Iruñerriko hegaztien atlasa, abian

Iruñerriko hegaztien atlasa, abian

Aranzadiko kideak hegazti habiagileak identifikatzeko eta zenbatzeko lanean ari dira. Herritarrak trebatu dituzte, parte hartzeko.

Olaia L. Garaialde

“Hegaztien kopuruaren arabera habitat bat mantendu edo desager daitekeenez, atlas bat egitea tresna baliagarria da biodibertsitatea babesteko”. Horixe nabarmendu du Xabier Esparza ornitologoak. Azterketa kuantitatiboen eta kualitatiboen bidez, Iruñerriko hegazti habiagileen atlasa egiten ari da, Aranzadi zientzia elkartean. Hegazti habiagileetan jarri dute arreta, ugaltzeko garaia delako hegaztiek aurrera egiteko momenturik “garrantzitsuena”.

Proiektuaren xedea da ahalik eta informazio gehien biltzea, eta 1985. urtean Jesus Elosegi ornitologoak egindako atlasa osatzea, berritzea eta aldaketak aztertzea: “Ohartu ginen Gasteizen eta Donostian egin berri dutela hiri horietako atlasa, eta Iruñean ere egitea bururatu zitzaigun”. Horretarako, Iruñerriko hegaztien datuak biltzen hasi ziren apirilaren 15ean, eta ekainaren 15era arte ariko dira informazioa jasotzen. Datorren urtean, gainera, bigarren behaketa bat eginen dute.

Udaberri aurreratua

“Oraindik ezin dugu deus ondorioztatu, itxaron beharko dugu, baina ez dut aurkitu espero ez nuen gauza berririk”, esan du Aranzadiko adituak. Gaineratu du tenperatu aldaketek eragina dutela hegaztien presentzian: “Udaberria aurreratu denez, batzuen presentzia handitu egin da. Harrituko ninduke klima krisiagatik aldaketa handirik ez egoteak”.

Datuak jasotzeko, kilometro bateko laukietan banatu dute Iruñerria, eta, guztira, 638 karratu sortu dituzte. Dagoeneko karratuen erdiak baino gehiago aztertu dituzte. Horretarako, errolda kualitatiboak eta kuantitatiboak egiten dituzte: “Kualitatiboetan, hegazti habiagileen espezie kopurua zenbatzen dugu, ikusteko oparoa edo urria den. Kuantitatiboetan, berriz, espezie bakoitzean dagoen kopurua zenbatzen dugu”.

Gizarte zientzian oinarritutako proiektu bat da; hau da, herritarren laguntzaz aztertzen ari dira hegaztien egoera. Hortaz, Esparzak azpimarratu du garrantzitsua dela herritarrei jakintza eta formakuntza eskaintzea hegaztiak identifikatzeko. Horregatik, gaiaren inguruko hastapen ikastaroak egiten ari dira; horietan, besteak beste, inguruan dauden hegazti ohikoenak identifikatzeko tresnak azaltzen dituzte: “Ornitologiaz aurretik ia deus jakin gabe ere, hamar edo hamabost espezie baino gehiago identifika ditzakegu”.

Kaskabeltz handia.

Herritarrak ikastaroetan parte hartzera animatu ditu Xabier Esparzak: “Edonor etor daiteke; ikasleak, erretiratuak, interesa duen edonor etorri ohi da”. Orain arteko azkena atzo egin zuten, Uharten. Lehendabizi, herri horren inguruan habia egiten duten hegaztiak behatzeko jardunaldi teoriko-praktikoa egin zuten, eta, gero, hegaztiak behatzera joan ziren.

Esparzaren ustez, Iruñerrian aurkitu daitezkeen espezieen kopurua “oso aberasgarria” da, eta eremuaren arabera hegazti batzuen edo besteen presentzia aldatu egiten da: “Auzo eta herri asko daudenez, habitat desberdinak daude; adibidez, Iruñean dauden hegazti gehienak Arga ibaian egoten dira”. Erantsi du laborantza lurretan “ohikoagoa” dela larre buztanikaren gisako hegaztiak egotea, adibidez, eta hirietan, berriz, etxe txolarreak eta usoak.

Aranzadik sustatu du proiektua, baina Esparzak azpimarratu du Iruñerriko udalen babesa “handia” izan dela: “Hogei udal baino gehiagoren babesa izan dugu, eta denen prestutasunak atentzioa eman dit”, aitortu du.

Gorostirekin elkarlanean

Udal gehienen babesa lortu badute ere, proiektutik kanpo geratu dira Zizur Nagusia, Txulapain, Berriobeiti, Noain, Beriain eta Orkoien. Bestalde, Aranzadiko kideek Gorosti elkartearen laguntza izan dutela nabarmendu du Esparzak.

Gorosti elkarteko kideek ere egin ohi dituzte herritarrak zientziara hurbiltzeko saioak, eta urteak dira udaberri oro ornitologia ikastaroak antolatzen dituztela, hegaztiak kantuen bidez identifikatzen ikasteko, eta migrazio garaian zenbatzen ikasteko, besteak beste.

Argazkiak: Juan Arizaga.