Iratiko ibarrek bat egin dute, saretu eta elkarlanean aritzeko

Iratiko ibarrek bat egin dute, saretu eta elkarlanean aritzeko

Zuberoako Mendi Sindikatuak, Zaraitzuko Biltzarrak, Garaziko Mendi Sindikatuak eta Aezkoako Biltzarrak Lau Ibarrak elkartea sortu dute. Irati berritzeko lanean segitzea dute xede.

Olaia L. Garaialde

“Irati bere osotasunean eta elkarlanean sustatu eta kudeatu nahi dugu, Iratiko eredu propioa sortzeko”, azaldu du Karlos Buenok, Aezkoako Biltzarreko presidenteak. Hori da Lau Ibarrak sortu berri duten elkartearen helburua: harreman zaharrak berpiztu eta berriak sortu nahi dituzte; Zuberoako Mendi Sindikatuak, Zaraitzuko Biltzarrak, Garaziko Mendi Sindikatuak eta Aezkoako Biltzarrak egin dute bat elkarte berria sortzeko.

Lehen sektoreko lanbideetan eta turismoan jarri nahi dute arreta. “Duela urte batzuk arte, gure harremanak lehenengo sektoreari lotuta zeuden. Horiei eutsi arren, beste gauza batzuetan harremanak hoztu egin dira”, kontatu du Buenok. Gaineratu du sortu diren lanbide berriekin harreman gutxiago dutela: “Haiekin ere sarea egin behar dugu, denok bizi baikara Iratin”.

Lehen sektoreari dagokionez, orain arte izandako erlazioak indartzeko bideak aztertzen ari dira: “Ikusi behar dugu nola lagundu; ikusten ari gara ez duela luze iraungo, ez baitago erreleborik”.

Nabarmendu du horretarako “oso garrantzitsua” dela eskoletako esku hartzea: “Oso inportantea da txikitatik erakustea zer den Irati, zein lanbide egon diren eta zeintzuk dauden erreleboarekin jarraitzeko”. Gaineratu du “beharrezkoa” dela lehen sektorearen inguruko ikasketak inguruan eskaintzea. Hala ere, uste du “zaila” dela erreleboa lortzea, gazte “gutxi” geratzen dira eta: “Denak geldituta ere ez dakit behar ditugun guztiak lortuko genituzkeen; horregatik, jendea erakarri behar dugu”.

Horrez gain, turismo “ordenatu” eta “jasangarria” sustatu nahi dute: “Gure izaerari eutsi nahi diogu; hau da, gure ondareari, lanbideei, kulturari eta identitateari lotutako turismoa egin nahi dugu”. Horretarako, turismo eskaintza zabalagoa izan nahi dute, udan eta udazkenean pilatzen baita jendea. “Jendea beti leku berberetara doa, baina ezagutzeko askoz txoko gehiago daude, eta horiek ez ditugu hainbeste ezagutzera ematen”, azaldu du Buenok.

Finantzaziorik eza

Xedea lortzeko bidean, lehen sektoreko langileak eta instituzioetako langileak elkartzeko ekinaldi bat antolatu dute gaur. Orbaizetatik abiatu, eta Zaraitzura, Garaziko (Nafarroa Beherea) etxolara eta Iratiko txaletetaraino joango dira. “Elkar ezagutzeko eta azpiegituren berri izateko modu bat da”. Bide beretik segitu nahi dute, baina finantzaketarik gabe “zaila” da.

Orain arte elkarlanean egindako proiektuetan Europako Batasuneko finantzaketa jaso dute. 2007. urtetik 2013.era, Zaraitzuko Biltzarrak eta Zuberoako Mendi Sindikatuak kudeatu zuten lehen Poctefa programa, Iratin. Gero bat egin zuten Garaziko Mendi Sindikatuak eta Aezkoako Biltzarrak. Helburua zen turismoa garatzea eta erabilpen publikoa sustatzea. 2015etik 2021era, bigarren Poctefa jaso zuten, norbere egitasmoak eta zenbait proiektu elkarlanean garatzeko. Aurten finantzaketarik ez izan arren, elkarlanean jarraitzea erabaki dute.