Denek nahi dituzten aulkiak

Denek nahi dituzten aulkiak

Gauerdian jarri da martxan udal eta foru hauteskundeetarako bi asteko kanpaina, eta abian da, ondorioz, Nafarroako Parlamentuko aulkiak lortzeko lehia. 519.751 herritarrek izanen dute foruko bozetan botoa emateko eskubidea, maiatzaren 28an.

Edurne Elizondo

Nafarroako indar politikoek aspalditik dituzte jomugan maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak, baina bi aste iraunen duen kanpaina oraintxe hasi da: gauerdian jarri da martxan Nafarroako Parlamentuko aulkiak lortzeko lehia, eta udalak osatzekoa.

Foru bozetan, Nafarroako Gobernuko lehendakari eta PSNren lehendakarigai Maria Txibiterekin batera, bertze alderdi eta koalizioetako lehendakarigaiak ariko dira boto bila. 50 aulki daude jokoan, eta, haien bidez, herrialdeko gobernua osatzeko aukera.

Denera 519.751 herritarrek izanen dute bi aste barruko bozetan botoa emateko eskubidea. Duela lau urteko hauteskundeetan, %72,18koa izan zen parte hartzea —2015eko bozetan baino 3,92 puntu handiagoa—. Hilaren 28rako, hain zuzen ere, boto emaileak aktibatzea izanen da alderdi eta koalizio guztien helburu nagusietako bat, datozen egunotan.

Herritarrak ere aktibatu dira, gaur hasi den kanpaina baliatuta, eta erdigunean jarri dituzte boto eske ariko diren indar politikoei egindako eskaerak. Nafarroako Gizarte Eragileen Plataformak, adibidez, agerraldia egin zuen apirilean, eta hauteskundeen emaitzen arabera sortuko den gobernu berriari eskatu zion bete ditzala Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiek sinatutako Nafarroako Pobreziaren eta Desberdinkeriaren Kontrako Hitzarmena. “Benetako konpromiso bat nahi dugu egoera zaurgarrienean diren herritarren alde”, nabarmendu zuten gizarte eragileek, apirilean egindako ekinaldian.

Gizarte eragileek herritarren egunerokoa baldintzatzen duten auziak jarri nahi izan dituzte erdigunean —lana, etxebizitza, inflazioaren eragina, elikagaien prezioa, osasuna,…—, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetatik aterako den gobernu berriak garatu beharko dituelako auzi horiek guztiak kudeatzeko politikak.

Desgaitasunaren esparrutik ere eskaera zehatza egin diete arlo horretako elkarteek eta gizarte eragileek maiatzaren 28ko hauteskundeetan parte hartuko duten indar guztiei: 75 proposamen eta 19 neurri helarazi dizkiete, elbarriak kontuan hartzeko eta haien eskubideak errespetatzeko mezu nagusiarekin.

Esparru bateko edo bertzeko eskaerez harago, kanpainarekin batera, gehiengoen jokoa hasi da herrialdean, eta lehian parte hartuko duten indar politikoentzat emaitza on bat baino gehiago dago jokoan. Maiatzaren 28ko bozek argituko dute nola berrosatuko den mapa politikoaren puzzlea.

Nafarroako parlamentu berria ekainaren 16an osatuko dute; egun horretan, parlamentuak bere presidentea hautatuko du, eta Parlamentuko Mahaia osatu. Egun horretan hasiko da Nafarroako Gobernuko lehendakaria izendatzeko prozesua. Orduan hasiko da botereari eusteko edo hura hartzeko jokoa.

MARIA TXIBITE

PSN

Nafarroako Gobernuko egungo lehendakaria da Maria Txibite, eta posizio hori baliatuko du kanpainan, segur aski. Datozen bi asteotan, hain zuzen, Txibiteren lidergoan oinarrituko du alderdi sozialistak bere mezu nagusia. Azken lau urteotan, bigarren indarra izateak eman dion zentraltasuna aprobetxatu du PSNk, eta politikaren lema hartu du bere esku. Izan ere, sozialisten 11 parlamentariek adierazten duten baino botere kuota handiagoa izan du PSNk bukatu berri den legealdian. Posizio horretatik ariko da Txibite kanpainan. Apirilaren 29an, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen bisita eta babesa jaso zuen Txibitek, Iruñean.

JAVIER ESPARZA

UPN

Maiatzaren 28ko hauteskundeak hagitz garrantzitsuak dira UPNrentzat, eta, batez ere, Javier Esparza alderdi horren lehendakarigaiarentzat: hirugarrenez saiatuko da Esparza erregionalisten helburu gorena lortzen —2015ean galdutako Nafarroako Gobernua berreskuratzen—, eta, eskuratzen ez badu, zaila izanen zaio alderdiaren lemari eustea, hain zuzen.

2019an PPrekin eta Ciudadanosekin sortutako Navarra Suma koalizioa bazter utzi du UPNk; zatituta aurkeztu da eskuina, eta erregionalistek euren marka historikoa berreskuratu dute.

