Makila nork hartuko zain

Makila nork hartuko zain

Iruñeko Udalak bertze alkate bat izanen du hauteskundeak pasatuta, Enrique Maia egungo udalburua ez baita aurkeztu; UPNk ez du Navarra Suma koalizioa berritu, eta Cristina Ibarrola du hautagai.

E. Elizondo

Enrique Maia ez da berriz izanen Iruñeko alkate. Hori da hilaren 28ko udal hauteskundeen balizko emaitzen inguruan erran daitekeen egia borobil bakarra, azken lau urteotan udalburu izandakoa ez baita UPNren oraingo bozetarako hautagaia: alderdi erregionalistak Cristina Ibarrola hautatu du zerrendaburu, Maiaren ordez.

2015ean, Navarra Sumaren hautagaia izan zen Maia. Hilaren 28ko hauteskundeetan, ordea, eskuineko koaliziorik ez da izanen; UPNk Ibarrola hautatu du, eta PPk, berriz, Carlos Garcia Adanero; UPN —bai eta Nafarroako politika ere— goitik behera ezagutzen du Garcia Adanerok. Ciudadanosek, berriz —Navarra Suma koalizioa osatu zuen beste alderdiak—, Fernando Sesma izanen du alkategai.

Garcia Adanero —Sergio Sayas alderdikidearekin batera— UPNtik at gelditu zen iazko otsailean, UPNren Berme eta Diziplina Batzordeak ondorioztatu zuelako arau hauste larria egin zutela Espainiako Kongresuan lan erreformaren bozketan. Hala, bi urte eta sei hilabetez militantzia eten zien Garcia Adanerori eta Sayasi; epe berean, ezingo dute UPNren izenean kargu publikorik izan. Plataforma bat sortu zuten biek iazko martxoan, eta joan den urtarrilean, PPrekin aurkeztuko zirela iragarri zuten. Urtarrilaren 17an bildu ziren UPNko kide ohiak PPko agintariekin. Bilera bukatu eta gero, pozarren, PPko Nafarroako presidente Javier Garciak nabarmendu zuen, PPren teilatu pean, “zentro-eskuina batu” egin dela.

Asironek itzultzea du xede

Navarra Sumaren hausturak eta PPk eragin diezaiokeen higadurak UPNri nola eraginen dion argituko dute hilaren 28ko udal hauteskundeek. EH Bilduk, noski, bere alde baliatu nahi du eskuineko indarren artean gertatu den mugimendu hori.

Joseba Asiron (EH Bildu) da Iruñeko Udalerako zerrendaburuen artean estreinakoz aurkeztuko ez den bakarra. Asironek 2015ean egin zuen jauzia politikara EH Bildurekin, eta alkatetza lortu zuen. Azken lau urteak, berriz, oposizioan eman ditu.

Gaur hasi den kanpainarako, mezu garbi bat jarri nahi izan du EH Bilduk erdigunean: koalizio hori dela eskuinari aurre egin eta ezkerreko udal aurrerakoi bat nahi duen ororentzat aukera bakarra.

Bertzelakoa da PSNko hautagai Elma Saizen diskurtsoa: UPNren eta EH Bilduren aldean, PSN aurkeztu du “independentistak edo kontserbadoreak ez direnen alternatiba gisa”. PSNk Nafarroako Gobernuko eredua udalera eraman nahi du, emaitza onak lortu eta EH Bilduren aurretik geratzeko itxaropenarekin. Inkestek diote atzetik geldituko dela, baina udal gobernua erabakitzeko giltza izango duela, 2019an bezala.

Geroa Baik eta Zurekin Nafarroa koalizioak ere —Ahal Dugu-k, Ezkerrak, Batzarrek eta independenteen talde batek osatua— izan dezakete zeresanik. Geroa Baik Koldo Martinez aurkeztu du zerrendaburu; Nafarroa Zurekin-eko indarrak banatuta aurkeztu ziren 2019an, eta ez zuten lortu udalean sartzeko behar den gutxienekoa. Hutsegite hori konpontzeko elkartu dira; Txema Mauleon dute alkategai.

