Herri bat ospatzeko eta aldarrikatzeko egunak

Herri bat ospatzeko eta aldarrikatzeko egunak

Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 8a, eta Iruñeko ijitoek Argaren ibaiertzean ospatu zuten: loreen zeremonia egin zuten, euren herriaren diaspora oroitzeko. Apirilak badu bertze egun nabarmenik, hala ere, herrialdeko ijitoentzat: Gaz Kalo federazioak Nafar Ijitoen Eguna ospatu zuen atzo.

Edurne Elizondo

Bestak eta aldarriak bat egiten dute apirilean ijitoen artean: Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna da 8a; 27a, berriz, Nafarroako ijitoena. Apirilaren 27an, 1435ean, Zuria I.a Nafarroakoak dokumentu bat sinatu zuen ijito talde bat aske ibil zedin erresuman barrena. Ordukoak dira ijito herriaren erroak herrialdean, baina luze bezain ezezaguna da ijito nafarrek geroztik egin duten bidea. Kultura aberatsekoa da ijitoen herria, baina egun, oraindik ere, zaila dute estereotipoen eta aurreiritzien zamari ihes egitea. Anitz dute ospatzeko, bai eta salatzeko ere.

“Ezin dugu segitu sistemaren begirada arrazista onartzen; ezin dugu onartu aurrerantzean ere ijitoon inguruko betiko estereotipoak sustatzea”. Horixe erran du Bruno Jimenezek (Zangoza, 1973). Maisua da, Kasedako eskolako zuzendaria; musikaria ere bada, eta Zangozako Nora abesbatzako burua. Hitz bat jarri du erdigunean: ezjakintasuna. “Payo-ek ez dute ijitoon kulturaren berri, eta ijito anitzek ere ez dute ezagutzen euren historia”.

Ez dute ezagutzen, ez dietelako irakatsi. Nafarroako Gobernuak huts hori konpontzen hasi nahi du, eta Hezkuntza Departamentuak eskatuta, hain zuzen, ijito herriari buruzko materiala prestatzen ari da Jimenez, curriculumean txertatzeko. “Ezinbertzekoa da ijitoen historia eskoletara eramatea”.

1435ean hasten da Nafarroan ijitoen historia hori. Santiagora bidea egin nahi zuen erromes talde bat zen Zuria I.a Nafarroakoaren baimena jaso zuen hura. XV. mendearen hasieran ailegatu ziren ijitoak Europara, eta, ezagutzen diren agirien arabera, Indiatik heldu zirela erran zuten herritar haiek. Errege-Erregina Katolikoek 1499. urtean ezarri zuten ijitoen aurkako aurreneko araudia. Nafarroan, berriz, ijitoak herrialdean gelditzea debekatzen zuen lehendabiziko testua 1549. urtekoa da.

“Gure kontrako jazarpena etengabekoa izan da”, erran du Bruno Jimenezek; ondorioz, eusten ikasi behar izan du ijitoen herriak. “Aurre egin diogu beti jasandako jazarpenari; eutsi diogu”, berretsi du. Silvia Aguerok eta Nicolas Jimenezek sinatutako Resistencias gitanas (Ijitoen erresistentziak) liburuak (Libros.com, 2020), hain zuzen, erresistentziaz betetako bide horren berri ematen du. Bertze batzuen artean, lan horrek bi data nabarmentzen ditu, ijitoen aurkako jazarpenaren adibide: 1749ko Sarekada Handia —uztailaren 30eko gauean, 12.000 ijito atxilotu zituzten ijito izateagatik, Gaztelako Kontseiluaren aginduz; Nafarroari ere eragin zion—, eta 1933tik 1945era naziek egindako Samudaripen edo Porrajmos; hitz horiek erabiltzen ditu ijito herriak bere aurkako genozidioaz hitz egiteko. Zenbait iturriren arabera, naziek milioi erdi ijito hil zituzten kontzentrazio esparruetan; milioi eta erdi izan zirela aipatzen dute bertze aditu batzuek. 1944. urteko abuztuaren 2an, 4.400 ijito inguru hil zituzten Auschwitz nazien kontzentrazio eta deuseztatze esparruan, Poloniako Oswiecim hirian. 2015etik, naziek ijitoen aurka egindako genozidioaren biktimak oroitzeko Europako eguna da abuztuaren 2a.

Bazterketa salatu

Iragan hori ezagutzeko eta oroitzeko beharra nabarmendu du Bruno Jimenezek; gainera, uste du jasandako minaren aitortza eta erreparazioa zor zaizkiola ijito herriari. Oraina jarri nahi izan du maisuak erdigunean, halere, eta erran du ijito herriak berdintasunean garatutako harremanak behar dituela orain. “Integratu behar dugula erraten digute anitzetan; zer erran nahi du horrek, ordea? Berdinen arteko harremanak behar ditugu”. Jimenezen ustez, “berri ona” da ijitoen aurkako jarrerak gorroto delitu gisa onartu izana.

