Gazteak edaten 13,6 urterekin hasten dira

Gazteak edaten 13,6 urterekin hasten dira

Gizakia Helburu erakundeko Suspertu programaren arduradunek «kezka» agertu dute. 2022. urtean 121 nerabe artatu zituzten.

Edurne Elizondo

Datu batek kezka eragin die Gizakia Helburu erakundeko Suspertu programaren arduradunei: Nafarroan gazteak, batez beste, 13,6 urterekin hasten dira alkohola edaten, egindako azken ikerketen arabera. 14,3rekin hasten dira tabakoa erretzen, eta 14,9rekin, berriz, kalamua kontsumitzen. Suspertuko kideek prebentzioa lantzen dute nagusiki, eta nerabeak eta haien senitartekoak artatzen dituzte. 2022. urtean, 121 nerabe eta 245 senide hartu dituzte euren programan.

Suspertuko kideek nabarmendu dute marihuana izaten dela gurasoen alarma pizten ohi duena: “Gurasoek badakite euren seme-alabek alkohola edan edo tabakoa erretzen dutela; guregana jotzen dute kalamuarekin hasten direnean”.

Suspertu programako psikologo Saioa Iturriagagoitiarenak dira hitzak, eta agerian uzten dute gizartean kontsumo guztiak ez direla berdinak: “Guregana jotzen duten ia gazte guztiek edaten dute alkohola, baina ez datoz horregatik. Zeharka, mezu bat zabaltzen ari dira gurasoak: alkohola edan dezakezu, tabakoa erre ere bai, baina, kalamua kontsumitzen baduzu, programa batera zoaz, psikologoarengana”.

“Alkoholaren kontsumoa erabat normalizatu dugu; gure besta ereduak eta besteekin harremana izateko gure ereduak alkohola jartzen dute erdigunean. Nerabeek ikusten dutena errepikatu bertzerik ez dute egiten”, erantsi du Suspertuko zuzendari Garikoitz Mendigutxiak. “Kezkagarritzat” jo du nerabeen eta gazteen aisialdiko jarduera anitz alkoholaren kontsumoarekin lotzeko joera.

Suspertu programa, 1997tik

Gizakia Helburuk 1997. urtean jarri zuen martxan Suspertu programa, garai hartako behar bati erantzuteko asmoz: prebentzioa lantzea zen asmoa, kontsumitzen hasten ziren nerabeen artean. Kontsumo horiek gurasoengan eragindako kezkak bultzatu zuen programaren sorrera.

Nerabeekin eta familiekin egiten dute lan taldeko kideek; gainera, ikastetxeetan eragiteko tailerrak eta hitzaldiak egiten dituzte. Garaian garaiko egoerara egokitzen saiatu dira beti, eta azken urteotan, hain zuzen, bideojokoak, pantailen erabilera eta kirol apustuak ere jarri dituzte euren jardueraren erdigunean.

Alkoholari buruzko azken datuek “kezka” eragin dietela berretsi dute, eta gogoeta egiteko beharra nabarmendu. “Prebentzioa lantzeko moduak aztertu behar ditugu, eta neurriak hartu”, erran du Mendigutxiak. Suspertun garbi dute ekinaldi puntualek ez dutela arazoa konponduko. “Plangintza jakin bat behar da”. Mendigutxiak oroitu du Nafarroako Gobernuak onartu zuela plan bat gazteen alkohol kontsumoari buruz, baina zehaztu du ez dela inoiz indarrean sartu. “Pandemia lehertu zen, eta bertzelakoak ziren lehentasunak. Plana bazter gelditu zen”. Auzi horri heltzeko garaia dela erantsi du.

Suspertuko kideek garbi erran dute euren programan prebentzioa lantzen dutela, batez ere, eta artatzen dituzten nerabeek ez dutela menpekotasun arazo bat alkoholarekin edo bertze substantziaren batekin. “Guregana jotzen dute familiek, oro har, arazo bat dagoela antzeman dutelako, egoerak okerrera egin ez dezan”, zehaztu dute.

“Nerabe bat alkohola edaten hasteak ez du erran nahi alkoholismo arazo bat izanen duenik”, azaldu du Mendigutxiak. Nerabe bat alhokola edaten edo kalamua erretzen hastea, ordea, “arrisku jarrera” bat izan daitekeela ohartarazi du. “Ikerketek erakusten dute alkohola edaten hasten denak tabakoa erretzeko joera ere izaten duela; eta tabakoa erretzen duenak errazago egiten duela jauzia kalamura, eta kalamutik bertzelako droga motetara”, kontatu du. “Nerabeak zenbat eta goizago hasi alkohola edaten, orduan eta arrisku handiagoa bertze kontsumo horiek gertatzeko”.

Emaitza onak

Suspertuko kideek kezka dute, eta gizarte osoari eskatu diote alkoholaren edo gainerako drogen kontsumoari buruzko gogoeta egin dezala. Zer ospatu ere badutela nabarmendu nahi izan dute, halere, eta euren programaren emaitza jarri dute erdigunean: azken urteotan, gora egin du programa hori hasi eta ongi amaitu duten nerabeen eta senideen kopuruak.

2022an, nerabeen %70ek bete zuten programa, eta ontzat eman zuten esperientzia. Bertze %30ek ez zuten ontzat eman. “Horrek erran nahi du, batez ere, programa amaitu baino lehen utzi zutela, edo ezarritako helburuak ez zituztela bete”, erran du Garikoitz Mendigutxiak. Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Suspertuko kideek.