Neguko denboraldia bukatutzat eman dute Larra-Belagua zentroan, bi hilabetean elurra izan eta gero. Klima aldaketak eskian izan duen eragina aipatu du Julen Garjon zentroko zuzendariak.
Itsaso Jauregi
Larra-Belagua eski zentroko zuzendaria da Julen Garjon (Erronkari, 1993). Erronkarin, maite duen kirolean lan egitea lortu du: eskian. Aurten jada gorde dituzte eskiak, eta neguko denboraldia agurtu, eta, urtero bezala, makilen trukaketa egin dute: eskiatzaileek, urrezko makila hartu, eta artzainei ematen diete. Negua amaitu da. Kezka du etorkizunarekin, klima aldaketaren ondorioz elur gutxiago botatzen duelako. Horregatik, zentroko arduradunak jarduera berriak aurkeztu nahi ditu, betiere eskiari eutsiz.
Zure zaletasuna ogibide bihurtu duzu?
Bai. Txikitatik egon naiz eski munduan murgilduta. Erronkarin elurra zegoen, eta guztiok eskiatzen genuen. Kirola asko gustatzen zaidanez, entrenatzaile gisa lan egiten hasi nintzen. Gero, Brasilgo selekzioarekin lan egin nuen, eta, aldi berean, Nafarroako federazioan teknikari gisa.
Nola sortu zen Brasilgo selekzioarekin lan egiteko aukera?
Brasilgo selekzioa Erronkarira etorri zen entrenatzera, eta hor hasi nintzen Manex Salsamendirekin lan egiten. Zortzi eskiatzaile inguru zeuden selekzioan, baina nik Salsamendirekin lan egin nuen hiru urtez, eta Europako hainbat txapelketatara joan nintzen harekin.
Besteak beste, 2022ko Neguko Olinpiar Jokoetan izan zinen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Brasilgo selekzioarekin egin nuen azkeneko bidaia izan zen hori. Kirol munduan lan egiten duen norbaitentzat, Olinpiar Jokoak izugarriak dira. Pekinen munduko hoberenekin bazkariak partekatzea eta gero jokoen egitura gertutik ikustea ikaragarria izan zen.
Zer eginkizun zenuen entrenatzaile gisa?
Entrenatzailea izateaz gain, bileretara joaten nintzen; sukaldariak gara, baita psikologoak ere. Eskiak prestatzen ditugu, baina, bestalde, kirolariaren ongizateaz ere arduratzen gara.
Orain Larra-Belagua zentroko arduraduna zara. Eskiarekin duzun harremanak zentroa kudeatzen lagundu du?
Bai. Eskia da zentroko aktibitate nagusia, eta, betidanik hemen eskiatu dudanez, badakit pistak nola dauden, zer hobetu dezakegun, edo zer mantendu behar dugun.
Eskia maitatu behar da zentroko arduraduna izateko, zure ustez?
Bai. Proiektua zurea sentitu behar duzu. Erronkarikoa izatea ezinbestekoa da, eta kirola maitatzea. Saiatzen gara kalitatea eta hurbiltasuna eskaintzen, baita Erronkariko ingurua errespetatzen ere.
Neguko denboraldia amaitutzat eman duzue. Klima aldaketaren eragina nabaria da?
Elur gutxiago egiten du, hori egia da. Aurten bi hilabetez izan dugu elurra, besterik ez. Gainera, tenperatura aldaketak ikaragarriak dira: agian, egun batean elurra egiten du, eta tenperatura -6 gradukoa da, eta, hurrengo egunean, 10 gradu dauzkagu. Gaur egun, elurra ez da konstantea.
Nola aurre egin diozue?
Klima aldaketa kontuan hartuz, beste ekintza batzuk egin nahi ditugu: jokoak, bizikletarekin ibiltzeko bideak, antzerkia… Elurra izaten denean, jende gehiago etortzen da, noski. Elurra amaitzen denean, jendeak jarrera aldatzen du, eta eguraldi ona nahi izaten du, besterik ez. Guk erakutsi nahi dugu Erronkarin beste ekintza batzuk egiteko aukera ere badagoela, betiere ibarra zainduta, noski. Erronkarin bizi garenok gure ibarra maite dugu, eta badakigu gure lurra zaindu behar dugula.
Larra-Belaguan eskia ez da ekintza bakarra izango, beraz?
Ez. Orain, saiatzen ari gara proiektu berriak aurkezten. Ez badugu eboluzionatzen, hil egingo gara. Beti elurra eta eskia kontuan izanda, eta non gauden, noski. Aurten, egitasmo oso bitxi bat egin dugu, Winter Wonderland (Negu liluragarria) deitzen dena. Lurrean egin daitezkeen aktibitateak —korrika, adibidez—, eskiarekin nahasi genituen; herri kiroletako ariketak ere egin genituen. Txapelketa batean, musika, zozketak eta bazkaria antolatu genituen. Oso egun polita pasatu genuen.
Eskiarekin zerikusirik ez duen jendea azaldu zen?
Bai. Orain konturatu dira Larra-Belaguan hainbat ekintza egiteko aukera dagoela. Ekintza berri horien harira gure zentrora etorri ziren askok ez zekiten eskiak zer diren ere. Orain, horietako asko eskiatzen hasi dira, eta hilabetean behin etortzen dira familiarekin eguna pasatzera.
Zeintzuk dira ohiko bezeroen ezaugarriak?
Betiko bezeroak daude, askotan eskiatzen duten horiek. Baina, ekintza horiei esker, askotariko bezeroak ditugu orain. Egia da orokorrean ezjakintasuna nagusitzen dela; askok ez dakite Larra-Belagua badagoenik ere, eta Pirinioetara joaten dira zuzenean. Baina Erronkarin elurra dago, eta eskiatzeko aukera ere bai.
Turistak nagusitzen dira eski pistan?
Bai, izan daiteke. Tokiko bezeroak izan nahi ditugu, ez bakarrik turistak. Larra-Belagua gure altxorra da, zaindu beharrekoa; lan handia dago proiektuaren atzean. Arratsaldean Erronkariko gurasoak haurrekin pistetara igotzen ikustea oso berezia da niretzat. Ez dira parkera joan, elurretara igo dira. Hori ikusteak poz handia ematen dit.