Hamar urte Ultzaman lanean

Hamar urte Ultzaman lanean

Ultzama fundazioak landa eremuko ekonomia zirkularra sustatzea du helburu. 2003an sortu zuten, eta, orain arte egindako bidea ospatzeko, Kermes Orgi jaialdia antolatu dute arduradunek.

Olaia L. Garaialde

Ultzama berpiztu asmoz, Ultzama fundazioa sortu zuten Beatriz Otxotorenak eta Oscar Labatek duela hamar urte. Osasun arloko langileak dira, eta ez zutenez beste lan baten beharrik, izaera soziala eman nahi izan zioten proiektuari, hasieratik: “Ibarrean dugun turismoari eutsi eta sortu, landa eremuko lanak eta bizitza berreskuratu, eta baztertuta dauden pertsonentzako lana sortu nahi genuen”, dio Otxotorenak. 10. urteurreneko jaialdia egiten ari dira.

Proiektua garatuz joan diren heinean, helburu gehiago finkatu dituzte Ultzama fundazioko sustatzaileek. Hala nola, genero berdintasuna bultzatzea, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei lagunduz; desgaitasuna dutenentzako enplegua sustatzea; nekazaritza hauspotzea, eta ekologismoa bultzatzea eta sustatzea. Horretarako, zenbait tresna dituzte: Barraskilo proiektua, Orgi basoa eta tokiko produktuen denda, besteak beste.

Barraskilo proiektuaren xedea da Slow Food mugimendua sustatzea: “Ekoitzitakoa ona, justua, garbia eta gertukoa izatea da oinarria. Ekonomia zirkularra sustatu nahi dugu”.

Duela hogei urte Italian sortutako mugimendu bat da Slow Food, eta bi urtean behin hainbat herritako eragileek biltzarrak egiten dituzte. 2015. urtekoan parte hartu zuten Ultzama fundazioko kideek: “Slow food eskolak sukaldarientzat izan ohi dira nagusiki; gure eskola proiektua aurkeztu genuenean, herritar orori bideratzea erabaki genuen”.

Uste zuten harrera “txarra” izanen zutela, baina kontrakoa gertatu zen: “Jendea txaloka hasi zen, eta gisa horretako munduan dagoen lehenengo Slow Food eskola sortu genuen Nafarroan”, nabarmendu du Otxotorenak.

Ultzama fundazioak antolatutako Kermes Orgi jaialdiko tailer bat.

Lizason dago eskola, eta ikastaro batzuk eskaintzen dituzte: norbere eskualdean sortzen dituen gauzak berreskuratzeko, garaian garaiko produktuak ekoizteko eta haiekin otorduak prestatzeko. Horrez gain, jantoki bat daukate: “Asteazkenetan jasotzen ditugu eskaerak, eta horren arabera antolatzen ditugu otorduak larunbatetan eta igandeetan. Janaririk ez botatzea da helburua”.

Jantokiaz gain, Ultzama fundazioko kideak arduratzen dira Orgi basoaren kudeaketaz; Orgi basoa ezagutzera emateko, hain zuzen, landa eremuko Kermes Orgi jaialdia antolatu dute. Ekainaren 18ra bitarte, mota askotako ekinaldiak prestatu dituzte: besteak beste, kontzertuak, ikuskizunak, ikastaroak eta hitzaldiak.

Xedea da Ultzamako kultura sustatzea eta egonkortzea, komunitatearen parte hartzea bultzatzea eta natura errespetatzea. Ekinbide gehienak Orgi basoan eginen dituzte; antolatzaileek zehaztu dute horrek zailtasunak dituela: “Argindarrik ez dugunez, eguzki energia eta bestelako energia motak erabili behar izaten ditugu, natura errespetatuz”.

Landa eremuko zailtasunak

Kontent dira orain arte lortutako harrerarekin, baina zailtasun “handiak” dituztela kontatu du Otxotorenak: “Landa eremuan zerbait antolatzeko, hirian baino lan handiagoa egin behar dugu beti, eta askoz zailagoa izaten da jendea erakartzea”. Hala ere, Euskal Herriko txoko askotako jendea eta kanpoko jendea ari da jaialdian parte hartzen: “Gure asmo nagusia da Orgi basoa ezagutzera ematea”.

EGITARAUA

Ultzama fundazioa Kermes Orgi jaialdia egiten ari da.

Maiatza

21. Magicklown. 12:00etan, Orgiko basoan.
27. Eskualde etxeen bilera: musika, dantza, eskulangintza azoka. 12:00etan, Orgiko basoan.

Ekaina

3. Idazleen topaketa. 12:00etan, Lizasoko Kuartelenean.
10. Massil Magoa, 17:00etan, Orgiko basoan.

17. Burutik eta Gatibu. 17:00etan, Orgin.
18. Olaia Inziarte eta Bulego. 17:00etan, Orgin