Lantxotegik abian jarri du Kabia proiektua, hirugarrenez

Lantxotegik abian jarri du Kabia proiektua, hirugarrenez

Egitasmo horrek helburu du herrialdean jaiotako gazteek eta gazte migratzaileek elkar ezagutzea. Abuztuan kanpaldia eginen dute.

Edurne Elizondo

Berriozarren sortutako Lantxotegi elkarteak prest du Kabia bere proiektuaren hirugarren aldia; abuztuko azken astean eginen dute, aurreko bietan zehaztutako helburu berarekin: herrialdean jaiotako gazteek eta gazte migratzaileek elkar ezagutzea, eta haien arteko harremanak garatzea. Gazteon arteko zubi lana eginen du Lantxotegik. Abuztuaren 23an ezagutuko dute elkar Kabiaren hirugarren aldian izena emanen dutenek, eta abuztuaren 25ean, 26an eta 27an, berriz, kanpaldia eginen dute elkarrekin, Cabanillasen. Bat egin nahi duenak kabia@lantxotegi.org helbidera bidal dezake mezu bat.

Lantxotegik iazko uztailean egin zuen Kabia proiektua lehen aldiz. Arduradunek programa hori martxan jartzea erabaki zuten garbi zutelako ongi etorri erratea ez dela nahikoa gazte migratzaileentzat. “Hitzez harago, herritarrek ekitea behar dute Nafarroa helmuga duten migratzaileek”. Horixe nabarmendu zuten, orduan, Lantxotegi elkarteko kide Arantxa Caminos Garciak eta Irune Ansa Egiletak.

Helburu horrekin prestatu zuten Kabia proiektua, eta helburu berari eutsi diote geroztik ere. “Benetako” harrera eta inklusioa du Lantxotegik xede, 18 eta 30 urte bitarteko gazte migratzaileentzat. Oraindik itxiak diren ateak irekiarazi nahi dituzte, kanpoan zirenek sartzeko aukera izan dezaten.

Egindako lanaren emaitzak

Iazko uztailetik egindako lanak eman du fruiturik, Lantxotegiko kideek nabarmendu dutenez. Kabia programak hagitz harrera ona izan du lehendabiziko bi aldietan, eta, arduradunek azaldu dutenez, proiektuak dinamika propio bat garatu du jada. “Hasieran, Lantxotegik proposatu behar zituen jarduerak; orain, erakundeek eta eragileek helarazten dizkigute haiek dituztenak”.

Azken urtean, hain zuzen, Kabia proiektua abiapuntu hartuta, zenbait ekinalditan egin dute bat herrialdean jaiotako gazteek eta gazte migratzaileek. Iruñeko Alde Zaharrean kulturen arteko ginkana bat egin dute, bertzeak bertze; hiriburuko auzoetako jaietan ere eragin du Lantxotegi elkarteko kideek bultzatutako lanak: musika baliatu dute gazteek elkar ezagutzeko tresna gisa, eta auzoz auzo entzunarazi duten abesti zerrenda bat osatu dute, batzuen eta bertzeen kantarik kutunenak jasota.

Iruñeko Katakrak liburu dendan, bertzalde, gazte migratzaileen inguruko aurreiritziak eta estereotipoak bazter uzteko saioak egin dituzte, bi astean behin. Batez beste, berrogei pertsona inguruk parte hartu dute saio bakoitzean.

Harrera kuadrillen egitasmoa da, dena den, Kabia proiektuan garatu duten ekinaldi nagusia. 30 lagunek osatutako talde bat osatzea da kontua —batetik, hamabost gazte, herrialdean jaiotakoak; eta, bertzetik, adin tarte bereko bertze hamabost gazte migratzaile—.

Abuztuaren 23koa izanen dute elkar ezagutzeko lehendabiziko saioa; gero, hiru eguneko kanpaldia eginen dute Cabanillasen, abuztuaren 25etik 27ra. Helburua da Lantxotegiren eskutik sortutako harremana euren kabuz garatzen segitzea; batzuen eta bertzeen artean sareak ehuntzea.

Argazkia: Lantxotegi.