Armata Rossa peñako ehun kide inguruk Madrilen ikusi zuten, duela hemezortzi urte, Osasunaren eta Betisen arteko Espainiako Kopako finala. Hainbat kide Sevillan izanen dira bihar. Finalak «ilusioa» piztu diela nabarmendu dute, eta taldeak berriz finalera heltzeko egindako ahalegina txalotu.
Edurne Elizondo
Javier Izkok urtarrilaren 30ean erosi zuen finalera joateko tren txartela. Bost egun lehenago, urtarrilaren 25ean, Osasunak 2-1 irabazi zion Sevillari luzapenean, Sadarren. Abdek sartu zuen gol erabakigarria egun hartan, gorritxoak Athleticen aurkako finalerdian sartu zituena. Osasunak txapelketatik kanpo utzi ditu bilbotarrak ere, eta bihar jokatuko du Espainiako Kopako finala, Sevillan, Real Madrilen aurka. “Gorritxoak kopa altxatzen ikusi nahi ditut!”.
Osasunaren Armata Rossa peñako kidea da Javier Izko. 2005ean, Madrilen izan zen peñako bertze ehun zale ingururekin. Urte hartan, Osasunak Betisen aurka jokatu zuen Espainiako Kopako finala. Galdu egin zuen. Izkok, hala ere, oroitzapen polita du partida hartaz. “Bidaia eta gure gola oroitzen ditut, batez ere”. Orduko ilusioa nabarmendu du, Iruñeko karriketan eta Madrilera eraman zituen trenean gainezka egin zuen ilusioa. 25 urte zituen Izkok 2005ean; 43 ditu orain, eta txalotu egin du Osasunako kide guztiek finalera bigarrenez iristeko egin duten ahalegina. “Anitz kostatzen da final batera ailegatzea; Osasunak berriz lortu du, ia hogei urte pasatu eta gero, eta duen balioa eman behar diogu”.
2005ean, Izkok eta Armata Rossako haren lagunek Osasunaren Peñen Federazioak antolatutako treneko bosgarren bagoian egin zuten Madrilgo finala ikusteko bidaia. BERRIAk bidaia haren gorabeherak kontatu zituen; jaso zuen, adibidez, zer jan eta zer edan bazutela zaleek trenean; bidaia osoa eman zutela Osasunaren aldeko kantak abesten; aire giroturik ez zegoela, eta beroa izugarria zela; trena zenbait aldiz geldiarazi zutela, eta sei ordu behar izan zituztela, azkenean, Iruñetik Madrilera ailegatzeko.
Izkoren bagoi berean ziren Armata Rossako Angel Garcia Carreño, Gorka Eizmendi, Sergio Diaz, Asier Garaio, Iker Iturralde, Jose Fernandez eta Adolfo Indurain. Bat egin dute, biharko finalaren atarian, eta barre egin dute 2005ekoak oroitzean. Egun berezi eta inportante bat bizi izan zutela sentitzen dute, eta merezi izan zuela, kopa jaso gabe itzuli baziren ere.
Denboran atzera
Zaletasuna ez dute bazter utzi, eta partidak ikusten dituzte oraindik ere, baina Armata Rossa jada ez da existitzen, berez. Biharko finalak eman die denboran atzera egiteko aukera, eta peñaren 2005eko espiritua berreskuratu dute, hala ere. “Gauzak anitz aldatu dira. Peñek jada ez dute lehen zuten indarra. Egungo futbolak fanak nahi ditu, ez zaleak”, erran du Angel Garcia Carreñok.
Armata Rossako kideak zaleak ziren 2005ean; eta zale dira oraindik ere, 2023an. “Treneko bagoi bat poliziaz beteta zegoen!”, gogoratu du Sergio Diazek, duela hemezortzi urtekoez mintzatzen hasi direnean. Madrilen ere Espainiako Polizia zuten gorritxoek zain, 2005eko ekainean. Pio Printzearen geltokitik Osasunaren zaleak hartzeko prestatutako karpara joateko bidea, hain zuzen, Poliziek lagunduta egin behar izan zuten. “Norbaitek bultza egin zidan, eta espaloitik errepidera jaitsi nintzen; polizia batek kolpea eman zidan berehala!”, kontatu du Diazek.
Diazek Izkorekin batera ikusiko du biharko partida, Sevillako Cartuja estadioan. Bidaia eginen dute Asier Garaiok eta Gorka Eizmendik ere. Nor bere kabuz iritsiko da Sevillara, baina elkarrekin emanen dute biharko eguna. Sumatzen da Madrilgo finaletik ia hogei urte joan direla: “Bertze adin bat dugu; nire hasierako asmoa zen haurrekin joatea, baina bazter utzi nuen azkenean”, aipatu du Gorka Eizmendik.
Diruaren auzia aipatu dute zale gorritxoek solasaldian. “Madrilgo finalerako sarrerak 50 euro balio zuen”, gogoratu dute. Biharko finalerako sarreren prezioa, berriz, 39 eta 221 euro artekoa izanen da. Sevillara joan behar izateak ere garestitzen du bidaia. Zaleek ez dute begi onez ikusi hiri hori aukeratu izana finalerako egoitza izateko, hain zuzen. “Diruak agintzen du; negozio bat da hau”, azaldu du Izkok.
“Ilusioa”, ororen gainetik
Diruak hartu du futbolaren mundua, baina Osasunarekin, negozio hutsetik urrun egon nahi duen kirol eredu bat aldarrikatu dute Izkok eta Armata Rossako gainerako kideek. “Taldeak bere nortasunari eutsi dio, eta kirol elkarte bat da oraindik ere. Egoera zailak gainditu behar izan ditu”, nabarmendu du Garcia Carreñok. 2015ean, Bigarren B Mailara jaisteko zorian izan zen taldea, eta Osasuna auzian aurreko zuzendaritzako hainbat kide auzipetu zituzten.
Biharko finalak piztu duen “ilusioa” ere jarri nahi izan du erdigunean Garcia Carreñok, ororen gainetik. “Giro berezi bat sumatzen da hirian. Osasunak hagitz ongi egin ditu gauzak. Jagoba Arrasate entrenatzaileak eta jokalariek lan ona egin dute; inor ez da bertzeak baino gehiago nabarmentzen, eta horrek hiritar guztien ilusioa piztu du”.
Sevillara joanen ez diren zaleek lagunartean edo familiako kideekin ikusiko dute biharko finala, telebistaz. Armata Rossako kide batzuek bat eginen dute, Osasunaren elastikoa jantzita, duela hemezortzi urteko giroa oroitzeko. Baikor dira denak, eta ausartu dira ozen erratera finaleko partidarako zer emaitza nahi duten: “1-2 Osasunaren alde, luzapenean”, bota du Javier Izkok. Bertze kide gehienek finala penaltien bidez erabakitzea nahi dute; noski, gorritxoen alde. Gorka Eizmendik, baina, ez du ez penaltirik ezta luzapenik nahi: “1-3, Osasunaren alde!”, erran du.
2005ean, koparik gabe itzuli ziren Armata Rossako kideak Iruñera; esku hutsik ez, ordea, oraindik ere ez baitute galdu finala zuzenean ikusteko egun osoko bidaiak eragindako zirrara. Urduri dira, berriz ere, biharko finalaren zain. Ilusioz. “Gorritxoak kopa altxatzen ikusi nahi ditut”, berretsi du Izkok.