Nagore Eslaba
Pare bat hilabete daramazkigu GPT txataren inguruko albisteak entzuten; pil-pilean dago kontua. Aldiz, nola funtzionatzen duen ikustera sartu garen kuriosoak gutxiago izango gara, gisa honetako tresnen aurrean ohikoa izaten baita baztertzeko joera hartzea, teknologiaren abiadurak zein ahalmenak sortzen duen beldurrak eraginda, akaso.
Lerro hauek irakurtzen ari zaretenon artean tresna ezagutzen ez duen baten bat bada, labur azalduko dut: edozein gairen inguruan elkarrizketak mantentzeko trebatuta dagoen adimen artifiziala da; edozein diodanean, edozein da. Egin proba.
Irakasle den lagun batek eman zidan txat honen berri; bere ikasleek jada erabiltzen zutela ikusita, “flipatuta” zegoela kontatzeko deitu ninduen. Nik, ordea, hil honetan izan dut GPTa ondo ezagutzeko aukera, tresnaren inguruko lan formakuntza batean. Eta egia esan, oso erabilgarria egin zait, baina ezin uka daiteke ikara puntu hori sortzen duela, sekulakoa baita duen ezagutza.
Erabiltzaile gisa zure egitekoa eskaerak botatzea da, besterik gabe. Ez du axola zein den landu nahi duzun gaia, txatak beti duelako erantzun bat. Horretarako dago prestatuta. Diskurtso bat idazteko, ariketa matematiko bat ebazteko, doinu bati letra jartzeko edota txisteak kontatzeko gai da. Dena den, tresna erabiltzen ikasi behar da, eskaera egiteko moduak asko baldintzatzen baitu jasotako emaitza. Orokorrean, erantzun egoki eta osatuak eskaintzen ditu, baina bada errore tarte bat, eta ondorioz, beharrezkoa da gure gainbegirada, giza adimenarena.
Alor honetako hainbat aditu azken horretan zentratzen dira. Aurrekoan, Daniel Innerarity pentsalari nafarraren hausnarketa entzun nuen irratian; hau zioen: “Adimen artifiziala eta giza adimena ez daude lehian; lehenengoak bigarrena osatzen du eta guztiondako lagungarria den gizakien eta makinen arteko ekosistema bat sortzea da helburua”. Gainera, adimen artifizialaren lana dagoeneko eskura dugun informazioa bildu eta berrantolatzera mugatzen dela azaldu du, hutsetik sortzeko gaitasunik eduki gabe.
Testuinguru honetan, galdera asko sortzen dira: norainoko gaitasunak eskura ditzake adimen artifizialak? Ekintza zehatzei erantzuten die soilik? Zer jartzen dugu erabiltzaileok bere eskuetan? Helduko da momentua non gizakiaren agindurik gabe funtzionatuko duen?
Nik Innerarityk esandako horretan geratzea nahiago dut, nora helduko garen pentsatzeak edo adimen artifizialaren garapenak izan ditzakeen ondorioei erreparatzeak ez duelako erantzun argirik. Izan ere, horretan ikertzen dabiltzanek onartu egiten dute zalantzaz eta anbiguotasunez beteriko mundua dela.
Halere, kostatu egiten zait sinestea tresna hauek dagoenaren osagarri izatera mugatuko direla. Era berean, egunen batean giza adimena ordezkatuko ez duten pentsatzen dut. Teknologiak daraman abiadura izugarria da eta nork daki zer izango den hurrengoa. Baina tira, gure barrenetik irteten diren horiei guztiei erreparatuta aurkitu dezakegu muga, makina bat ez baita gai sormen propioa landu eta emozioak azaleratzeko. Berezkoa dugun eta bereizten gaituen horrek ez baitu ordezkorik.