Inge Diez antropologoak Itoizko urtegiak azpian hartutako herrien inguruan egin du gradu amaierako lana. Artozki utzi beharrak herri horretako bizilagunengan utzitako arrastoa ikertu du, zehazki. Diezek adin eta sexu ezberdinetako zenbait herritar elkarrizketatu ditu.
Edurne Elizondo
Barrua nahasi zidan”. Horixe erran du Inge Diez antropologoak (Iruñea, 2000), Itoizko urtegiak azpian hartutako herrien inguruko erakusketari buruz. 2003an eraitsitako zazpi herrien maketak egin dituzte Toño Villanuevak eta Juan Jesus Leatxek, eta martxoan Agoitzen erakutsi zituzten. Diezek 3 urte zituen Artozki bota zutenean. Zubi baten irudia gorde du memorian, eta oroitzen ez duena familiaren bidez jaso du. “Aitaren herria zen Artozki”. Antropologoa herri horretara itzuli da, gradu amaierako bere lanaren bidez, eta herria utzi behar izateak bizilagunei utzitako arrastoa ikertu du. “Dolu bat pasatu dute”.
Artozki ez zen bakarra izan. Duela hogei urte baino zazpi herri pobreago da egun Nafarroa: Artozkirekin batera, Itoitz, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz eta Artzi falta dira; bai eta Nagoreren erdia ere, azken herri horretara ailegatu baitziren hondeamakinak lehendabizi, 2003ko apirilaren 28an, urak azpian hartuko lituzkeen etxeak eraistera.
Itoitzen 2003ko ekainaren 16an sartu ziren, 08:00etan. Ez ziren bakarrik joan. Foruzaingoak eta Guardia Zibilak lagunduta agertu ziren makinak. Errepideak itxi, eta prentsa handik aldendu zuten, herrian gertatzen zena ikus ez zezaten. 32 lagun egon ziren ekainaren 16 hartatik 18ra bitarte, etxeak defendatzen: kateatuta, paretekin bat eginda, okasiorako egindako bunkerrean sartuta, eta inguruko mendietan ezkutatuta, herriko borrokaren berri lau haizeetara zabaldu ahal izateko.
Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideen hiru egun horietako borrokak ezin izan zituen makinak geldiarazi. Itoitz, izen bereko urtegiaren aurkako borrokaren ikur bilakatutako herria, eraitsi egin zuten. Artozki ere bai. Bizilagunek 2003ko irailaren 15ean utzi zuten herria, data hori hitzartu baitzuten Artozki husteko. Goiz hartan, bi etxe hartu zituen suaren keak ilundu egin zuen egun argia. Garrei so gelditu ziren etxeak husten ari ziren bizilagunak. Tristura sumatzen zen denen aurpegian; amorrua ere bai.
Amorrua eta ezintasuna. “Hitz horiek behin eta berriz errepikatu dituzte elkarrizketatu ditudan artozkiarrek”, kontatu du Diezek. Hamabost egunez, halere, itxaropenak ere egin zuen aurrera Artozkin oraindik zutik ziren harrizko etxeetako zirrikituen artean, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek eta Euskal Herri osotik babesa eskaini zieten bertze hamaika eragilek eta norbanakok Artozki Artezki bilakatu baitzuten —erakusketak, hitzaldiak, kontzertuak eta bertze hamaika ekinaldi egin zituzten herrian—. “Utopia bilakatu zuten Artozki, baina makinak ailegatu ziren azkenean, eta dena suntsitu zuten”, erran du Diezek.
2003ko irailaren 30ean hasi ziren Artozki eraisten. Foruzaingoa eta Guardia Zibila goizaldean sartu ziren herrira, bost eta erdiak aldera. Itoitzen bezala, errepidea itxi, eta kazetariak Artozkitik kanpo utzi zituzten. Makinak sartu ziren egunean bertan hasi ziren herriko etxeak behera botatzen. Gutxienez, hamahiru lagun atxilotu zituzten lehen egun hartan. Biharamunerako bukatu zuten lana.
