Iritzia: Tradizio ankerrei uko

Iritzia: Tradizio ankerrei uko

Bidatz Villanueva Etxague

Gutxi falta da berriz ere 6aren goizeko zirrara sentitzeko, lagunak elkartzeko eta elkarrekin jaiak ospatzeko. Urteko egunik berezienetako bat da, inork galdu nahiz ez duena.

Guztiok gogoz itxaron ohi ditugu. Zuri-gorriz jantzi, billabesan igotzeko hitzordura agertu, Iruñean hamarretakoa hartu, azken unean, presaka, txupinazoa ikustera erdigunera gerturatu; Sarasate pasealekura joan ohi gara, udal plazan sartzeko adorerik ez baitugu, eta goitik behera sangriaz eta beste produktuz zikintzeari ez baitiot zentzu handirik ikusten.

Sanferminetako gogo horiek jaien beste aldearekin kontrajartzen dira, gaur egun onargaitzak izan beharko luketen jarduerekin, indarkeria eta sufrimenduaren isla gorenetakoa direna. Gogoan dut aitonaren etxean telebistan zezenketak jartzen zituztela, eta txikia izanik deserosotasuna sentitzen nuela halako ikuskizunekin, baina orduan ezin nuen oraindik ulertu zergatik zehazki.

Zezen-plazara ere joaten ginen lagunok; txikitan, gurasoekin joaten ginen, gaztaroan goizeko parrandari eutsi ahal izateko. Ordurako jada normalizatua nuen aurrean genuen indarkeria egoera hori.

Hori gutxi balitz bezala, asko zezenketen osteko erakusketa makabrora doaz, hildako zezena ikustera, gorpua odolusten eta objektu soil bat balitz bezala hankatik altxatzen. Hazten ari diren txikiei eta nerabeei hori ikuskizuna balitz bezala erakustea indarkeria normalizatzea da, gizakiok animaliak hala tratatzeko eskubidea dugula irakastea. Ez da harritzekoa, beraz, besteen sufrimenduaren aurrean sentiberatasunik ez izatea, beste gizakiengana, orokorrean, eta are gutxiago, animaliengana.

Askok zezenketak ez, baina entzierroak defendatzen dituzte, hain krudelak ez omen direlako. Alabaina, zezenek hirian hesi artean ematen dituzten egunak eta, ondoren, sanferminetan, euren hiltokira izanen den plazara egiten duten ibilbidea estresaz eta sufrimenduz josirik dago. Gizakion dibertimendurako eta gozamenerako egina, artearen izenean.

Hainbeste dira egokiak ez diren tradizioak… Oso argi bereizi ahal dira sanferminen bi aldeak, hau da, jaiek eragin dezaketen poztasuna guztiz kontrajartzen delako zezenek bizi duten torturarekin. Zezenketen aurka egoteko, halaber, ez dituzu nahi eta nahi ez animaliak atsegin behar, justiziaren eta gizatasunaren inguruko afera bat baita.

Norbait gorrotatzeak, esaterako, ez digu inolako eskubiderik ematen inor modu txarrean tratatzeko, eta animaliekin berdin jokatu beharko genukeela uste dut.

Gero eta gehiago gara entzierroaren eta zezenketen aurka azaltzen garen herritarrak. Gaitzespen hori zezen plazan ere islatu da, gainera, ez baita lehen bezainbeste jende bertaratzen jada, sufrimenduan oinarritzen den jarduerarik ez litzatekeelako onartu behar.

Beste urte batez, talde animalistak eta antiespezistak kalera atera dira zezenketarik gabeko sanferminak behar ditugula aldarrikatzeko, eta bihar ere, uztailak 1, Iruñeko Udaletxe plazan bat egitera deitu dute, behin betiko, tradizio krudel hori eten dadila aldarrikatzeko.