Bidatz Villanueva Etxague
Lanera bidean, irratia piztua autoan. Hauteskundeak hizpide edozein katetan. Alderdi politikoen iritziak: EH Bilduren igoera zoriontzekoa dela, EAJk dio abstentzioari esker izan dela horien hazkundea, baina ez dela hainbesterako garaipena. Nafarroan Maria Txibitek jarraituko du agintean, baina EH Bilduren babesarekin? Zalantzak daude Iruñeko Udalean zer gertatuko den.
Hauteskunde-gauaren biharamuneko berrien zurrunbiloan, beste gertakizun bati eman diote bide esatariek: azken hilketa matxistari, alegia. Urruntze agindua zuen gizon batek bere bikotekide ohia hil du, eta ihesean harrapatu dute, Zaragozan. Informazio horri, futbolaren gaurkotasunak jarraitu dio.
Berriz ere amorrua eta ezintasuna. Pentsatu dut hain egun garrantzitsuan guztiak gelditu beharko lukeela, benetan larritzekoa den gertakizun horri erreparatu beharko litzaiokeela. Berriz ere gaitzetsiko dugu hilketa, aldarrikatuko dugu autodefentsa feminista, bitarteko gehiago jartzea indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten alde.
Horregatik, “zertarako bozkatu, guztiak berdinak dira” diskurtsoa errepikatzen dutenak, bere onuraz harago begiratzen ez duten norbanakoak dira, pribilegiodunak normalean. Gizonak eta zuriak. Lana erraztuko lukeen arren, ez da beharrezkoa azalean sentitzea eurak bezalakoak ez diren gainontzekoen aurkako jazarpena. Solidaritatea, tolerantzia, enpatia, justizia… Horiek integratu beharko lituzke gizarteak bere egunerokoan. Hitzokin betetzen zaigu guztioi ahoa, ordea, erasotzaileei ziurrenik ere bai, ez baitugu ahaztu behar ez direla gizartean bazterturik eta gaizki ikusirik dauden munstro basatiak. Feminismoak aspaldi erakutsi zigun ongi integratuak egon ohi direla euren inguruan, babestuak eta ongi ikusiak.
Hutsune asko estali behar dira oraindik indarkeria matxistaren biktima direnak babesteko, gizonek gehiago ez hiltzeko, eta hiltzera iritsi arte egindako min eta kalte guztia ekiditeko. Eta horretan zerikusia du agintariek nora bideratuko duten dirua, zein neurri eta zigor ezarriko diren, zein diskurtso transmitituko zaien zaurgarritasun egoeran daudenei.
Ehuneko ehun ados egon hala ez, egungo alderdiek hainbat alorretan hutsune handiak izan arren, dela baliabideengatik, dela diskurtsoagatik, interes propioetatik harago doazen politikak hartu beharko lirateke aintzat. Sufritzen ari dena, egoera zaurgarrian dena, mehatxatuta dagoena edo baliabiderik ez duena babestuko dituena.
Hainbat tokitan onartu dira berdintasun planak eta ordenantzak, baina horiek bermatu behar dira ondoren, ez daitezen neurriak dokumentu horietan gelditu, eta, batez ere, ez daitezen desitxura. Zizur Nagusian irabazi duen Geroa Baik talde feministek berdintasun zerbitzuarekin batera osatutako puntu beltzen diagnostikoa erabili zuen kamerak ezartzea justifikatzeko (azkenean, bertan behera gelditu zen proposamena).
Sortu dugun mundu honetan norbanakoon ulermenetik ihes egiten digun jolas-zelai bortitz batean murgildurik gaude, kontrolatu ezin ditugun kanpoko indarrez baldintzaturik. Beraz, bai, axola du nor bozkatu dugun.