Energia “demokratizatzeko” eskatu dute hainbat kolektibok

Energia “demokratizatzeko” eskatu dute hainbat kolektibok

Desazkundearen auzia jarri dute erdigunean. Zazpi neurriko manifestu bat plazaratu dute.

Edurne Elizondo

Hainbat kolektibok eta eragilek energiaren inguruko manifestu bat sinatu eta plazaratu dute, desazkundearen auzia “eztabaida publikoaren erdigunean” jartzeko asmoz. Klima krisiaren inguruko kezkak batu ditu manifestua argitaratu duten taldeak; “neurriak hartzeko” eta “ereduak aldatzeko” beharra nabarmendu dute, egungo larrialdiak gizarteko sektorerik zaurgarrienen artean dituen eta izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko. “Energia demokratizatu behar da”, erran dute.

AHT Gelditu, Ekologistak Martxan, Jauzi Ekosoziala, Erdiz Bizirik, Nafarroako Energia Gara, Extinction Rebellion, Sustrai Erakuntza fundazioa, Reas eta Geltoki dira “bidezko energia bat” helburu duen manifestua sinatu duten eragileetako zenbait. Sinatzaileen izenean mintzatu dira Gorka Laurnaga eta Patricia Olivan, jendaurrean —maiatzaren 11n egin zuten agerraldia, Iruñean—, eta herritarrei eta indar politikoei eskatu diete euren agendan eta eztabaidetan sar dezatela desazkundearen gaia: “Bada garaia erakundeek eta hedabide handiek onartzeko ezinezkoa dela mugarik gabeko hazkunde ekonomiko bat”, azaldu dute.

Sinatzaileek zazpi neurri jasotzen dituen testu bat adostu dute, eta desazkundearen aldeko aldarria da lehendabizikoa. “Zientzialarien artean bada adostasun bat horri buruz; Nature zientzia aldizkariak ere erran du egungo eztabaida nagusia hori dela, desazkundeari buruzkoa”, aipatu du Laurnagak.

“Epe luzera, eztabaida erabakigarria da”, erantsi du; alderdien artean, baina, epe motzerako logikak nagusitzen direla uste du, eta, ondorioz, gaur amaituko den kanpainan, adibidez, desazkundearen auziak ez duela tokirik izan diskurtsoetan. “Jasangarritasunaren gaia bai ailegatu da diskurtsoen maila horretara, baina alderdiek egiten dituzten proposamenek, gehienbat, hiriburuan eraginkortasunaren alde egin daitezkeen urrats zehatz batzuk baino ez dituzte kontuan hartzen”.

Kontsumoa

Laurnagak erran du Bidezko energia manifestuaren sinatzaileek garbi dutela egungo krisia ez dela “aldaketa teknologikoekin” konponduko: “Alderdi gehienek aipatzen ez duten kontu bat jarri behar da erdigunean: kontsumoaren kontrakzioa behar dela, alegia”. Are gehiago, zehaztu du gai hori “tabua” dela, “jendarteak, estatuek eta ekonomiak kontsumoaren logikaren arabera” funtzionatzen dutelako. “Guk lanpostuak defendatzea proposatzen dugu, baina ez sektore guztietan. Ekonomia berrantolatu behar da”.

Eragileek euren manifestuan jasotako bigarren puntua da energia plangintza baten beharrari buruzkoa: “2030era arteko Nafarroako Energia Plana berriz diseinatu behar da, populazioaren benetako beharrei so egin diezaion”, eskatu du Patricia Olivanek. Zehaztu du energia plangintzak kontuan izan behar duela egungo klima eta ekologia larrialdia, bai eta auzi horri buruzko ebidentzia zientifikoa ere.

Etxebizitzaren auzia ere jarri dute mahai gainean. “Etxebizitza eraginkorrak eta eskuragarriak” eskatu dituzte, hain zuzen. Prezioak igo ez daitezen neurriak ere behar direla erantsi dute, eta etxebizitzen berrikuntza “%100ean” finantzatuko duen programa publiko bat, bertzeak bertze.

Elikadura burujabetzaren eta garraio publiko baten inguruko eztabaida ere sustatu nahi dute sinatzaileek. Apirilaren 16an, hain zuzen, bizikleta martxa antolatu zuten Iruñetik Noaingo aireportura, “garraio eredu jasangarri baten alde”.

Ekoizpen eredua berrantolatzeko beharra nabarmendu du manifestuko seigarren neurriak, eta zazpigarrenak, berriz, energia demokratizatzea babestu du. “Energia ekoizteari, banatzeari eta merkaturatzeari buruzko erabakiek herritarren esku egon behar dute”, erran du Patricia Olivanek.

Ekinaldiak eginen dituzte

Datozen hilabateotan, manifestuak jasotako neurri eta proposamenak zabaltzeko eta eztabaidatzeko ekinaldiak eginen dituzte sinatzaileek. Ekainaren 14an, adibidez, argindarraren faktura interpretatzeko saio bat eginen dute, Iruñeko Iturramako Civivox aretoan, 19:00etan.

Manifestuaren sortzaileen asmoa da atxikimenduak jasotzea; Laenergiajusta.org webgunea dute, nahi duenak bat egin dezan.