Abartzuzako eskolako kideek espaziorik eza salatu dute, eta neurriak eskatu

Abartzuzako eskolako kideek espaziorik eza salatu dute, eta neurriak eskatu

Eraikina bost talde hartzeko egin zuten; sei dira orain, eta zortzi izanen dira irailetik aurrera. Zentroko gurasoek konponbide bat exijitu diote Nafarroako Gobernuari.

Edurne Elizondo

Abartzuzako Zumadia eskolako gurasoek konponbide bat exijitu diote Nafarroako Gobernuari, zentro horretan espaziorik ezak sortu duen egoera dela eta. Joan den apirilaren 25ean agerraldia egin zuten gurasoek eta eskolako arduradunek, jendaurrean, datorren ikasturtean egoerak okerrera eginen duela ohartarazteko, eta eskualdeko eragileei euren aldarrikapenekin bat egiteko eskatzeko. Plataforma bat osatu dute, “indarrak batzeko”.

Konponbide bat behar dutela berretsi du Abartzuzako eskolako zuzendari Anjel Gartzia Gazolatzek. “Eraikina txiki gelditu zaigu”, azaldu du, eta etorkizunari buruzko kezka erdigunean jarri. Hezkuntza Departamentuaren “konpromiso bat” nahi dute eskolako kideek, proiektuak “aurrera” eginen duela bermatzeko.

Eskualde osoko haurrak hartzen ditu Zumadia eskolak: Abartzuzakoak, Gesalazkoak, Lezaungoak, Jaizkoak eta Deierrikoak, alegia. Duela hiru ikasturte mugitu ziren ikasleak oraingo eraikinera; zentroa egin zuten bost talde hartzeko: bi Haur Hezkuntzan eta hiru Lehen Hezkuntzan. “Orain sei talde ditugu, eta datorren irailean zortzi izanen gara”, ohartarazi du Gartzia Gazolatzek. Irailetik aurrera, 80 ikasle inguru izanen ditu zentroak. “Hamar irakasle ditugu orain, baina 13-14 izanen gara irailean”.

Zumadia eskola ireki aurretik, eskualdean bi ikastetxe zeuden; bat Abartzuzan, eta bertzea Lezaunen. “2015. urte inguruan, eskualderako landa eskola bat sortzeko ideia garatzen hasi ginen, eta prozesu horren ondorio da egungo zentroa”, kontatu du Gartzia Gazolatzek.

Eskolako espazioari lotutako arazoak ia hasieratik izan dituzte Zumadiako kideek. “Tailerrak eta bestelako gelak egokitu behar izan ditugu, ikasleei eskolak eman ahal izateko”, erran du zuzendariak. “Egoerak gainezka” egin duela salatu du.

Bilerarik ez

Eskualderako landa eremuko eskola bat izaten jarraitu nahi dute Zumadiako kideek. Aspaldi hasi ziren Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin espazioaren arazoari buruz hitz egiten, baina ez dute erantzun ofizialik jaso. Horregatik erabaki dute orain plataforma osatzea eta euren egoeraren berri zabaltzea.

Maiatzaren 28ko foru hauteskundeak egin eta gero, gobernu berriko arduradunengana joko dutela azaldu du Gartzia Gazolatzek. Aipatu du egungo eraikinaren ondoan badela Abartzuzako Udalaren orube bat. “Aukerak badaude”. Zumadiako kideek eskolaren etorkizuna bermatzeko konpromisoak nahi dituzte.