Nagore Eslaba
Umetan orduak botatzen nituen ur azpian. Berdin zitzaidan itsasoan, errekan edo herriko igerilekuan egon. Atzamarrak zimurtuta eduki arte, eta ezpainek kolore morea hartu arte ez nintzen irteten.
Ama toallatik deika izan ohi nuen, baina arrain nintzen momentu horietan, dirudienez, eta ez nuen entzuten. Orain, ordea, anfibio sen hori galdu dut, baina ura beste era batera disfrutatzen dut.
Edonor lasaitzen da itsasoaren handitasunari begira, ur jauzi baten indarra ikusita edo euriaren soinua entzunda. Urak hipnotizatzeko gaitasuna du. Baina hortik haratago, ura beharra da. Bizirauteko funtsezkoa.
Aurrekoan, billabesan nindoala, alboan nituen 15 bat urteko hiru neska gazteren elkarrizketari erreparatu nion. Ez pentsa kuxkuxera bat naizenik, baina askotan zure kontuetan pentsatzen zoaz, eta, nahi gabe, entzuten dituzu aldamenean daudenen hitzak. “Aizue, aurten ezin izango dugu igerilekuan ligatu”, lehenendabizikoak. “Eee, zer diozu?”, beste biek, harriduraz. Eta galderari erantzuna: “Amak esan dit uda honetan agian ez dugula etxeko igerilekua beteko, beste leku batzuetan jada debekatu egin dutelako”. Ondoren komentatu zutenagatik, amak esandakoa esajerazio hutsa iruditu zitzaien, eta kezka nagusia, dudarik gabe, ligoteoa zen.
Hain ohituta gaude txorrotatik ura jasotzera edo udan igerilekuan bainatzera, pentsaezina egiten zaigula horietako bat faltan izatea. Lehenengoa premiazkoa da, bigarrena ez. Baina oinarrizkotzat jotzen dugu, eta hortik harridura.
Azken sei hilabeteetan, behar baino euri gutxiago egin du eta erdialdeko zein Erriberako soroak lehor daude. Zorionez, egoera aldatzen hasi da. Dena den, urtegien maila jaitsi egin da eta edukieraren zenbatekoa azken hamarkadako batez bestekotik dezente urruntzen da. Esa eta Allotzek utzi dituzte daturik kezkagarrienak. Lehenengoa %50era dago eta bigarrena ez da edukieraren erdira iristen, %48a baitago beteta. Aurreko urteko datuei begiratuta, sasoi honetan bi urtegi horien maila %80ra heltzen zen. Handia da aldea.
Horri guztiari pertsona bakoitzak egunean gastatzen duen ur kopurua gehitzen badiogu, kalkuluak egiten hasteak beldurra ematen du. Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) azken datuen arabera, eguneko pertsonako gastua 136 litrokoa da eta OMEk, ordea, 100 litrotan jartzen du muga, gainerakoa alferrik galtzen duguna baita.
Testuinguru honetan, iturburuak babestu eta mantentzea ezinbesteko bilakatzen da. Irunberriko bizilagunek bihar goizean egingo dute Arbaiungo iturria, herriko iturburua dena, konpontzeko auzolana. Udalaren iazko aurrekontu parte hartzaileetan proposamen hori atera zen garaile eta denen artean ekingo diote lanari. Beharrezkoa den material guztia herritik bertara eramatea izango da lehen urratsa.
Ura dugun baliabide natural preziatuena da, eta hala izanik, zaindu beharra dugu. Auskalo hemendik urte gutxira zein izango den egoera. Gogora dezagun, bada, urre urdina, askok esaten dioten moduan, ez dela agorrezina.
Argazkia: Olatz Artola-Berria.