Iritzia: Elkarbizitza

Iritzia: Elkarbizitza

Nagore Eslaba

Duela hiru urte bizi izandako itxialditik, edonor da mendizale. Mendia modan dago. Igande goiz batean egiten den planik ohikoenetariko bat dela esango nuke, etxean bildurik egon behar izateak guztiongan eragin baitzuen naturarekin kontaktuan egoteko grina. Are gehiago, hirietan bizi direnengan, horien ateratzeko beharra benetan handia baitzen.

Aisialdian, beraz, askok hartzen dute bidea hiritik landa eremura, bakarrik edo euren animaliez, txakurrez gehienetan, lagundurik. Azken horiek solte joaten dira; hirian barrena lotuta doaz, eta, normala denez, zelai zabaletan katea sobera ikusten du jabeak, animaliak ere behar baitu aske ibili. Baina, orduan, talkak izaten dira.

Joan den astean albiste izan zen txakur baten jabeak artzain gipuzkoar bati emandako jipoia. Bere artaldea urdurituta ikusi ostean, ardiak izutzen zebilen txakur bat ikusi zuen. Hura lotu eta baserrira eraman zuen, jabea noiz agertuko. Hara heltzean, honek, inolako arrazoirik gabe, eraso egin zion artzainari. Lotsagarria, oso. Masailezurra hautsi zion, baina, noski, ez da bakarrik fisikoki egindakoa, horrelako bizipen batek mentalki minduta uzten zaitu.

EHNE nekazarien sindikatukoek errespetua eskatu diete mendian dabiltzan horiei guztiei, horrelako jarrerak onargaitzak direlako eta egoera geroz eta larriagoa delako. Izan ere, maiz izaten dituzte arazoak askatuta doazen txakurrekin, baina azken hau muturreko kasua izan da.

Niri neuri, gertutik tokatu zaizkit halako liskarrak, eta harritzekoa izaten da hiritik datorren horrek izaten duen enpatiarik eza.

Dena den, ulerpen falta hori kontzientzia edo ezagupen murritzaren ondorio izan daiteke, askotan ez baitakigu nondik goazen, nolakoa den ingurunea edo nor dagoen bertan, hain zuzen. Eta naturan ibilita ere, mugak egon badaude.

Mendia guztiona da, hori ezin da ukatu. Edonor libre da zelai berde batean korrika aritzeko, mendi puntan hamaiketakoa jateko edo zuhaitz baten azpian lo-kuluxka egiteko. Baina denona den heinean, hain zuzen ere, gutxieneko batzuk bete egin behar dira.

Kanpotik datorrenak ulertu behar du larreetan abereak daudela, eta txakur baten presentziak izutu egiten dituela, horrek dakartzan ondorioekin.

Ardietan, adibidez, ez dira soilik haginkadak; ikarak berak sortzen dien estutasunak abortuak ekartzen ditu kasu askotan, eta horrek, zuzenean, abeltzainaren poltsikoan du eragina.

Txakurrak otsoa du arbaso, eta ardia ikusi bezain pronto, hor doa, senak eramanda. Egia da badirela instintu hori berezkoagoa duten arrazak, baina barne tentazioa hor dago. Hortaz, jabe bakoitzak bere txakurra kontrolpean izateko ardura du, eta ganadua hurbil badago, lotzekoa ere bai.

Elkarbizitzak errespetua du oinarri; kasu honetan, landa eremuko abeltzainen, animalien eta hiritarren artekoa. Harreman sendo bat lortzeko bidean, erantzukizunez jokatu behar dugu; hori egin behar dugu guztiok.

Hartara, egin dezagun igandeko plana, baina egin dezagun errespetuz.