egiten ari da Nafarroako Gobernua. Arre eta Belateko tunelen arteko zatiko obrak bukatu dituzte jada, eta Oronoz eta Sunbilla artekoak martxan dituzte, une honetan. Berara arteko zatia konpontzeko lanak izanen dira azken fasekoak, hain zuzen. Nafarroako Gobernuak N-121-A errepidea 2+1eko bide bilakatzeko proiektua aurkeztu zuenean, konponbidea hori ote zen zalantzan jarri zuten errepide horrek ukitutako hainbat herritako alkateek, manifestu batean, duela bi urte. Kamioiak —nazioarteko garraio astuna— “errepidetik ateratzeko” eskatu zuten, bertze behin.
Garraio publiko eskasa
Kamioiekin partekatzen dute bidea Bortzirietatik Gipuzkoarantz joaten diren auto gidariek. “Autoa hartu bertze erremediorik ez dute anitzek, garraio publikorik ez dugulako”, salatu du Matxiarenak. “Behin Irunera ailegatuta, Donostiara edo inguruko bertze edozein herritara joateko trena eta autobusa badugu, baina Bera eta Behobia arteko hamar kilometroak egiteko, ez dugu ia deus”.
Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko —edo Eusko Jaurlaritzako— agintariei “elkarlanean” aritzeko eskatu die Matxiarenak, hain zuzen, Bortziriak eta Gipuzkoa lotzeko. “Zergatik ez dira Gipuzkoako busak Bortzirietaraino ailegatzen? Agian, hori da konponbideetako bat. Osasunaren arloan egiten badute, zergatik ez mugikortasunarenean?”, galdetu du.
Udan gerta daitekeenarekin “kezkatuta” dago beratarra, jakin baitaki egoerak “okerrera” eginen duela. “Jendetza erakartzen duen turismo mota bat ari gara sustatzen, baina errepideak ez du hainbertze jende hartzeko gaitasunik”. Iazko udan, auto ilarak “eguneroko arazo” bilakatu zirela oroitu du. “Donostiatik Oiartzunera [Gipuzkoa] joan ginen, behin baino gehiagotan; handik Lesakara, Agiñatik, eta Lesakatik Berara”. Ordubeteko bidaia, bide estu batetik, pilaketei ihes egiteko.
Protestara deitu
Ines Matxiarena Berako zinegotzia da (EH Bildu), eta oroitu du herri horretako eta Bortzirietako gainerako udaletako arduradunak mobilizatzen hasi zirela, 2020. urtean, pandemiak eztanda egin aurretik. Osasun krisiak bazter utzi zituen herritarren protestak, baina bere txioen bidez, hain zuzen ere, Matxiarenak mobilizatzeko gogoa berpiztu nahi du Beran eta inguruko herrietan. “Denon artean egin behar dugu indarra, zerbait konpontzeko”, erran du beratarrak.