UXUE BARKOS

Geroa Bai

Uxue Barkos buru duen koalizioak nabarmendu du “aldaketa sakonak eta iraunkorrak” nahi dituela. Kanpaina hasi baino lehen, mezu bat helarazi nahi izan zion Barkosek PSNri: “PSNk ez du argitu nola eraiki nahi dituen gobernu aurrerakoiak, baldin eta beste alderdien babesa eskatu baina gero aniztasun horrekiko konpromiso argirik azaltzen ez badu. Gobernu aurrerakoiak egiteko modu bakarra da gobernu plural eta aurrerakoiak izatea”.

Uxue Barkos izan zen Nafarroako Gobernuko buru 2015etik 2019ra; bertzelako rol bat bete du azken legealdian, Geroa Baik PSN buru zuen gobernua babestu baitu azken lau urteotan; legealdia amaituta, koalizio horrek”ausardia falta” egotzi dio PSNri zenbait auzitan: euskaran, autogobernuan, Hitzarmen Ekonomikoan, batik bat eskuinaren mezuei eta Madrilgo gobernuak ezarritako irizpideei aurre egiteko orduan.

LAURA AZNAL

EH Bildu

PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk lehia erabakigarria izanen dute euren artean nor geratu aurretik. Helburu hori dute hiru indarrek. Lehia horretan, EH Bilduko lehendakarigaia da eskarmentu txikiena duena; kanpainari begira, hain zuzen, EH Bilduk ahalegin berezia egin du Aznalen hautagaitza ezagutarazteko, azken hilabeteetan. Koalizioak goranzko joera du, inkesten arabera. Kanpainan baliagarritasun politikoa areagotzeko beharra azpimarratuko du, segur aski, bere mezu nagusia zera baita: EH Bildu zenbat eta sendoago, ezkerreko politikak egiteko orduan eta aukera gehiago.

BEGOÑA ALFARO

Zurekin Nafarroa

Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ez dute 2019. urteko bidetik segitu nahi izan; duela lau urte, bananduta aurkeztu ziren udal eta foru hauteskundeetara, eta orduan baino emaitza hobeak lortzeko asmoz bat egin dute maiatzaren 28ko bozetarako: Zurekin Nafarroa koalizioa sortu dute, Batzarrerekin eta independenteen talde batekin batera. Begoña Alfaro da lehendakarigaia; elkarlana frogatzeko ordua dute oraingoa.

JAVIER GARCIA

PP

PPk Navarra Sumaren haustura baliatu nahi du eskuinaren hegemonia bereganatzeko luzarora. Javier Garcia alderdiaren Nafarroako presidentea izanen da lehendakarigaia. Halere, ikusteko dago eskuineko boto emaileek hain erraz aldatzen duten ontzia, edo betiko alderdiari —UPNri, alegia— ematen dioten babesa. Navarra Sumako hirugarren bazkidea izan da Ciudadanos; desagertzeko zorian dago. Carlos Perez Nievas hautagaiak “leialtasun falta” leporatu die PPri eta UPNri.

Lehia hasi da; 50 aulki daude jokoan, eta bi asteko kanpaina martxan da indar politikoek herritarren botoa lortzeko. Hasi da aulki jokoa.

 

Analisia

Joxerra Senar. Berriako kazetaria

Akatsak saihestuz gero, gaitz erdi

Kanpaina hasi berri, beti geratzen da zalantza bi asteok zer balio izaten duten. Are gehiago egun kanpaina aurreko garaiak hainbeste irauten duela kontuan hartuz gero. Dena den, hobe ez lokartzea. Badaezpada ere. Hala,
bi asteotan, zalantzatiak konbentzitu, arerioen erasoei aurre egin eta boto emaileak mobilizatuz gero, asko irabazia dute alderdiek.

Eta akatsak saihestuz gero, gaitz erdi! Adibidez, 2015ean, Dia de Navarra-k Ciudadanosen aurka egindako kanpaina baten ondorioz, alderdi hura boto gutxiren faltan geratu zen parlamentuan sartzeko. Detaile ñimiño hark ahalbidetu zuen 2015-19 legealdiko aldaketaren gehiengoa. Match Point filmean bezala, porrotaren eta garaipenaren arteko tartea oso txikia izan daiteke.

Marketinak, iruditeriak eta lerroburuek irentsi dituzte kanpainak, baina, akaso, kazetariok eta herritarrok badugu zerikusirik. «Programa, programa eta pro- grama», zioen Julio Anguita zenak, baina gutxi dira alderdien proiektuaren edukiari erreparatzen diotenak. Nafarroako ezein alderdik ez du ahalmenik bere kabuz bere egitarauaren edukia aurrera ateratzeko; eta, gainera, gobernatzeko ordua iristen denean, ekintzak gauzatzeko zailtasunak agertu ohi dira. Hala ere, maila teorikoan, proiektu baten osasuna neurtzeko modu bat izan daiteke. Balio behar luke bereizteko promesak egiten dituztenen eta arazoei konponbide bat eman nahi dietenen artean.

Maiatzaren 28an gertatzen dena gertatzen dela, gauza bat dago argi: elkarrizketa eta akordioa ezinbesteko izango dira. Kanpaina luzea dela irudituz gero, lasai. Maiatzaren 29tik aurrerakoa are luzeago izango da.

Argazkia: Nafarroako Parlamentua-Iñaki Porto.