Jarrera horiek gibelean utzi eta berdintasunezko harremanak garatzeko, “funtsezkoa” da ijitoen inguruko estereotipoak baztertzea, Jimenezen hitzetan. “Tamalez, indarrean dira oraindik ere”. Hitz horiekin bat egin du Angelines Hernandezek ere (Tafalla, 1969). “Lapurtzat hartzen gaituzte denda batean sartu bezain pronto. Beti gertatu zait hori. Errainak 26 urte ditu, eta 5 urteko semearen aurrean hamaika aldiz miatu diote haurraren aulkitxoa. Aski dela errateko garaia da, nire ustez; nahikoa dugula errateko eta gertatzen dena salatzeko garaia”.

Gauzak aldatzen ari direla garbi du Hernandezek, urte luzez “normaltzat” jo dituzten ijitoen aurkako jarrera

Ijitoen nazioarteko eguneko ibaiko zeremonia, Iruñeko Argan. Alberto Garaioa Artzain.

horiei aurre egiten hasi direlako belaunaldi gazteak, batez ere. Ijito elkarteen lana nabarmendu du Hernandezek, bertzeak bertze, aldaketa horiek azaltzeko. Tafallan, Sinando Kali (ijito izanda) sortu zuten Hernandezek eta herriko bertze hogei emakume inguruk, 2001. urtean. “Elkartearen helburua da herriko emakumeei tresnak ematea, senti dezaten ez daudela bakarrik”.

Hernandezek gogora ekarri du Sinando Kali martxan jarri aurretik Tafallan bazela herriko hainbat gizonek osatutako ijito elkarte bat. “Emakumeok ez genuen geure burua ordezkatua ikusten; geure kabuz antolatzea erabaki genuen”. Orain, osasunari, hezkuntzari eta etxebizitzari buruzko auziak lantzen dituzte, batez ere “eguneroko arazoei” aurre egiteko. Bitartekari lanetan aritzeko prestatu da Hernandez, eta esperientzia hori baliatu nahi du berdintasunezko harremanak garatzen laguntzeko. “Ezagutu gaitzatela, aurreiritzirik gabe”.

Izan ere, etxebizitza bat alokatzeko “zailtasunak” dituzte ijitoek oraindik ere, eta Bruno Jimenezi iruditzen zaio hezkuntza sisteman ere ez dutela jasotzen behar duten arreta eta laguntza. “Ijitoak dira, baina eskolak ez die ijitoei buruz hitz egiten”, salatu du.

Erreferenteak

Harrotasunez mintzo dira Hernandez eta Jimenez euren herriari, euren kulturari buruz, eta kultura horren berri zabaltzeko “irrikan” direla erran dute. Jimenezek onartu du seme-alaben eraginez ohartu dela, batik bat, ijito izateko harrotasun hori zabaltzeko beharraz. “Nik ez nuen erraten ijitoa naizela; payo-ek ere ez dute erraten payo-ak direla! Baina seme-alabek erran zidaten behin bertze ijitoek eta payo-ek izan behar dutela egiten dugunaren berri, erreferente positiboak behar direla”.

Erreferenteak eta esperientziak erdigunean jartzeko, hain zuzen, Palabra gitana (Ijitoen hitza) izenburuko proiektua abiarazi du Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioak, Labrit Multimediarekin batera: zaharren memoria jaso, gorde eta zabaltzeko dokumentala prestatu dute. Nafarroako Gobernuak diruz lagundu du, eta lan horren laburpen bat estreinatu zuten atzo erakunde horren egoitzan. Nafarroako Gobernuak harrera egin zien ijito elkarteei, Nafarroako Ijitoen Eguna ospatzeko. Apirilaren 8ko eguna, berriz, Iruñean ospatu zuten, Argaren ibaiertzean; loreen zeremonia egin zuten, euren herriaren diaspora gogoratzeko.

Bada zer ospatu. Hori berretsi dute Bruno Jimenezek eta Angelines Hernandezek. Badute, gainera, zer aldarrikatu eta zer borrokatu. Maiatzaren 16a, ijitoen erresistentziaren eguna da.

 

Nabarmentzekoak

1435. Apirilaren 27an, Zuria I.a Nafarroakoak dokumentu bat sinatu zuen ijito talde bat aske ibil zedin erresuman barrena.

1971. Ijito Herriaren Nazioarteko Bil- tzarra egin zuten, lehen aldiz, Londresen, apirilaren 8tik 12ra.

1990. Ijito Herriaren Nazioarteko Bil- tzarraren laugarren aldia egin zuten, Poloniako Serock herrian. Apirilaren 8a izendatu zuten Ijito Herriaren Nazioarteko Egun.

2003. Ijito Herriaren Nazioarteko Egu- na ospatu zuten Nafarroan, lehen aldiz: Tuteran.

2005. Nafarroako Parlamentuak ijito herriaren aldeko adierazpen po- litiko bat egin zuen, lehen aldiz, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Lehen aldiz egin zieten harrera Nafarroako ijitoei parlamentuan.

2007. Nafarroako Gobernuak harrera egin zien herrialdeko ijitoei, lehen aldiz, eta apirilaren 27a izendatu zuten Nafarroako ijitoen egun.

2014. Sabicas Etxea ireki zuten, Iruñeko Alde Zaharrean.

2022. Sabicasen eta ijito herriaren aldeko eskultura jarri zuen Iruñeko Udalak, hiriburuko Zaragoza etorbidean.

Argazkiak: Alberto Garaioa Artzain.