Iruñeko alkategaiak

Cristina Ibarrola. UPN

Cristina Ibarrola (Iruñea, 1969) medikua da, eta Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari eta Osasunbideko buru izan zen Yolanda Barcinaren agintaldian. Gogor egin du Nafarroako Gobernuko egungo Osasun kontseilari Santos Indurainen aurka.

Joseba Asiron. EH Bildu

Joseba Asiron (Iruñea, 1964) historialaria eta San Fermin ikastolako irakaslea da. 2015ean egin zuen politikarako jauzia, eta Iruñeko alkate izan zen legealdi hartan. Azken lau urteak oposizioan eman ditu, eta EH Bilduko bozeramaile izan da Iruñeko Udalean.

Elma Saiz. PSN

Elma Saiz (Iruñea, 1975) abokatua da. 2003ko legealdian parla mentari izan zen; 2008rik 2012ra, berriz, Espainiako Gobernuko ordezkari Nafarroan. Ekonomia eta Ogasun kontseilari izan da Maria Txibiteren azken gobernuan.

Koldo Martinez. Geroa Bai

Koldo Martinez (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1953) medikua da. 1991n, Euskadiko Ezkerreko Iruñeko hautagaia izan zen. 2012an, Geroa Bai barruko Zabaltzen taldearen buru izan zen. Parlamentari aritu zen 2015etik; 2019an Espainiako senatari izendatu zuten.

Txema Mauleon. Zurekin Nafarroa

Txema Mauleon (Iruñea, 1973) soziologoa da. Batzarreko kidea da. 2003ko agintaldian Burlatako hautetsi izan zen, eta 2007koan, Iruñekoa. Azken bi agintaldietan Gizarte Eskubideen Departamentuko kabineteburu izan da Mauleon.

Carlos Garcia Adanero. PP

Carlos Garciak (Talavera de la Reina, Es-painia, 1967) Zuzenbide ikasketak ditu. 1991tik 2019ra UPNko parlamentaria izan zen. 2019tik diputatua da Espainiako Kongresuan; lan erreformaren bozketaren ondorioz, UPNtik kanporatu zuten. PPren hautagaia da.

 

Ekainaren 17an osatuko dituzte hauteskundeen ondoko udal berriak

E. E Iruñea

Nafarroaren aniztasuna islatzen ohi dute udal hauteskundeek; herri txiki anitzetan hautagaitza independenteek irabazten dute, baina handiagoetan izaten da alderdien arteko lehia, eta aurtengo hauteskundeetan udalen osaera erabakigarria izan daiteke Nafarroan jokatuko den partida orokorrean. Ekainaren 17an osatuko dituzte maiatzaren 28ko bozen araberako udal berriak.

Nafarroako iparraldean EH Bildu da nagusi; hegoaldean, berriz, UPNren eta PSNren artekoa da borroka politikoa. Erdialdean ere izaten da lehia, baina EH Bilduk gero eta eragin handiagoa du —Tafallan eta Lizarran, kasurako—. Iruñerrian, berriz, aliantzen jokoak baldintzatu dezake azken emaitza, eta hor ikusteko dago PSNk zer eginen duen.

Erriberan

Azken lau urteotan, Iruñerritik at, Altsasu eta Lodosa izan dira Geroa Bairen udal nagusiak. Maiatzaren 28ko hauteskundeetan lurralde- an errotzea izanen du ardatz. PSNk, berriz, Estellerrian eta Erriberan nagusitasuna kendu nahi dio UPNri. Zurekin Nafarroa koalizioaren udal arloko apustu nagusia Iruñerrian baliagarriak iza- tea da, eta Tuteran alkatetza berreskuratzea, edo bederen UPNri udal gobernua kentzea.