Audrey Serranok Euskaltzaindiaren Mintzola beka jaso du, ‘Iruñerriko gazteen hizkera’ ikerketagatik. Nutrizionista da, baina DBHko irakasle izateko masterrak eman dio hizkuntzaren arloan sakontzeko aukera.
Edurne Elizondo
DBHko irakasle izateko NUPeko masterrak eman dio Audrey Serranori (Iruñea, 1996) Euskaltzaindiaren Mintzola beka jasotzeko aukera: Iruñerriko gazteen hizkera izenburuko ikerketa egin du. Gaztelaniaren eragina nabarmendu du, batetik, eta egindako hutsez jabetzeko beharra, bertzetik. Gaizki bada ere, euskaraz egitea jo du Serranok lehentasuntzat.
Mintzola beka jaso berri duzu. Bultzada bat izan da zuretzat?
Bai. Unibertsitateak [Nafarroako Unibertsitate Publikoak] mezu bat bidali zigun azaltzeko Euskaltzaindiaren Mintzola bekak jasotzeko aukera zegoela master amaierako lanak egiten ari ginenontzat. Gaietako bat zen nik jorratu nahi nuena, gazteen hizkera, eta aurkeztea erabaki nuen.
Irakasle izateko trebatzen ari zara?
DBHko irakasle izateko masterra egin dut. Nik nutrizioa ikasi nuen, eta horretan ari naiz lanean. Baina hizkuntzak beti maite izan ditut, eta aldatu nahi nuen.
Zergatik ikertu nahi izan duzu Iruñerriko gazteen hizkera?
Datuak ikusita, ohartu nintzen euskaldun gehienak gazteak direla. Haien hizkera aztertu nahi nuen, ikusteko euskararen egoera zein den Iruñerrian.
Zein izan da prozesua?
Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean egon naiz masterreko praktikak egiten, eta han ikusi nuen eskolako ikasle gehienak gazteak direla. Haiei buruzko ikerketa egin dut, zehazki.
Euskaldun berri eta zaharrekin egin duzu?
Nik uste dut kontzeptu hori bazter uzteko garaia dela. Elebidunak gara. Nire ikerketan parte hartu duten gazte guztiek eskolan ikasi dute euskara, eta horrek badu eragina, egia esan.
Zer eragiten du egoera horrek?
Gazteon artean nabarmena dela gaztelaniaren eragina euren diskurtsoan. Horri buruz egin dut lana, zehazki: aztertu dut euskara nola erabiltzen duten, nola gaztelania, eta gaztelaniak nola eragiten duen haien ahozko jardueran.
Urrian, Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak fundazioak gazteen euskarazko ahozko jardunari buruzko jardunaldi bat egin zuten. Gazteek lagun artean gaztelaniara jotzen zutela azaldu zuten. Hori sumatu duzu?
Bai. Ikasleei, hain zuzen, horren inguruko inkesta egin nien. Batzuek uste zuten euskara maila ona dutela, eta testuinguru informaletan aritzeko gai direla, baina gero gelan praktiketan ez nuen hori ikusi. Uste dut askotan uste dugula euskaraz egiten dugun baino hobeki aritzen garela. Hori ikusi dut. Beste batzuek onartzen zuten ez dutela euren burua gai ikusten lagunartean aritzeko.
Ikastetxearekin edo hezkuntzarekin lotzen dutelako euskara?
Hori gertatzen da. Ikastetxean erabiltzeko eta idazlanak egiteko gai dira, baina testuinguru informaletan esamoldeak eta gisakoak falta dituztela sumatzen dute. Gabezia bat dutela sentitzen dute.
Eta gaztelaniara jotzea da, ondorioz, egiten duten hautua?
Bai. Tristea da, baina hori da gaur egungo errealitatea. Hizkuntzak etengabe ari dira aldatzen; uste dut, batetik, gazteok egiten dugula euskararen alde; baina, bestetik, nolabaiteko konplexua ere sentitzen dugu.
Lotsa sentitzen du ongi ez dakienak?
Nire ustez, kontua da garbi izatea zer nahi dugun: nahiago dugu euskaraz ez egin ala gaizki bada ere euskaraz aritu? Hori da kontua.
Kaltegarria da beti zuzentzen aritzen denaren eragina?
Zuzentzen duena dago, edo euskara batua eta euskalkiak alderatzen dituena, adibidez. Horrek badu eragina. Nik uste dut horrelako bereizketak egitea ez dela egokia; euskararen alde egin behar dugu, oro har. Uste dut lehendabiziko urrats bat dela lagun artean euskaraz aritzea, gaizki bada ere.
Gaztea zara zu ere; zure errealitatea ere bada hori?
Bai. Nik eskolan ikasi nuen euskara, nire lagunek ere bai, eta ez dute gure artean euskaraz egin nahi. Ez dute behar duten segurtasunik.
Euskaraz ikasi dute, eta, halere, ez dute segurtasunik?
Euskara informalean aritzeko baliabideak falta zaizkigu. Gazteek ez dituzte esamoldeak ezagutzen, ez dute baliabiderik, adibidez, euren hitzei indarra emateko. Euskaraz egiten dutenean ere, gaztelaniatik hartzen dituzte behar dituzten esamoldeak.
Eta hori nola konpon daiteke?
Nire ikerketan, gazteen ahozko jarduerari buruzko informazioa jaso dut, eta proposamen bat egin nuen haiekin lantzeko: batetik, gaizki egiten zituztenak aipatu nizkien, eta bestetik, esan nien, adibidez, hobetzeko modu bat dela gehiago irakurtzea, edo Euskaltzaindira jotzea, zalantzarik badute. Praktiketan hori egin genuen; pena merezi esaten zuten, jakin gabe gaizki dagoela. Euskaltzaindira jo genuen, nola esan jakiteko, zalantzen txokoa baitago erakunde horren webgunean.
Asmo praktiko bat ere badu zure ikerketak, beraz?
Bai. Nik masterrean ikasi dut eskura ditugula hainbat baliabide, eta horien berri eman nahi izan dut. Duela zenbait egun, ikasle batekin egin nuen topo, eta, egia esan, aldaketa sumatu nuen.
Gaztelaniaren eraginaz aritu zara. Bada Iruñerrian euskañola hitz egiten dela erran eta hizkera hori aldarrikatzen duenik. Zer deritzozu?
Ez dut uste aldarrikatzeko moduko zerbait denik, baina uste dut gaizki egitea ez dela izan behar ez hitz egiteko arrazoi. Uste dut hobetzea izan behar dela beti gure helburua, eta jakin behar dugula zertan egiten dugun huts, akats horiek zuzentzeko. Kode aldaketak eta kalkoak, adibidez. Nire ikerketan horiek jorratu ditut, besteak beste. Euskaratik gaztelaniara pasatzen dira, adibidez, esaldi berean, edo gaztelaniaren egitura hartzen dute euskaraz hitz egiteko. Uste dut gakoa dela gabezia horiek badaudela konturatzea.
Irakurtzeko beharra aipatu duzu; euskarazko musika edo kultura gehiago kontsumitzeko beharra sumatzen duzu?
Bai. Uste dut euskal kulturatik aldenduta gaudela. Praktiketan, nik ikusi dut jendea titulua lortzera etortzen dela hizkuntza eskolara; ez euskara hobetzera, edo gure kultura hobeki ezagutzera. Atxikimendua falta da.
Masterra eta ikerketa amaituta, nutrizioa bazter uzteko asmoz?
Bai. Hizkuntzak askoz gehiago maite ditut, eta gustura ariko nintzateke arlo horretan. UNEDen ingelesa ikasten ari naiz orain.