Bidatz Villanueva Etxague
Administrazioko arreta bulegoetara joan, eta aldiro zalantzan zaude zein hizkuntzatan zuzenduko zatzaizkion. Euskaraz hitz egiteko identifikagarria daramala ziurtatu, eta orduan bai, euskaraz hasi zatzaizkio. Baina justu une horretan ez dago euskaraz dakien administraria bere lanpostuan, eta beste baten bila joan beharrean, tramitea gaztelaniaz egitea erabaki duzu, “praktikotasunagatik”, diostazu zeure buruari, edo finean, badakizulako ez dutela modu onez hartuko euskarazko arreta aldarrikatzea.
COVID-19arena irudiz iragan da, ez pandemiarik, ez osasun krisirik, baina lehen arretaren egoera Nafarroan kaxkarra da oso. Tematu egin behar zara egunean artatu zaitzaten, telefonoz hartzen zaituenari zure ondoeza adierazi hark erabaki dezan gaitzaren larritasun maila. Larrialdiak lehen arretan jaso ezin izan dituzten eriez betetzen dira askotan. “Begira, badakit ez dela hil ala biziko kontua, baina bi aste daramatzat animaliako katarroarekin, eta ezin dut horrela jarraitu”, gisa horretako lekukotzekin. Zurrunbilo horretan guztian, zein leku du euskaraz arreta jasotzeko eskubideak?
Zure aisialdian hainbat jarduera egin dituzu txikia zarenetik, eskolaz kanpoko ekintzak, baina euskaraz inoiz ez. Hizkuntzaren erabilera hezkuntza eremura, eta, zenbaitetan, familiartekora mugatua dago. Helduagoa zarela, hainbat alorretan ere darabilzu, atxikipenagatik, egoera horrek hala eskatzen duelako, edo militantziagatik. Hizkuntza naturaltasunez erabiltzez urruti zaude, ordea. “Denok uler dezagun” ideiaren inguruan, espainola hautatzen da maiz, horren inguruko hausnarketarik egin gabe.
Halako egoerak eta beste hainbeste bizi ditugu nafarrok egunerokoan. Urtetan euskaraz ikasi eta gerora hizkuntza ahaztu duten asko daude. Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen trataerak milaka hiztunen aurka egiten du. Alde batetik, ez duelako bermatzen instituzioetan euskarazko zirkuitu osorik. Bestetik, euskara ikasteak zuen balio utilitarista deuseztatu duelako. Hizkuntza ikasteko zergatiak asko izan daitezke; kontzientziagatik izatea gustatuko litzaiguke, baina ezin dira gutxietsi balio praktikoa soilik esleitzen diotenak. Dena den, behin hizkuntza bat ikasten hasita, beti sortu ohi da nolabaiteko lotura emozionala.
Hizkuntza gutxituek inoiz baino mehatxu handiagoa jasaten dute, zaila baita lehiatzea hegemonikoen aurka. Gizarte mugimenduetatik, hezkuntza esparruetatik, udaletatik eta elkarteetatik euskararen alde indarra egiten da, saiatzen dira gizartea hizkuntzari atxikitzen, normalizatzen eta zabaltzen.
Alabaina, trabak besterik ez dira topatzen Nafarroako Gobernuko ekinbideetan, euskara bigarren maila batera eramanez. Hamarkadatan min handia egin du 1986ko Euskararen Legeak, Nafarroako eremuaren arabera, euskararen estatusa ezarri zuena. Diskriminagarria da Erriberan, esaterako, hiztun gutxiago egonagatik, euren eskubideak murriztea eta bertakoentzat, sozioekonomikoki ahalegin bikoitza izatea. Hori dela eta, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak manifestaziora deitu du maiatzaren 13rako, Iruñean, ozen aldarrikatzeko euskara ofiziala nahi dugula, behingoz, lurralde guztietan.