Pello Apezetxea oroitzeko beka bat sortu dute Bortzirietan

Pello Apezetxea oroitzeko beka bat sortu dute Bortzirietan

Euskaltzaindiak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sustatu dute. Euskaltzain urgazlea zen Apezetxea; iaz zendu zen.

Edurne Elizondo

Euskailtzaindiak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa Beka sortu dute, izen bereko ikertzaile eta euskaltzalearen omenez (Goizueta, 1932-Etxalar, 2022). Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkari Sagrario Alemanek eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari Leire Mitxelenak asteon eman dute bekaren berri, Iruñean.

Bekaren helburua da, batetik, Apezetxea omentzea; eta, bertzetik, soziolinguistikaren, dialektologiaren edota onomastikaren arloko ikerketa sustatzea. Maiatzaren 31ra bitarteko epea dago proposamenak aurkezteko. Bekaren oinarriak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen webgunean jarri dituzte (Bortziriak.eus). 7.000 eurokoa da saria; beka jaso eta gero, zortzi hilabeteko epea izanen du irabazleak bere ikerketa garatzeko. Banaka edo taldeka aurkez daitezke proiektuak.

Euskaltzaindiak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sinatutako hitzarmenaren bidez antolatu dute bi erakundeok Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa Beka. Soziolinguistika, dialektologia eta onomastika lehenetsi dituzte, Apezetxeak lan ildo horiek izan zituelako oinarri.

Arlo bakoitzeko, zenbait helduleku proposatu dituzte beka sortu duten erakundeek. Soziolinguistikaren esparruan, adibidez, tokiko hedabideen eragina; helduen euskalduntzea; immigrazioa, harrera eta hizkuntza eta kultura aniztasuna; eta gaztelaniaren erabilera goiztiarra haurren artean jarri dituzte erdigunean.

Dialektologiaren arloan, berriz, bi ikerketa lerro proposatu dituzte antolatzaileek: Bortzirietako hiztegia; eta Bortzirietako hizkera administrazioan, hezkuntzan eta tokiko hedabideetan erabiltzeko oinarriak.

Onomastikaren esparruan, azkenik, toponimia xehearen hedapena eta erabileraren sustapena ikertzea proposatu dute antolatzaileek.

Halere, Euskaltzaindiak eta mankomunitateak nabarmendu dute ikerketa esparru horietatik kanpoko gaiak onartzeko prest ere badirela.

Herrian lanean

Pello Apezetxea Zubiri 56 urtez izan zen Etxalarko apaiza, eta Bortzirietako herri horretan zendu zen, 2022ko martxoan. Elizatik at ere, arrasto sakona utzi zuen Bortzirietan, euskararen aldeko hamaika ekinalditan inplikatu baitzen: Etxalarko ikastolaren sorreran, herri horretako eskolan D eredua ezartzeko prozesuan; Bortzirietako helduen euskalduntze an eta alfabetatzean, bai eta tokiko hedabideetan ere. Ttipi-ttapa fundazioko lehendakaria zen, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sustatzaile, eta euskaltzain urgazle, 2004. urtetik. Hamaika lan egin zituen euskararen, etnografiaren eta etnologiaren esparruan; ikertzaile, idazle eta euskaltzale sutsua izan zen.

“Bortzirietako Euskara Mankomunitateak proposatu zigun beka antolatzeko aukera, eta Apezetxea omentzeko modu ezin hobea iruditu zitzaigun”, kontatu du Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkari Sagrario Alemanek. Apezetxeak euskararen alde egindako lana nabarmendu du, eta bekaren bidez hark jorratutako esparruetako ikerketa bultzatu nahi dutela, Bortzirietako biztanleentzat “baliagarri” izan dadin.

“Berehala sortu zen mankomunitatean eta herritarren artean Pello Apezetxea omentzeko gogoa”, berretsi du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikari Patri Arburuak. Oroitu du Apezetxeak erakunde horren sorrera sustatu zuela, eta mankomunitateak duen aholkularitza batzordean aritu zela ia hil arte.

Apezetxeak Bortzirietan euskaren arloan eta bertze hamaika esparrutan egindako lana nabarmendu du Arburuak, eta bekaren bidez, herritarrek harekin duten “zorra” kitatu nahi izan dutela.