Ekologistak Martxan taldeak txosten bat plazaratu du iazko datuez. Trafikoaren eta klima aldaketaren eragina nabarmendu dute.
Edurne Elizondo
Okerrera egin du. Horixe nabarmendu du Ekologistak Martxan erakundeak Nafarroako airearen kalitateari buruz. Urtero bezala, herrialdean airearen kalitatea neurtzeko dauden hamabi estazioetako datuak jaso dituzte ekologistek, eta txosten bat ondu dute. “Egoerak okerrera egin du klima aldaketaren eta trafikoaren eraginez”, zehaztu du Erriberako Ekologistak Martxan-eko kide Eduardo Navascuesek.
Klima aldaketari buruz, Ekologistak Martxan elkartearen txostenak azaltzen du 2022koa urte beroa eta lehorra izan zela, eta horrek eragin duela partikula esekien mailak gora egitea. Autoen isurtzeek ere egin dute gora, “trafikoak gora” egin duelako.
Ekologistek 2020ko eta 2021eko datuekin alderatu dituzte iazkoak, eta datu horiek agerian utzi dute pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketen eragina apaldu egin dela azken urtean. Konfinamenduak eragin zuen airearen kalitateak hobera egitea, baina joera hori hutsean gelditu da jada, Ekologistak Martxan-ek berretsi duenez. Zehaztu dute “nabarmen” gora egin duela partikula esekien mailak, eta gora egin duela ere nitrogeno dioxidoaren eta ozonoaren mailak. “Azken bi kutsatzaile horien kopurua, halere, ez da pandemiaren aurretik zegoen bezain handia”, aipatu du Navascuesek.
“Nafarroako herritar guztiak kutsadura maila osasungaitzen eraginpean egon ziren 2022an”. Hori da ekologisten ondorio nagusia, txostena egin eta gero. Navascuesek zehaztu nahi izan du, halere, ondorio nagusia hori dela, baldin eta kutsadura maila neurtzeko OME Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak baliatzen badira. “Egun indarrean dagoen legediaren arabera, OMEk zehaztutakoak baino kopuru handiagoak baimentzen dituenez, herritarrek ez zuten aire kutsaturik arnastu”, azaldu du Ekologistak Martxan-eko kideak.
Navascuesek oroitu du, halere, Europako Batasuna egungo legeak ontzat ematen dituen kutsadura mailak aldatzeko bidean dela, eta proposatutako irizpide berrien arabera —oraingoak baino zorrotzagoak—, hamar nafarretatik zazpik arnastu izanen luketela aire kutsatua 2022. urtean.
Plan baten zain
“Bada garaia airearen kutsadurarena lehen mailako osasun arazotzat hartzeko”. Horixe eskatu dute Ekologistak Martxan-eko kideek. Izan ere, Ingurumenaren Europako Agentziaren arabera, urtean milaka pertsonaren heriotza goiztiarra eragiten du airearen kutsadurak —25.000 Espainiako Estatuan—.
“Administrazioaren ardura da airearen kalitatea hobetzeko planak egitea”, erantsi du Navascuesek. Oroitu du gisa horretako plan baten “zain” segitzen dutela herrialdean. Izan ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Erriberako Ekologistak Martxan taldearen alde egin zuen iazko urtarrilean, eta Administrazio Gaietarako Aretoak frogatutzat jo zuen 2011. eta 2015. urteen artean giza osasuna bermatzeko ozono maila gainditu egin zela Erriberan. Nafarroako Gobernuari agindu zion airearen kalitatea hobetzeko plan bat martxan jartzeko. Auzitegiak epe bat zehaztu zion horretarako, gainera, eta epe hori 2022arekin batera amaitu zen. “Zain segitzen dugu”.