Olatz Azpirotz Larzabal
Hitzek gure izatea mantentzen eta egituratzen duten zurtoinak osatzeko eskumena dute, baina baita zurtoin horiek moztu eta ezabatzeko ahalmena ere. Hizkuntzak guztiokin harreman estua du, hitzek etengabe zeharkatzen dute gure gorputza, oin-zolatik, laztutako lepondoko azaleraino.
Hitzekiko dugun harreman estu eta etengabeko presentzia hori, ordea, ez da berariazko dohain bat, ez; gizakiok komunikatzeko gaitasunari emandako eskumen eta betekizun guztien ondorio bat da, hain zuzen. Hitzak pentsatzen, jaurtitzen eta entzuten ditugu. Era horretara, hitzak guretik deserriratzen ditugu, eta gureak ez diren horiek, oro har, propio bihurtzen ditugu. Etengabe.
Halere, hizkuntzak botere hori guztia duen arren, ez gara inoiz hitzen erabilera okerragatik garatu den egoera eta sortu den arriskua aitortzeko gai izan. Hitzak ez dira lausoak eta efimeroak, hitzek iraunkortasuna eta pisua dute, askotan, oroimenean, hautatu gabeko tatuaje izateraino. Arazo bat daukagu hizkuntzarekin. Arrakala gisa hasi eta amildegi baten barrentasuna duen gabezia handi bat daukagu. Ez dakigu hitz egiten, eta, ondorioz, ez dakigu irizpide finkorik gabe hausnartzen, eztabaidatzen, eta elkar ulertzen.
Aurreko maiatzean, Lucia Moreno psikiatrak suizidioaren inguruan egindako ikerketa saritu zuten. Haren esanetan, Nafarroan, suizidioa, populazio orokorraren datuekin konparatuz gero, hiru aldiz handiagoa da gaur egun, eta 15 eta 29 urte bitarteko nerabe eta gazte nafarren artean, lehenengo heriotza kausa da. Batzuek egoera hau pandemia isila terminoarekin izendatzen dute. Alde batetik, birus batek modu natural eta zentzuzkoan duen zabalkundearekin harremantzen dute gertaera hau, eta, bestetik, bigarren terminoarekin, isiltasun edo beharrez isildutako egoera batekin, hain zuzen.
Aipatutako lehendabiziko erreferentziari arriskutsua deritzot; gazteon artean gertatzen ari dena pandemia bezalako terminoarekin izendatzeak lanketari aukera kentzen diola uste baitut. Nire aburuz, suizidioak ez luke modu biologiko eta zentzuzkoan zabaltzen den horrekin zerikusirik eduki behar, zabalkuntza biologiko bat baino, gaur egun, inguruan, nahi gabe sakondu edo ez ikusiarenak egiten finkatu diren arrakalen eta egoeren isla baita.
Bigarrena, berriz, arazo hau hobekien deskribatzen duen adjektiboa dela uste dut. Halere, adjektibo hori berezkoa ez dela, eta guk geuk gizarte bezala erantsi diogula nabarmentzea garrantzitsua da. Gizarte bezala, eta hiztun bezala, horren ardura baitaukagu.
Arazo bat daukagu. Ikusten uzten ez den eta ikusi nahi ez dugun errealitate bat daukagu, eta hor, hizkuntzak bere garrantzia du.
Hitzak deserriratu beharrean, besteari esku-ahurren artean eskainiz, propio egiten ditugun hitzak tentuz erabiliz, hitz berriak behar badira, horiek eraikiz, arrakalak hitzekin betez eta arazoari izena jarriz has gaitezke ingurukoa ulertzen eta egoera honi aurre egiten.
Hitzak oin-zolatik laztutako lepondoraino joan ez daitezen, hitzek, oin-zolatik biriketarainoko bidea egin dezaten.