Iritzia: Buztinezko ahoak

Iritzia: Buztinezko ahoak

Olatz Azpirotz Larzabal

Beti izan naiz hamarrekoak eta biribilak beregain dituzten zenbaki bikoitien zalea. Zirkunferentziak beti atsegin izan ditut, batik bat, zirkuluek islatzen dituzten sarrera eta irteerarik gabeko babes-eremu faltsuetan sinetsi izan dudalako.

Hala eta guztiz ere, aspaldi, konpasaren punta zorroztua ausazko orri batean kontzentrazio eta zalantzaz iltzatzen nuenean, zaila egiten zitzaidan aterpe izan zitekeen zirkulu perfekturik marraztea.

Denborarekin, ordea, zirkulu bat lohitsua, irristakorra eta aldakorra izan daitekeela ikusi dut; eta errazagoa zait betikotasunik iradokitzen ez duen zortzi bat lokatzan makila batekin indarrez margotzea, labainkorra suertatuko den orri batean baino.

Bikoitia da ere gure gorputzak gurutzatzen dituen baldintza eta murriztapenen kantitatea; bikoitia hartu-eman ekonomikoa, bikoitiak harremanak, bikoitiak planak, bikoitiak helmugak eta penak, bikoitia ezarritako politika. Azken horrek, legealdiz legealdi soroetako basatza eta kale arteko belarra manakor bihurtu digu.

Urte bikoiti batean, 1986. urtean, onartu zen Vascuencearen Legea, eta, ordutik, aterpe izaera urrutiko helmuga bihurtu eta gu geu, bakoiti bihurtu gara. Bakoitiak dira ere euskararen garapen apala adierazten duten Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) plazaratutako kopuruak eta baita, Vascuencearen Legearen ondorioz, lurralde honek duen zonalde kopurua ere.

Gaur egun, helburutzat hartzen duten perfekzionismoak ez du ez babesik eskaintzen, ez biribilgunerik; ibilbide zuzena egin dute lege horren eragin eta ondorioek, lohitik, karriketatik eta arto-soroetatik gu geu zeharkatu gaituzte eta gure eskubideak urratu dituzte. Inperfekzioaren noranzkoan jarri gintuzten, eta bidearen hastapenean itzulerari hasiera ematea baliogabetuta dagoenez, bide horretan gizadi akastun bihurtu gara, eta inperfekzio horretan, hain zuzen, hizkuntzaren zabalkundea galgatu dugu.

Asko hitz egiten dugu, ozen negar eta irri egiten dugu, baina ez diogu gure ahotsari atentziorik eman, eta are gutxiago, ez dugu gure ahotsa entzun. Erabaki baten ondorioa izan da eta izan gara. Emaitza bat. Egoera eta jarrera aldatzeko asmoa geroratzen dabilen inperfektu andana bat.

Emaitza hori gu gara, eta emaitza horren sorlekuan eskubideak urratzen eta ahaleginak husten dizkiguten hiru muga daude. Iparraldea, erdigunea eta hegoaldea aurkari bihurtu zizkiguten gure hizkuntza garatzeko unean, eta momentu hartatik, euskararen ezagutza eta zabalpena ekiditen dituzten mugak zeharkatzera gaztigatuta gaude, are gehiago, igarobide horretan gogoa helmugara iritsi aurretik ez deuseztatzeko erreguka ibiltzera ohitu gara.

Berme lapurretak normalizatu dira, berez, babesgune izan beharko zuketen epealdietan, eta horrelako atentzio txikiarekin gure eskariak ezerezean utzi izan dituzte. Hizkuntzak, ordea, lurrean margotutako aterpe biribilen gainetik goratzeko ahalmena dauka, laringeak mugen gainetik tente irauten du eta ahotsak isilduraren gainetik nabarmentzeko dohaina dauka, bai Bortzirietan, bai Iruñean, bai Tuteran, zirkulurik gabe.