Esperientzia ezberdinak
1985ean aurkeztu zuten Nafarroan Itoizko urtegia egiteko proiektua; 1990ean onartu zuten behin betiko, eta 1993an jarri zituzten obrak martxan: duela 30 urte, alegia. 2003an herriak eraitsi eta gero, 2004ko urtarrilean hasi ziren urtegia betetzen.
“Itoitzen gertatu zena ahaztu egin zaigu”. Horixe uste du Diezek. Herria galdu zutenentzat, ordea, nekez ahaztu daitekeen errealitate bat da urtegiak eragindakoa. Belaunaldi eta sexu ezberdinetako eta herriarekin lotura askotarikoa zuten bizilagunak elkarrizketatu ditu antropologoak bere lanerako, eta sumatu du, ondorioz, herritik atera behar izateko esperientziak utzitako arrastoa bertzelakoa dela batzuengan eta bertzeengan. “Artozki ezkondu zenetik bizitoki izan zuenak eta seme-alabak herrian hazi zituenak sakonago sentitu du galdutakoa, Artozkin 7 urte bete arte bizi izan zen gazteak baino. Esperientzia ezberdinak dira, eta dolua ere bai”.
Itoizko urtegiaren aurkakoa borroka luze bat izan da, eta horrek era eragin die herritarrei. “Hasieran, proiektuari aurre egiteko esperantza bazuten. Antolatu ziren, eta borrokatu ziren urtegiaren aurka”. Diezek uste du urtegiaren aurka bat egite horrek sendotu egin zuela komunitate bat osatzen zutelako sentimendua. “Herria bota eta gero, ordea, komunitate izaera hori galduz joan dira”.
Herria utzi eta etxeak galdu eta gero, hain zuzen, batzuek atzean utzitako Artozki hura neurri batean “idealizatu” egin dutela azaldu du Diezek. “Zaharrenek, batez ere, oroitzapen politak bertzerik ez dute; herrian dena zoragarria zela erraten dute; bertze batzuek, baina, onartu dute bazirela gatazkak, bertze edozein herritan bezala”.
Herria idealizatzeko joera horrek badu zerikusirik doluarekin. Eta dolu prozesua, hain zuzen, nork bere modura egin du, Inge Diezen lanak agerian utzi duenez. Batzuek Artozkiko memoriara iltzatuta jarraitu dute; bertze batzuek, berriz, ez dute biktima gisa agertu nahi izan, eta aurrera egin dute. Bere familiaren kasua aipatu du Diezek horren adibide: “Aitari etxea bota zioten, eta berehala erabaki zuen bertze bat eraikitzea. Azparrenen dugu, Artozkitik gertu”.
Etxean ikusi du Diezek herria galdu izanak eragindako tristura eta amorrua. “Galera horren arrastoa sakona izan da jende anitzentzat; erabat sendatu gabeko zauri bat da zenbaitentzat”. Herria utzi behar izateak gorputzei ere eragin diela nabarmendu du Diezek, eta elkarrizketatutako herritarretako baten senarrari gertatutakoa jarri du adibide gisa: “Medikuak erran zion odola ur bilakatu zitzaiola. Gizonak ezin izan zuen onartu herria galdu izana. Hil egin zen”.
Ikerketaren egileak erran du herria galdu zutenen mina ez dela aitortu; ez duela inork bere gain hartu sufritu zuten bidegabekeriaren erantzukizuna. Herriak eraitsi zituztenetik hogei urte joan eta gero, Itoizko urtegiko urak herritarren memoria astintzen du oraindik. “Jendeak pentsa lezake urtegiko ura geldirik dela, bazterrean desegiten diren olatu txikiek kulunkatuta. Artozkiko eta itotako gainerako herrietako bizilagunen memoriak eta sentimenduek osatutako unibertso bat du barnean, ordea”, idatzi du Diezek.