Olatz Azpirotz Larzabal
Zintzarriak eta mihiak. Joaldunak eta galtzada. Arrosa soinean eta berdea aldarrikapen. Aurreko apirilaren 22an, Lurraren Nazioarteko Egunean, Iruñeko karrikak hartu zituzten hainbat nafar herritarrek, eta haiek izan ziren gaur egun arriskuan dauden Erdizko abereen eta bertako arantzadi, pagadi eta iratzeen ordezkariak.
Aurten, nahiz eta Itoizko urtegiaren aurreproiektua 1985eko maiatzean aurkeztu izan, Itoizko urtegiko eraikuntza amaitu zenetik (1993-2003) hogei urte beteko dira. Itoitz. Etxe gehienetan noizbait mintzagai eta beste batzuetan sukaldeko altzairuen dardaren arrazoi izan den hori. Era berean, hogei urte betetzen ditu Magna Magnesitas de Navarrak Erdizen aurrera eraman nahi duen meatzaritza proiektuak; ustiaketa kate bat, porlana eta harria.
Hala ere, badago bi kasuen arteko ezberdintasun sozial handi bat. Askok iaz izan zuten Erdizen egin nahi duten proiektu horren berri, hain zuzen; iazko udan proiektua UGEP gisa aurkeztu ostean, meategia egituratzeko prozesuak autonomia asko irabazi baitzuen.
UGEP ezaugarriak proiektuari ekarri dizkion erraztasunetako bat, gaur egun, meatzea aurrera eramateko Baztango Udalaren eta Baztango Batzar Nagusien baimenik behar ez izatea da; baimenaren eta debekuaren funtsean beti dago jarrera hartze bat eta posizionamendu horren oinarrian iritzi bat, baina Baztanek ez du horrelakorik helarazteko baimenik. Are gehiago, erakunde horiek parte hartzerik ez izateaz gain, azkenaldian Baztango herritarren iritzia jakiteko eta herritar horien ahotsa goratzeko egindako herri galdeketak debekatu dituzte.
Akaso, errezeta horiekin lortu du Erdizko proiektuak nafar gehienentzat, Itoizko proiektuak ez bezala, hainbeste urtez ezkutukoa eta isilekoa izatea, edo akaso, isiltasun hori gure lehentasunen aldakortasunaren ondorioa da, guztion artean landa eremuaren kontzeptua ahuldu eta isolatu baitugu.
Aitortu beharra dago gaur egun ez daukagula landa eremuarekiko, beti norbaitek txanpon gisa erabilitako eremu horrekiko, lehengo loturarik, eta gu gara horretan errudun eta arduradun. Norbanakoon probetxurako erabili izan dugu, nork ez dio beste bizitoki bat duen norbaiti Nafarroak paisaia ederrak eta anitzak dituela esan? Konfinamendua amaitu eta gero, landa eremuak, oro har, masifikazio handi bat jasan zuenean, zenbatek eman zioten landa ez zikintzeari, bertako bizilagunak eta baserritarrak ez izorratzeari eta animaliak bakean uzteari garrantzia? Gaur egun, inoiz baino bananduago ditugu landa eta hiria. Banatuago eta bakartuago, gainera.
Maiatza, erdiz otzak illa, ta erdiz beroak errea. Maiatza inoiz baino udatiarrago datorkigu, eta lurra inoiz baino ahulago dago. Azkenaldian, asko kezkatu gaitu euri ezak, eta kezka horretan, zenbaitek euren igerileku pertsonalak axolagabe betetzen zituzten bitartean, agerikoa izan da isiltasuna nork baliatu duen, eta ezjakiteak, berriz, nor estutu duen.
Lurrak ez daki isiltzen, guk isiltzen dugu bera. Horregatik espero dut, zinez, aurreko asteko zintzarri eta mihiak ongi entzun izana.