Paris 365 taldeak txapelketa irabazi du, azken partidan 7-1 nagusituta

Paris 365 taldeak txapelketa irabazi du, azken partidan 7-1 nagusituta

Iruñeko Paris 365 jantoki sozialeko zenbait erabiltzaile dira taldeko kide. Iazko udan hasi ziren entrenatzen, kirola helduleku bilakatzeko.

E. Elizondo

“Hagitz kontent gaude. Orain, gure aurkarietako batzuek gu ikusi eta gero erran dutena datorkit burua: ‘Nola irabaziko gaituzte hauek?’ Bada, txapelketa irabazi dugu!”. Abderrahmane Ukhirarenak dira hitzak. Marokoko amazig herrikoa da, eta “harrotasunez” altxatu zuen, Paris 365 futbol taldeko kapitain gisa, jokatu duten txapelketako kopa. Joan den larunbatean jokatu zuten azken partida, Sarrigurenen, bigarren sailkatuaren aurka (Najgorsi Pikarze): 7-1 nagusitu zen Paris 365.

Iruñeko izen bereko jantoki sozialeko erabiltzaileek osatzen dute taldea. Iazko uztailean jarri ziren martxan, Mikel Lizaso eta Johan Bjorkstrom entrenatzaileen babesarekin. Bederatzi hilabete joan eta gero, lehenengo kopa irabazi dute.

Paris 365 taldeko kide guztiak “urduri” ziren larunbatean, partida hasi aurretik. Entrenatzaileek garbi erran zieten jokalariei “txapeldun” zirela, norgehiagoka hasi aurretik ere. Proiektuaren helburua izan da egoera zaurgarrian direnei “helduleku bat” eskaintzea, eta Paris 365 futbol taldearen inguruan “eraiki” duten komunitatea “ospatzeko modukoa” da, egitasmo horren sustatzaileentzat. Hamaika herritako migratzaileak dira taldeko jokalari, eta, futbolaren bidez, nabarmentzea lortu dute. Ikusezin izateari utzi diote.

Oihana Barriosen poza

Abderrahmane Ukhira kapitainak taldeko gainerako kideekin partekatu zuen larunbatean altxatutako kopa, epailearen eskutik jaso eta gero. Zenbait zaleren babesa ere jaso zuten jokalariek eta entrenatzaileek, Sarrigurengo zelaian. Han zen Paris 365 jantoki sozialeko kide Oihana Barrios. Futbol taldea sortzeko proiektua sustatu dutenetako bat izan da Barrios, eta “kontent” zegoen larunbatean, Paris 365 taldearen garaipena ospatzen.

Txapeldunak erraz nagusitu ziren zelaian, eta lehen zatian jada garbi utzi zuten kopa nahi zutela. Hasierako urduritasunari eutsi zioten, eta, 7-1 irabazita, txapeldun bilakatu ziren. Entrenatzen eta bidea egiten segitzeko prest dira.